Erraza entzuten, baina zaila ikusten

Kukuek hau esan’ban: ‘Andra Marije/martikutik zortzi egunera ez ba’zue/nire kantue entzuten, egikezuez nire/ondra ta olatak'”. Labayru ikastegiak argitaratutako Domingo Zuluagaren Ibarrangelu kontu eta kantu liburuan jasotako kopla da. Datorren martitzenean gogoratuko da Andra Mari martiko, Natibitate egunerako bederatzi hilabete faltako diren egunean. Kukuaren kantua izaten da atzo arratsaldean hasi zen udaberriaren etorreraren adierazle zolienetakoa. Gutxi gorabehera, urtaro osoa igarotzen du ia isildu gabe: “Kukuak Andra Mari martikoz kuku, San Pedroz mutu”. Ekainaren 29an ospatzen da apostoluaren jaia.

Cuculidae familiako hegazti espeziea da kukua. 32 zentimetro inguru izaten da luze. Gorputzaren gaineko aldea eta paparra gris urdinxka kolorekoak edukitzen ditu; azpikoa, aldiz, zurixka eta zerrenda ilunekaz. Izaeraz, bizia eta izutu erraza da. Erraza da entzuten, baina zaila ikusten. Irailetik martxora Afrikan ibili ohi da. Eguzkia eta tenperatura epelak lagun, arrautzak errutera etortzen da inguru hauetara.

Batzuetan, zenbait egunez aurreratu egiten du itzulera. Eta baserritarren artean lehia sortzen da, zeinek lehenago entzun haren kantua. Ez dute esku-hutsik itxaroten, gainera. Usadioaren arabera, estreinakoz entzutean poltsikoan dirua edukiz gero, urte osoan ere beteta edukiko ei du. Ez daukana, ordea, gerora ere pobre. Lehen aldi horretan oinetakoen azpian pilatutako lurra etxera eroanda, zimitz guztiak hiltzen direla ere badio beste sineskera batek.

Heriotzaren eta bizitzaren iragarlea omen da. Makalik ibili denak esperantzaz hartzen du kukuaren soinua, negua eta sasoi gaitzak igaro diren seinale delako udaberri hasiera. Urtaro osoan behin ere entzun ez duena, ostera, urte hori bukatu aurretik hilko dela pentsatzen zuten garai bateko euskaldunek.

Bizkaitarrek beste herrialde bati erdeinuzko ezizena jartzeko ere erabili izan dute: Kantabria kukuherri deitzen du hainbatek. Eta hango herritarrak kukuak dira. Zergatik? Ondorengoak edukitzeko moduan dago azalpena.

Hegazti “alferra eta lotsarik bakoa” dela esan ohi da. Bere habia egin ordez, beste txori txikiagoenetan jartzen ditu arrautzak. Bestearenak habiatik kanpora bota ondoren, bereak ipintzen ditu. Kolorez eta tamainaz, hautatzen dituen espezieetakoen antzekoak dira kukuarenak. Bereziki, kaskabeltz eta txantxangorriak ditu gogoko. Hegazti txiki horiek, bada, eurenak balira bezala elikatzek dituzte kuku txitoak.

Seme-alaben eskubide bila

Foruen sasoian, bizkaitarrek bazuten Gaztelako errege-erreginen menpeko gainontzeko lurraldeek ez zeukaten eskubide bat. Eta, euren seme-alabek ere izan zezaten, Kantabriako andreak Bizkaira etortzen ziren erditzera. Uste hori dago, behintzat, nahiz eta ez dagoen horren inguruko ikerketarik eginda.

Aiaran (Araba) bada harrizko gurutze bat, 1730ean Malato izeneko zuhaitzaren omenez eraikia. Bizkaiko lehenengo agintari Jaun Zuriaren elezaharragaz dauka lotura. Padurako guduaren ostean, haren tropek leku horretara arte jarraitu omen zituzten bizirik atera ziren Leongo soldaduak. Horrela dio Garcia Salazarren kondairak, behintzat.

1526ko Bizkaiko Jaurerriko foru berriaren lehen tituluko bosgarren legearen arabera, zaldun, ezkutari eta kapareek, Bizkaiko jaun edo andreari soldatarik kobratu gabe, Malato arbolara arte lagundu behar zioten, hura gerrara zihoanean. Muga hori gaindituz gero, ordea, bi hilabeteko soldata ordaindu behar zieten. Zenbat eta urrunago, ordainsaria handiagoa zen. Horregatik, behin ere ez zuten bizkaitarrik eroan herrialdetik kanpo borrokatzera. Ondorioz, Kantabriakoen seme bizkaitarrik ere ez zen joan.

Edozelan ere, kumeak inork hazteko asmo hori beti ez zaio ondo atera izan kukuari. Juan Manuel Etxebarria zeberioztarrak Gorbeia inguruko etno-ipuin eta esaundak (Labayru, 1995) lanean jasotzen duen kopla zaharraren arabera, behin, Bilboko Campo Volantin pasealekuko haritz batean zegoen amilotxaren habia aukeratu zuen. Jaio ziren, bada, txitoak, eta konturatu zen haietako batzuk ez zirela bereak. Haserretu eta kuku kumeak jan egin omen zituen: “Campo de Volantingo/aretx harro batean/kukuak egin dituz/hamar ume aurten./Kukuak egin eta/txamilotxeak jan/ha bere, kukuentzako/ze zoritxarra zan”.