“Kale arteak gaur egun duen originaltasuna ikaragarria da”

Nazioarteko kale antzerki jaialdi bat antolatzen lehenengoak izan ziren Lekeition, eta 25 urte igarotakoan branka horretan jarraitzen dute. Gauza berritzaileak eta proposamen estetiko ezberdinak sortzen eta bilatzen jarraitzen dutela dio Imanol Agirre jaialdiko zuzendari artistikoak, “hasierako ilusio berberarekin”.

Zelakoak izan ziren Lekeitioko kale antzerki jaialdiaren hasierak?

Hasi ginenean ez zegoen horrelako jaialdirik, eta kale antzerkia nahiko mespretxatuta eta baztertuta zegoen. Asmo horrekin sortu genuen jaialdia: kale antzerkiari duintasuna emateko. Orain, kaleko artea esaten zaio. Bide guztia zabaldu genuen. Kale antzerkia jaietan egiten zen, prestatu barik, modu apal batean, eta guk duintasuna eta leku zabal bat eskaini diogu. 25 urte horietan bide beretik jarraitu dugu. Alde batetik, Euskal Herriko antzerkiari plaza eskaini diogu. Eta tarte honetan sortu diren euskal taldeek Lekeition izan dute babesa. Bestetik, nazioarteko jaialdi izan gara; beraz, gure asmoa beti izan da munduan mugitzen ziren gauzarik berezienak eta ederrenak ekartzea. Bost kontinenteetako konpainiak egon dira Lekeition 25 urte hauetan. Bai Asia, bai Amerika, bai Europa, bai Afrika, bai eta Ozeaniako bat ere, Balitik etorritakoa.

Ikuskizunetan ere antzeman duzu garapena?

Kale arteak gaur egun duen sormena eta originaltasuna ikaragarriak dira. Hasieran hankapalu batzuk baino ez ziren. Orain, berriz, kale arteetan denetarik ikusten dugu: proiekzioak, dantza bertikala, piroteknia. Asko aldatu da. Originaltasuna eta sormen maila altuak dira gaur egun. Gainera, gero eta hibridoagoak dira ikuskizunak. Hau da, arte esparru ezberdinak biltzen dira ikuskizunetan. Ez da bakarrik antzerkia egitea. Antzerkiarekin lotzen dira musika, ikus-entzunezko proiekzioak, piroteknia eta dantza. Horri guzti horri plaza ematen gabiltza.

Ikuskizunak ekartzeagaz gainera, ekoiztu ere egin duzue.

Jaialdia ez da izan bakarrik erakusleiho bat, sormen portu bat ere izan da. Hau da, sortu behar genuela ikusten genuen, eta 25 urte hauetan zortzi produkzio propio egin ditugu. Aurten, gainera, beste hiru datoz. Beraz 25. urtemuga 11 produkzio propiorekin amaituko da. Ekoizpen batzuk jaialdian besterik ezin izan ditugu ikusi, eta beste batzuk jaialdian sortu dira, eta munduari buelta eman diote.

Emanaldiak herri osora zabaldu dituzue.

Lekeition ditugun baliabideak leku gutxitan daude. Badugu itsasoa, badugu hondartza, badaukagu portu bat, badaukagu plaza eta badaude kale estu eta politak kalejirak egiteko. Lekeitiok eskaintzen duen agertokia paregabea da kaleko arteak plazaratzeko.

Lekeitioko jaialdia adin guztietako ikusleentzat izan da beti.

Kale antzerkia publiko guztientzat da, familia osoak disfrutatzen du, eta, gainera, demokratikoa da. Ikustera joan zaitezke, eta, ez bazaizu gustatzen, irten. Hori da bere ezaugarria. Guk zorte handia izan dugu, 25 urte hauetan programatu ditugun emanaldi guztietan publikoak errespetu handiagaz jokatu eta gozatu duelako. Jakina, 25 urteren buruan Lekeition biltzen den publikoa oso jantzia da, ondo kontrolatzen du kale antzerkiaren kodea,eta errespetu handiz tratatzen du. Asteburu hori guztiz magikoa izaten da Lekeition, jende asko etortzen da kanpotik, eta lekeitiar guztiak kalera ateratzen dira.