Enkarterri, presidentea aldatu ezinik

Ez dago argi nor den Enkarterriko Udalen Mankomunitateko presidentea. Gehiengoa du EAJk, eta aurrerantzean presidentea lanaldi erdiz liberatzea erabaki zuen 2013 bukaeran. Zallako zinegotzi Esther Lasa proposatu du postu horretarako; orain arte karguan egon den Ruben Edesa Karrantzako zinegotzia, berriz, lehen presidenteorde berria. Zallako alkate Jose Manuel Coteroni eman diote bigarren presidenteordetza. Abenduaren 17an egin zuten lehen bilkura. Gerora beste bi egin dira. Eta badirudi beste bat ere egin beharko dela. Izan ere, oposizioak inpugnatu egin ditu lehen bi bilkurak. Eta hurrengoarekin beste horrenbeste egingo du: Karrantza Zabala, Zalla Bai eta Bilduko ordezkariek alde egin zuten martxoaren 4ko bilkuratik. Orduan izendatu zuten Lasa mankomunitatearen buru, eta lan horretan dabil. Baina oposizioak ez dio, oraingoz, zilegitasunik aitortzen.

“Behin eta berriz forma akatsak egin dituzte”, salatu du Rafa Arriola Karrantzako zinegotzi eta Karrantza Zabalako kideak. Abenduaren 17an ohiko osoko bilkura izan zuten. Presidenteak dimisioa eman zuen, eta berria aukeratzeari ekin zioten. “Unean bertan ohartarazi genuen egiten ari zirena ez zela legezkoa. Mankomunitatearen estatutuak oso argiak dira. Batetik presidentea aukeratzeko bozketa sekretua izan behar dela dio. Eta bilkura hartan eskua jasota egin zen. Bestetik, presidente berria ezin daiteke aukeratu zaharrak dimititzen duen bilkura berberean. Hamar eguneko epearen barruan ezohiko beste bilkura bat egin behar da, berria aukeratu eta izendatzeko”.

Jeltzaleek osatutako zuzendaritzak onartu zuen oposizioak egindako salaketa. Hori horrela, beste bilkura bat deitu zuten otsailaren 25erako, bigarrena. Eta harako hartan, berriz eman zuen dimisioa Edesak. “Zortzi egunera, beste ezohiko bilkura bat egin genuen. Joan den astean izan zen: martxoaren 4an. Bilkura horretan presidente berria aukeratu behar genuen”. Baina, berriz ere, “akatsa”. Deialdia oraindik izendatu gabe dagoen presidente berriak egin zuen; hark sinatzen zuen agiria. “Berriz jakinarazi genien forma huts egitea zegoela, beste behin. Deialdia bertan behera uzteko eskatu genien. Baina gehiengo osoa dutenez, ez ziguten kasurik egin. Horregatik, bilkuratik alde egitea erabaki genuen”, ekarri du gogora. Karrantza Zabala, Zalla Bai eta Bilduko ordezkariak joan egin ziren. Jeltzaleek aurrera jarraitu zuten eta Esther Lasa izendatu zuten presidente berri.

Gehiegizko kostua

“Egoerarekin nazkatuta gaude dagoeneko. Formak zaintzen ez badira, bilkura horrek ez dauka inolako baliorik. Ez da legezkoa. Horregatik, beste errekurtso bat aurkeztuko dugu”. Arriolaren esanetan, hilabeteko epea daukate horretarako. Hau da, datorren apirilaren 4ra bitartean. Erakunde publikoek, “beste inork baino gehiago”, legeak ezarritako pausoak “behar den bezala” bete behar dituztela azpimarratu du Arriolak: “Eredugarri izan behar dugu legea betetzen”.

Horrela, bada, “alferrik” egin diren bilkurak pilatzen ari zaizkie mankomunitatean. Horietako bakoitzak 1.600 euroko kostua duela azaldu du Javi Portillo Zallako alkate eta Zalla Bai plataformako kideak. Kideei dietetan osotara ordaintzen zaien zenbatekoa da hori. Horregatik erabaki zuten azken bilkuratik alde egitea. “Modu horretan ez digute ordainduko dietarik. Eta jeltzaleei eskatzen diegu eurek ere uko egin diezaiotela kobratzeari, euren hanka sartzeengatik ari garelako bilkurak egin eta bilkurak egin”. Era berean, azken bilkura balio gabe geratzeko eskaera onartu eta Lasa berriz izendatzeko berri bat egingo balitz, Portillok iragarri du eurak ez direla joango, ez dutelako kobratu gura.

Zallako alkateak salaketa larriagoa ere egin du. “Prozesua errespetatu barik, zuzenean izendatu zuten presidente berria. Eta ordutik liberatuta dago. Hau da, karguagatik kobratzen ari da. Gaur egun Enkarterriko Udalen Mankomunitateak aurrekontuak luzatuta ditu; hau da, iazkoekin jarraitzen dugu. Iazko kontuetan ez zegoen presidentearen soldatarako dirurik aurreikusita. Beraz, nondik ordaintzen diote? Hori delitua da: ondasun publikoak bidegabe erabiltzea esaten zaio”. Horregatik, abokatuarekin berba egin ostean, errekurtsoa jartzea erabaki dute. Portilloren esanetan, abenduan egindako lehen bilkura hartan izendatu zutenetik presidente moduan sinatzen ditu agiri ofizial guztiak. Bizkaiko Hitza Lasarekin hitz egiten saiatu da, baina ez du lortu.

Arriolak eta Portillok badakite Lasa izango dela Enkarterriko Udalen Mankomunitateko presidente berria, EAJk gehiengoa duelako. Baina izendapena “ganoraz” egitea gura dute. Era berean, ez dute txarto ikusten liberatzea. Baina ez egungo baldintzetan. Arriola: “EAJk edukiz hustu du mankomunitatea. Geroz eta zerbitzu gutxiago eskaintzen ditu. Orain, gizarte zerbitzuak, euskara eta zabor bilketa baino ez. Horretarako ez da presidente liberaturik behar. Onartuko genuke erabaki hori hartzea berriz ere zerbitzu guztiak emango balitu”. Eta hori eskatzen dute. “Udalentzat errentagarriagoa da zerbitzuak elkarrekin ematea, eta, herritarrentzat, mesedegarri”.