Hiru ekoizpen berri kale antzerkiaren 25. urtemugan

Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiak 25 urte beteko ditu aurten. Hori dela eta, zerbait berezia egin nahi izan dute urtemuga ospatzeko. Bide horretatik, hiru ekoizpen plazaratuko ditu jaialdiak. Joan den astean, Frantziako Les Commandos Percu eta Euskal Herriko Deabru Beltzak konpainiek beraien talentua eta lana batuta sortu dute Danbor talka/Le Choc Des Tambours lana, eta horren zati bat erakutsi zuten Bilboko inauterietan. Aste honetan berriz, jaialdirako sortu duten bigarren ekoizpena aurkeztuko dute Gernikako Lekuek jaialdiaren barruan: Gure musikariak aupa Mauricia.

25. urteurrenaren harira, orain dela urte eta erdi, Libourneko (Frantzia) jaialdiagaz hartu-emanetan jarri zen Lekeitioko jaialdia, produkzio berezi bat egiteko asmoz. Lekeition bildu ziren antolatzaile biak, eta elkarlanerako oinarria jarri zuten, Les Commandos Percu eta Deabru Beltzak konpainiei gonbita eginez. Jaialdiak finantzaketaz eta azpiegiturez arduratu dira; konpainiak, berriz, alde artistikoaz. Akitania-Euskadi Funtsa eta Etxepare Institutua ere sartu dira bidaia sortzaile horretan, laguntzak emanez. Sormen lana, bestalde, hainbat tokitan egin dute. Bresten entseatzen aritu dira; ondoren, Bilbon; gero, Libournera joango dira; eta, bukatzeko, Lekeition egingo dute azken entsegua. Uztailaren 11n estreinatuko dute Danbor talka/Le Choc Des Tambours ikuskizuna, Lekeition; uztailaren 12an berriro egingo dute, eta, hortik aurrera, mundu osoan ibiliko dira: Txekiar Errepublikara, Ingalaterrara eta Frantziara joango dira, besteak beste. Libournen abuztuan arituko dira.

Bi elementu ditu protagonista ikuskizunak: erritmoa edo perkusioa, batetik, eta sua edo piroteknia, bestetik. Denera hogei partaide egongo dira kalean, eta, perkusioagaz lagundutako kalejira egin ostean, su eta perkusio festa egingo dute taula gainean.

Txotxongilo erraldoiak

Hiru txotxongilo erraldoi eta musikari batzuek kalejira egingo dute domeka honetan, 12:30ean, Gernika-Lumoko kaleetan zehar. Gure musikari handiak aupa Mauricia ekoizpenean, Oreka Tx musika taldea, Kukubiltxo antzerki taldea eta Lekeitioko jaialdia ari dira lanean. Hiruren artean sortu dute proiektua. Azaroan, tailer bat jarri zuten abian, Arratian, hiru txotxongilo erraldoi egiteko, eta, astebetera, Les Grandes Personnes taldea ekarri zuten Frantziatik, eta produkzioaren ibilbideari hasiera eman.

Gernika-Lumoko erakustaldiaren ondoren, beste tailer bat antolatuko dute, falta diren beste txotxongilo erraldoi biak egiteko. Estreinaldia uztailaren 13an izango da, Lekeition. Bost txotxongilo erraldoik, bost musikari historikok eta Gipuzkoako bi txalapartarik kalejira itzela egingo dute erromeria ikaragarri batean amaitzeko. Euskal Herriko herri musika izango da nagusi.

Hondartzan

Hirugarren produkzioa Dantzaz konpainiari proposatu zion Lekeitioko jaialdiak. Orain dela bi urte Sarritsasoa egin zuten, Sarrionaindiaren poesia kantatuak, hondartza eta dantza garaikidea uztartuta. Orain, bide beretik joko dute, eta Mikel Laboaren kantekin hondartzan egiteko ikuskizun bat sortuko dute. Beraz, Itsaslaboa izango da Lekeitiok aurkeztuko duen hirugarren produkzioa. Abian da, entseatzen ari dira, gidoi bat eginda dago, eta uztailaren 11n estreinatuko da, Lekeitioko hondartzan.

Hiru ikuskizun horiek dira Lekeitioko jaialdiaren oinarriak; hala ere, beste hainbat konpainia ere gonbidatu dituzte.