Martxo betea foru museoetan

Martxoak jarduera ugari ekarriko du Bizkaiko museoetara. Hala iragarri du Bizkaiko Foru Aldundiak, museoetako hil horretarako programazioa aurkeztu duenean.

1. Arkeologi Museoa

Arkeologi Museoak bisita gidatuak antolatu ditu Sakonako erromatar garai berantiarreko altxorra (Errigoiti) programaren barruan. Txanpon bereziak erakutsiko dituzte. Txanponok arkeologia indusketetan hartutakoak zein museoak gordailuetan dituenak dira. Sakonako altxorra izeneko erakusketa 1.700 urte baino gehiago dituzten ehundik gora txanponek osatzen dute. Hain zuzen, Kristo ondorengo III. mendeko azken herenetik IV. mendeko lehenengo hamarkadetara bitartekoak dira.

Bisitak zapatuetan eta domeketan egin daitezke. Zapatuetan bi aukera daude: 13:15ean eta 18:15ean; domeketan, berriz, 13:15ean hasiko dira. Maiatzaren 5era arte dago bisitok egiteko aukera. Horretarako, baina, beharrezkoa da lekua hartzea 94-404 09 90 telefono zenbakira deituta edo helbide elektroniko honetara idatzita: arkeologimuseoa@bizkaia.net.

Mallonako eskaileretan dagoen museoan jarduera gehiago ere izango dira: hain zuzen, Arkeotxotxongiloak familia arteko tailerrak prestatu dituzte. Parte hartzen dutenek txotxongiloak sortzeko aukera izango dute; baita Neolito garaian girotutako ipuin bat antzezteko ere. Helburua sasoi hartako eguneroko bizimodua ezagutaraztea da.

Datorren domekan egongo da tailer horretan parte hartzeko aukera. Hurrengoak hilaren 16an, 20an eta 30ean izango dira. Egun horietan guztietan, 11:30etik 13:00era artean egingo dituzte. Horietan parte hartzeko ere, beharrezkoa da aurretik izena ematea. Bisita gidatuetarako aurreikusitako bide berberak erabil daitezke: telefonoa eta helbide elektronikoa.

2. Euskal Herria museoa

Gernika-Lumoko Euskal Herria museoak Udaberriko larunbatak. Museora familiarekin izeneko tailerrak emango ditu martxotik ekainera bitartean. Koloretako artelanak, piratak eta altxorrak eta Euskal dantzak izeneko tailerrak izango dira, besteak beste. Horrez gain, Emakumea eta euskal pilota aldi baterako erakusketa bisitatzeko aukera ere badago, apirilaren 20ra arte.

Jarduerotan parte hartzea doan bada ere, aurretiaz izena eman behar dela jakinarazi du foru aldundiak: 94-625 54 51 telefono zenbakira deituta edo euskalherriamuseoa@bizkaia.net helbide elektronikora idatzita.

3. Rekalde aretoa

Rekalde aretoan, martxoaren 20an hasi eta 23ra bitartean, Arte Argitalpenen II. Jaialdia egingo dute. Arte argitalpenen inguruko topaketak eta hitzaldiak egingo dituzte bertan.

4. Santimamiñe

Santimamiñeko kobazuloaren inguruak eta barrualdea bisita birtual bidez ezagutzeko aukera ere egongo da martxoan. Basondoko Santimami baselizaren ondoko kioskoan hasiko dute ibilbidea (Kortezubi). Kobazulora bidean, artadi kantauriarra eta bertako landareak eta animaliak aurkituko ditu bisitariak parez pare.

Gero, haitzulorako sarrerako korridorera iritsita, duela urte batzuk aztarnategiari buruz berriz abiatutako ikerketa lanen eta haiei esker lortutako ondorioen berri jaso ahal izango dute. Santimami baselizara itzulita, kobazuloaren hiru dimentsioko erreplika birtual bati esker, haitzuloaren barnealdea ezagutu ahal izango dute; haren eraketa eta morfologia ulertu eta koba horren ospetsu bihurrarazi zuten historiaurreko pinturak ikusi ahal izango dituzte.

Bisitok ordu eta erdiko iraupena dute. Betiere gidari baten laguntzarekin egiten dira, eta 10:00etan, 11:00etan, 12:00etan eta 13:00ean egin daitezke.

5. Pobaleko burdinola

Muskizko Pobaleko burdinolak lehenengo aldiz gogoratuko du Uraren Nazioarteko Eguna, martxoaren 22an, zapatuz. Horretarako, Tresna hidraulikoak industriaren zerbitzuan izeneko jarduera prestatu dute, Busturiko Madariaga Dorretxearekin batera.

Bisita gidatu “berezi” bat antolatu dute. Energia hidraulikoa hainbat lanetarako erabiltzeak sortu zuen iraultza teknologikoa izango da jardueron ardatza. Beraz, Pobalen ikus daitezkeen bi industria tradizional nabarmenduko dituzte, batez ere: burdingintza eta errotak. Bi ordu iraungo du ibilbideak, eta ohiko bisitetan ikusten ez diren leku eta instalazio batzuk erakutsiko dituzte. 10:30ean hasiko dute bisita. Hiru euro ordaindu behar dituzte helduek, eta 12 urtetik beherakoentzat doakoa izango da. Lekua hartzeko, 629 27 15 16 telefonora deitu edo info@elpobal.com helbidera idatzi behar da.

6. Ondare aretoa

Argazki lehiaketa antolatu dute Bilboko Ondare aretoan. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek parte hartu ahal izango dute. Hilaren 25a baino lehen aurkeztu behar dira lanak; gaia natura izango da.