Arrano batek ilusioa sortu du Loiuko zahar egoitza bateko pazienteengan

Kasualitatez iritsi zen El Duque izena ipini dioten arranoa Loiuko adinekoen egoitzakoen bizitzetara. Hango behargin batek erakustaldia egin zuen animazio ekitaldien barruan. Egoiliarren erantzunak ezustean harrapatu zituen egoitzako beharginak zein egoiliarren senideak: “Oso onuragarria izan zen”, ekarri du gogora Mari Sol Cuceirok, egoitzako zuzendariak. Gaixoetako batzuek ukitu ere egin zutela ekarri du gogora. Alzheimerra dutenen jarrera deigarria egin zitzaien.

2011ko udan egin zuten lehenengo esperientzia. Arduradunek arranoagaz egindako saio hura hilean behin errepikatzea erabaki zuten. Terapia saio horietan, egoiliarrek eskuan ematen diote jaten hegaztiari, eskularru bategaz babestuta.

Batzuen eta besteen jarrera ezberdina izaten da. Berba egiteko gaitasuna galdu ez dutenek animaliagaz bizitako esperientziak kontatzen dituzte. Berba egin ezin dutenek, bestalde, hegaztiagaz hartu-emana dute.