Txakolingunearen irekiera mikaztua

Bakioko EH Bilduko zinegotziek ez dute parte hartu museoaren inaugurazio ekitaldian, honako hau arguditatuta: “Azken hilabeteetako irregulartasunak salatzeaz gain, alkateari gertatutakoa argitzeko eskatu diogu. Baina EAJk beste aldera begiratu du”. Langileei ordaindu ez izana ere gaitzetsi dute. Baina ez dira bakarrak izan. Joan den asteazkenean Txakolingunearen irekiera ekitaldian hainbat txakolin ekoizlek gutun bat irakurri zuten, Doniene Gorrondona Txakolinak, Zabala Txakolinak eta Ados Txakolinak sinatuta, arduradunekiko desadostasuna agertuz: “Bakioko txakolina historia da, kultura, eta batzuontzat, ogibidea, baina hori ez da kontuan hartu”. Inaugurazio ekitalditik kanpo hainbat herritarrek ere txistuka hartu zituzten agintariak, Kiroldegi publikoa txakolindegien truke leloa erakusten zuten bitartean. Elena Pereak eta Elena Castañok Txakolingunearen erakusketarako egin dituzten piezengatik ere kobratu ez dutela-eta bidali zioten alkateari gutuna, eta salatu dute “jabego intelektualaren eskubidea urratu” dutela. Lanak handik kentzeko eskatu diote alkateari.