“Ez bada gaixotzen eta ez bada apurtzen, sareak asko irauten du”

Portuko zirrikituak ondo ezagutzen ditu Jose Burgoa Zubikaraik (Ondarroa, 1957). Saregileen elkarteko kidea da, eta arrasteko sareak konpontzen ditu egunik egun. Hori du ofizio gazte-gaztetatik. 15 urtegaz hasi zen lanbidea ikasten, “ordainsaria Santanderren” utzita, dio, irribarrez, esamolde bitxi hori erabilita. “Ez zen ezer kobratzen lehen urtebetean edo bi urtean”. Bera ere horrela egon zen: “Ikasi arte ez zegoen ezer; bi urtean egon nintzen kobratu barik”. Patrikarako zerbait ematen zioten noizean behin, “amari ez emana” esanda. Tartean-tartean, deskargaren bat jausten zen, eta hari zegokion ordainsaria.

Lau hamarkada pasatxotan, enpresa asko aldatu ditu, portua bera ere asko aldatu den isla: “Desagertu egin dira enpresa asko, eta lekuz aldatzen joan gara”. Lagun Talde enpresarako lan egiten du orain. Jose Ramon Artetxe eta Joseba Goikoetxea ditu lankide. Hango bi txalupentzat prestatzen dituzte sareak: Kirrixki eta Marmares. Eskozian egiten du arrantzaldia Marmares-ek, eta Irlanda inguruan Kirrixki-k. Oilarrak, zapoak, zuriak —legatza eta legazkumeak— harrapatzen dituzte batez ere. Hemen bezala, sei eguneko marea egiten dute han arrantzaleek, eta bi hilabete edo bi hilabete eta erdi egoten dira Ondarroara bueltatu barik. “Urrian etortzen dira, eta otsail-martxoan joaten dira berriro”.

Arrantzaldia ondo egiteko, ezinbestekoa da itsasontziko elementu guztiek ondo funtzionatzea. Sareak ezinbestekoak dira. Azken egunetan, Frantziako kostara joateko sareak prestatzen dabil Burgoa. Sare klasikoak ari da konpontzen. “Ni hasi nintzenetik hona ez dira ia aldatu; orain, luzeagoak dira”. 80 metroko sarea ari da josten orratzagaz. Itsasoan hondoratu eta hondoan dagoen arraina jasotzen joaten da sarea. Irlandan erabiltzen dituzten sareak berdinak dira. Aldatzen den gauza bakarra tamaina da: haiek 120 metro luze inguru dira.

Trendunak, babesteko

Hodi antzerakoak dira sareak. Estutzen joaten dira, eta puntan zaku bat edukitzen dute, arraina bertan harrapatuta gera dadin. Frantziako kostan, esate baterako, leiho bat erabiltzen da sarean, “korala” deitutakoa: sare horiek tarte handiagoak dituzte. “Hodian sartzen den arrainak araudiak ezarritakoa baino neurri txikiagoa badu, ihes egiten du, bere lekua bilatzen du alde egiteko”.

Eskozian sare txikiagoak erabiltzen dituzte, baina “trendunak”. Gomazko diskoak dira trenak. Sarea saltoka joaten da itsaso azpian haiei esker, eta leku gaitzetan sartzeko erraztasun handiagoa izaten du. “Sareak zikina edo koxka bat topatzen badu, apurtu egiten da, eta horrek babestu egiten du”. Gainera, era horretako sareek altuera handiagoa hartzen dute, hiru metro eta erdiraino. Era horretan, arrain zuri gehiago har ditzakete.

Sareek, zer esanik ez, arrain tona asko jaso ditzakete. “Behin baino gehiagotan gertatu izan da arraina txalupara igo ezin izatea, atzean etortzen den zakua ezin igota egotea”, gogoratu du. Zailtasunak zailtasun, orain lehen baino errazagoa da azken igoaldia egitea. Lehorrean modura, itsasoan ere erraztu egin da lana, eta, orain, ontzien atzeko aldetik sartzen dute arraina. “Lehengo txalupek hegaletik egiten zuten lana. Aurreko makila oker-oker egin, ontziak ia irauli eta aurreko makila apurtzea gertatu izan da noiz edo noiz”.

Uretako ateak

Sarea uretara bota eta martxan joaten dira arrasteko ontziak. Hiru bat orduan edukitzen dute normalean sarea botata, aurretik zehaztuta daukaten bideari segika. “Normalean, egunean lauzpabost botaldi egiten dira”. Sareek behar besteko zabalera izan dezaten, “uretako ateak” erabiltzen dituzte: txalupa aurretik joaten da, eta ezker-eskuma, ateak, sarea zabalik mantentzeko.

Marearen arabera, sareak gutxiago ala gehiago konpondu behar izaten dira. Batzuetan nahikoa izaten da konpontzea; hondatuago daudenean, oihalak —sare zati berriak— gehitu behar izaten dizkiete, txaplatak balira bezala.

Baina sare bakoitzaren iraupena neurtzerik ez dago. Pertsonen modukoak dira, Burgoaren iritziz. “Ez bada gaixotzen, eta ez bada apurtzen, asko irauten du”. Sarritan, burloia —sarea hondoan mantentzeko soka lodia— ugerrak jaten du, eta, txalupak tenk egiten duenean, apurtu egiten da. Soka osoa aldatzea izaten da ohikoena. “Hurrengo marean egoera berean zaude bestela”.

Hurrengoak ez, aurrekoak gogoratuta, asko aldatu da euren lana, onera aldatu ere. Aterpe barik lan egiten zuten lehen. “Euripean egoten ginen, zizko arropekin, tingloi gainean eta”. Kanpoan konpontzen zituzten sareak, haize boladak, euria edo eguzkia egin. “Orduan txarto pasatzen zen. Lan gutxi egiten zen, eskuak izoztuta edukitzen genituen eta”. Dioenez, ezin da esan bere ofizioa orain “pagotxa” denik, baina lehengo aldean asko hobetu dira baldintzak: “Lana ez da hain fisikoa, eta lonja ondo prestatuta daukagu, mekanizatuta”.