“Interes ekonomikoen mozorropean urratu dituzte herritarren eskubideak”

Sopuertan Lehen Hezkuntza eredu publikoan jasotzeko eskubidearen aldeko lanean ari da Txuma Murugarren. Musikaria eta Sopuertako Guraso Elkarteko kidea da. Argi du hezkuntza publikoa jasotzea eskubide bat dela eta hori lortu arte lanean jarraituko dutela.

Zazpi haur matrikulatu dituzue Lehen Hezkuntzan, halakorik eskaintzen ez duen zentro batean. Jaurlaritzaren erantzunik jaso duzue?

Administrazioak ez digu inolako erantzunik eman oraindik. Zazpi haur daude La Baluga haur eskola publikoan matrikulatuta Lehen Hezkuntza jasotzeko, eta oraindik ez dakigu onartuta dauden edo ez. Matrikulatutako haur horien gurasook gutun bana bidali dugu Eusko Jaurlaritzara, egoeraren berri emateko. Eta arartekoari ere bidali diogu, gure aldarrikapenen berri izan dezan.

Hainbat eragilerekin bilerak egiten hasiko zinetela iragarri zenuten. Zer erantzun jaso duzue?

Alderdi politiko eta sindikatuekin ari gara bilera sortak egiten. Oraingoz, oso erantzun onak jaso ditugu. Bat egiten dute guk eskatzen dugunarekin.

Eta gotzaintzarekin bildu zarete?

Bilera bat eskatu genien, bai, eta beren hezkuntza arduradunarekin biltzeko erantzun ziguten. Gure ustez, denbora irabazi nahian dabiltza. Azken finean, interes ekonomikoa dago gatazka honen atzean, eta interes ekonomiko horren mozorropean ari dira herritarren eskubideak urratzen. Baina hori ez dute ozen adierazi nahi. Dena den, gu bilerara joango gara, gure jarrera argi uztera.

Herrian giro nahasia dago oraindik?

Herrian dagoen giroa ez da baretu. Eta uste dugu gotzaintza bera bazterrak nahasten aritu dela: lau katu garela esaten eta herritarrei beldurra sartzen. Horrek, ondorioz, herriko giroa asko gaiztotu du, eta jendeak nahiago du isilik geratu.

Eta, zuen ustez, eskaintza egongo balitz, herritarrek eredu publikora joko lukete?

Horren uste osoa dugu. Administrazioak aukera hori emango balu, ziur gaude gehiengo handi batek egingo lukeela Lehen Hezkuntza publikoaren hautuaren alde. Askok bakarrik gaudenean aitortzen digute oso ondo gabiltzala, eta La Baluga haur eskolan haurrak dituztenak ere oso interesatuta daude. Are gehiago, gure aurka egiten dutenek ere gauza bera diote. Pro educacion taldekoek esaten dute eskola publikoa jarriz gero gehienek hara joko dutela. Eta elizbarrutiko eskola desagertuko den beldurra zabaltzen ari dira herrian.

Aurrera begira, zer asmo duzue?

Alderdi eta eragileen babesa lortzen gabiltza orain. Hori ziurtatu nahi dugu, parlamentuko Hezkuntza Batzordera joateko. Sostenguarekin joan nahi dugu, gure arazoa aurkeztera eta presio egitera. Lanean jarraituko dugu; hori argi dugu. Ez gara geldituko helburua lortu arte. Egin beharreko guztia egingo dugu, gure eskubide hori bermatzen den arte.