“Tximista ahalik eta azkarren ontzitik atera dadin saiatu behar da”

Tximistetatik babestu eta saio horretan ez hondoratu. Izenburu bitxi hori ipini dio Angel Rodriguez Montesek (Lariege, Frantzia, 1959) Bilboko Itsasadarreko Itsas Museoan egin duen berbaldiari. Ekaitz elektrikoen arriskuaz egin du berba, aditu gisa. Izan ere, itsasoko instalazioen eta itsasontzien babes elektrikorako ikerlaria eta aditua da. Modu berezian hartu zuen ofizio hori: “Etxera tximista bat nire bila iritsi zenean izan zen”, azaldu du. 1990ean gertatu zen; kostaldean bizi ziren garai hartan. “Bat-batean, bazirudien Messi zegoela gure etxean eta inguruan dozenaka kazetari argazkiak ateratzen ari zirela, flash guztiak piztuta”. Ohean harrapatu zituen senar-emazteak ekaitz hark. “Jaiki eta oinak lurrean jartzera zihoala, emazteari heldu egin nion, eta ez nion utzi”, gogorarazi du Rodriguezek gau hura.

Kalte ugari egin zituen ekaitz hark, bai eurenean, bai inguruko bizilagunen etxeetan. Tximistaren ezaugarriak ikertzeari ekin zion orduan. Bere burua babesteko behar hori sentitu zuen, baita gau hartan gertatutakoa ulertzeko ere.

Bere ogibideak bazuen, gainera, loturarik geroago pasio bilakatu den jarduera berri haregaz. Hain zuzen ere, garai hartan elektrizitate kontuak lantzen zituen ontziola batean, itsasontzietan. Angel Rodriguezek argi dauka fenomeno horiekiko interesa aspaldikoa duela; betidanik interesatu zaizkio ekaitz elektrikoegaz eta itsasoagaz lotutako gaiak.

Hark dioenez, askok ez daki oso ohikoa dela itsasoan tximistak egotea. “Ontzietan tximistak erori ohi dira, bai”, argitu du adituak. “Deskargaren intentsitatearen arabera, ondorioak arinak edo arriskutsuak” izan daitezkeela zehaztu du, gainera.

“Nabigatzaile asko ez da arrisku horretaz jabetzen”. Garrantzitsuena eguraldi iragarpenei kasu egitea eta eta horiei aurre egiteko neurriak direla deritzo. “Eta itsasoan zaudela ekaitz batekin topo eginez gero, zelan jardun jakin behar da”. Izan ere, “hutsune handia dago” , araudiari begiratuz gero.

Ontzi batean zein bestean joan, gainera, kalteak desberdinak izango dira. “Ez da berdina tximista batek txalupa bat edo petroliontzi bat jotzea. Ontzi handi batean, pertsonaren bizitza ez da arriskuan egongo. Hala ere, komunikazio sistemak zapuztu diezaizkioke. Gerraontzi batean horrelakorik gertatuz gero, gerra galaraz liezaioke”. Inkomunikatuta uzteko arriskua sortzen du itsasontzi handietan.

Horrelakoak eragozteko modu asko daude. “Gakoa hau da: saiatzea tximista ahalik eta azkarren atera dadin ontzitik uretara, tentsio altuko eremuak sortu aurretik”. Rodriguezen arabera, Euskal Herrian indar handiko tximistak identifikatu dira. Dena den, ezer baino lehen, ekaitza bera da saihesten saiatu beharrekoa. Aurrez aurre aurkituz gero, une horretako erabakiak ere garrantzi handia dauka: “Ekaitza ezkerretara edo eskumara doala ikusiz gero, ontzian doanak kontrako alderantz egin behar du. Aurrez aurre izanik gureganantz badator, ordea, ez da atzera egin behar, gurutzatu baizik. Ostean bai, bere atzetik joan daiteke. Busti egingo zara, bai, baina, euri azpian ez da tximistarik eroriko, beraz, salbu joango zara”.

Ekaitzaren barruan sartuta, “itsasontzia mugimenduan egongo denez, masta ere hala ariko da. Beraz, tximistak ez du deskargatzeko puntua aurkituko eta zailago egingo zaio bertan jotzea. Baliteke txinpartak sortzea, baina ez da barrura sartuko”.

Zenbait trikimailu

Era horretako uneetan garrantzitsua da segurtasuna bermatzeko baliagarriak izan daitezkeen aparatuak zaintzea. “Arazorik sortuz gero, ekaitzaren ondorioz non eta zein egoeratan dagoen abisatzeko, sakelakoa ez hondatzen saiatu behar du egoera horretan dagoenak. Horretarako, metalezko gaileta kutxa batean edo ogitartekoa biltzeko aluminiozko paperaren barruan sartzea komeni da”. Tximistak sor ditzakeen efektu magnetikoetatik babesteko modu bat da hori. Egin ezean, abisua emateko tresnarik barik geratzeko arriskua du ontzian doanak.

Dena den, egokiena prebentzioa dela ekarri du gogora. “Ekaitza badago, ez da itsasora atera behar”. Aitortu du, baina, oso ikusgarria dela ekaitz bat itsasoan ikustea; polita eta liluragarria. “Gauza asko hondatu bai, baina irudi ederrak ere sortzen ditu: tximista uretan sartu eta lurrera iristen denean, fulgurita izeneko mineral bitxia sortzen du sarri. Zintzilikarioak eta antzekoak egiten dira horrekin”.

Kontzientziaren premia

Mundu zabaleko ontzi eta instalazioetan esku hartu du Rodriguezek: “Ekuadorko armadaren ontzietan zein NATOren instalazioetan ibili naiz beharrean, besteak beste”. Euskal Herrian, eta Bizkaian, Itelazpi Zamudioko telekomunikazio enpresarekin egiten du behar.

Itsas Museoko hitzaldiaren ondoren, Euskal Herrian halako saio gehiago egiteko gonbidapena jaso du. “Kezka eta ezagutza gura badago. Itsasora atera, eta, denborale izugarri batekin topo eginez gero, ez dakizu zein jarrera hartuko duzun. Eta erabaki bat edo beste hartzeak heriotzetik salba zaitzake”.