Garraioetako beharginek ere txartel bakarra eskatu dute

Hainbat garraiobidetako sindikatuetako ordezkariek txartel bakarraren beharrizana aldarrikatu dute, Bilboko Auzoen Elkarteko Federazioak egindako eskaeraren bide beretik. Sei puntu jasotzen dituen adierazpena adostu dute ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuek, eta Bizkaiko Batzar Nagusiei helarazi diete, “eztabaida pizteko” asmoz. Hala azaldu du Raul Mendez Bilboko Metroan LABek duen ordezkariak. “Sei puntu horiek izan beharko lukete, gure ustez, balizko txartel bakarraren oinarria edo orubea. Hortik aurrera eraiki behar dugu txartel bakar hori”.

Txartela Bizkaitik kanpoko herrialdeetan bateragarri egitetik haratago doa euren asmoa. Hain zuzen, “justizia soziala” oinarri izango duen txartela definitu dute. Garraioetako langile izaera aprobetxatuta saiatu dira definitzen “zein parametro izan behar dituen kalitatezko zerbitzu bat lortzeko”.

“Funtsezkoa da”, haren esanetan, “ibilbide berberak prezio berbera” izan behar duela. “Ezinezkoa da, esaterako, Santurtzitik Bilbora joateko hiru prezio ordaintzea Bizkaibus, metroa edo Renferen trena aukeratuz gero”. Gogora ekarri du Bizkaiko Garraio Partzuergoak zehaztu duela udalerri bakoitza zein gunetan dagoen. Beraz, “hori errespetatzea eskatzen dute beharginek: “Garraiobide guztiek onartuko duten tarifa komun bategaz”.

Bestetik, garraiobide batetik besterako aldaketak egiteko “oztoporik ez jartzeko” aldarrikatu dute. “Ibilbide bat azkarrago egin daiteke bi garraiobide hartuta, baina erabiltzaileek ez dute egiten garestiago ateratzen delako. Ibilbide berberak prezio berbera baldin badu, berdin izan beharko luke zenbat garraiobide hartu”.

Hirugarren parametroak erabiltzaileen errenta hartzen du kontuan. “Tarifak errentaren arabera” zehaztu beharko liratekeela deritzote. “Egun, adinaren arabera ezartzen dira. Adibidez, Deustuko Unibertsitateko 70 urteko katedradun batek, dirutza irabazi arren, 30 zentimo ordaintzen ditu bidaiako. Aldiz, langabezian dagoen pertsona gazte batek tarifa arrunta ordaindu behar du”, kritikatu du Mendezek.

Garraio publikoaren erabilera sustatze aldera, ohiko erabiltzaileak saritzeko proposamena egin dute. “Zenbat eta bidaia gehiago egin, hainbat eta merkeago ordaindu”, defendatu dute.

Berregituraketa horren bitartez garraiobide guztietan “oreka” lortuko dela deritzote beharginek. Mendezek gogora ekarri duenez, “bidaiari gehienak metrora” bideratzen ari dira. “Ezkerraldean, esaterako, Renfe bidaiaririk gabe geratzen ari da, askoz garestiagoa ateratzen delako”. Euren proposamenekaz “garraio sarea askoz justuagoa” izango dela dio. Garraio publikoaren enpresa guztiak koordinatzeko erakunde bakarra eskatu dute, gainera.

Baita Bizkaitik kanporako ere

Txartel bakar hori Bizkaiko mugetatik haratago ere erabili ahal izatea eskatu dute. “Batez ere, mugakide diren herrietan”. Teknologiaz baliatuta, “Euskal Herri osoan txartel bakarragaz bidaiatzea posible izan beharko litzatekeela” uste dute.

Sindikatuek onartu dute euren aldarrikapena “Bilboko Auzoen Elkarteko Federazioak egindako eskaeraren bide beretik doala”. Txartel bakarraren aldeko jarrera denek agertu arren, ados jartzea zail ikusten dute, ordea. “Denek uste dute txartel bakarra beharrezkoa dela, baina eskumako alderdiek ez dute entzun ere egin nahi justizia sozialean oinarritu beharko lukeen gure planteamendua”. Txartel bakarra sortzeko agintariek gizartearen iritzia kontuan izan beharko luketela diote beharginek.