“Bermeotar asko itsasoari begira geratu ziren, marinelen zain”

Itsasoari begira liburua idatzi zuen Josu Munitiz bermeotarrak 2012an. Berezia izan zen liburua argitaratu zuen urtea, izan ere 100 urte bete ziren 1912ko galernatik. “Bermeon izandako zorigaitz guztietatik, garrantzitsuenetarikoa izan da hura”, gogorarazi du Munitizek. Historiako pasadizo hori oinarri hartuta, maitasun istorio bat idaztea erabaki zuen. Fikziozkoa izan arren, garaiko gertakarietan oinarritua dago kontakizuna.

Munitizen sorterriko historian, 1912ko galernaren pasadizoak garrantzia berezia du. Ziklogenesi izugarri batek sortu zuen, eta 116 lagun hil ziren. Jazoera horrek erdigunea hartzen du liburuaren istorioan, baina idazlea ez da horretara mugatzen. “Liburuko istorioa apur bat girotzeko, inguruetako urteetan Bermeon izan ziren gertakariak ikertzen hasi nintzen”. Eta aurkitu ere aurkitu zuen: 1911n udal hauteskundeen testuinguruan gatazka gogorrak sortu ziren Bermeon, nazionalisten eta liberalen arteko botere lehiaren ondorioz. “Gertakizun horien barruan, istorioa sartzea erabaki nuen”. Bazuen abiapuntua nahi zuena kontatzeko.

Bi osagai horiekin amodiozko kontakizun bat asmatu zuen bemeotarrak; emakume eta gizon baten arteko maitasun istorioa: “Julian, arrantzalea da, eta ideologikoki nazionalista. Teresa, aldiz, nazionalisten aurkako bandoko buruzagietako baten alaba”. Elkarrekin egotea ia ezinezko duten pertsona biren arteko tirabiran murgildu zen idazlea: “Kontakizuna 1912ko denborale izugarriarekin bukatzen da”.

Dokumentazio lana

Bermeoko idazleak aitortu du ez dela erraza izan duela 100 urte baino gehiagoko dokumentazioa biltzea: “Galernaren inguruko informazioa oso eskasa da. Garai horietan ez zegoen gaur egun dagoen besteko mediorik”. 1913an kaleratzen hasi zen aldizkari batean agertutako informazioa izan zuen istorioa osatzeko iturri nagusia: Euzkadi. Besteak beste, galernatik bizirik atera zirenen testigantza mordoa jaso zituen kazeta jeltzaleak.

Gatazka politikoen inguruko informazioa aurkitzea errazagoa egin zitzaion, horien inguruko argitalpen gehiago baitaude. Dena jasota, istorioa idazteari ekin zion. Bere herrian 100 urte aurreragoko kale eta giroan sartu behar izan zuen. Eleberria asmatutakoa baita, bai, baina herriko historia errealean eta datu errealetan oinarritua.

Itsasoari begira izenburua jarri zion liburuari. Adierazi duenez, galerna gertatu zenean itsasoan izan zirenek asko sufritu zuten, baina hortik harago, beste askorengan eragin handia izan zuen: “Galerna zegoela itsasoan egon zirenek oso gaizki pasatu zuten. Bizirik irauteko borroka estuan ibili ziren. Baina Bermeoko portuan ehunka herritar geratu ziren itsasoari begira, marinelei itxaroten, egun luzez inolako albisterik izan gabe. Zain. Bermeoko talatik begira. Eta horiek guztiek ere oso gaizki pasatu zuten”.

San Pedro, Campania, Jesus Nazareno, Santa Ageda, San Juan Bautista, San Nikolas, Vizcaya… Horiek Bermeoko portura itzuli ez ziren txalupa batzuen izenak. 1912ko abuztuaren 12an, astelehen arratsaldean hasi zen denboralea. Baina gauean bizi izan zuten unerik larriena. Santa Klara gaueko galerna izena jaso badu ere, ziklogenesia gehitu zitzaion fenomeno meteorologikoari. Hurrengo egunean baretu zen egoera. Baina herritarrak portuan zain geratu ziren arren, itsasontzi haiek ez ziren sekula bueltatu.

“Bermeo ez zen izan galernak hondatutako herri bakarra. Elantxobe, Lekeitio eta Ondarroako portuan ere hil ziren asko”, ekarri du gogora, 143 hildakotik, 116 bermeotarrak ziren, herriko biztanleen %1. Hala ere, jende gehiago hartu behar da kontuan kaltetuen balorazioa egiteko. Izan ere, hamaika familia geratu ziren egoera larrian. Alargun zein umezurtz, pobrezian. Arrantza baitzen garai haietan familia askoren diru iturri nagusia. Bizirik irauteko laguntza bakarra geratu zitzaien horiei: Herritarren eskuzabaltasuna.

Herriaren historia fikzio bidez zabaldu nahi izan zuen Munitizek idatzitako liburuan. Ezbeharretik 100 urte pasatu zirela argitaratu zuen, urtemugak zenbaki borobila betetzean. Ez da bermeotarrak argitaratu duen liburu bakarra. Arrantzaleen familia batean sortu zen 1970ean, eta betidanik izan du Munitizek itsasoarekiko lotura.

Aurrez ere, idazterakoan, etengabean begiratu izan du Kantauri aldera. Eta, era berean, beti bere herriko gertakari garrantzitsuei erreparatu izan die. Berbarako, 2010ean Askatasun malkoak eleberria argitaratu zuen, Matxitxakoko batailan girotuta. 1935ean itsas ikasketak egitera Ferrolera (Galizia) doan bermeotar bat aukeratu zuen pertsonaia nagusia izateko. Antxon Mendilibar ipini zion izena. Eleberri historiko horretan ere badago maitasun istorioa; eta badago tragedia ere. Izan ere, asko eta asko hil ziren gudu hartan; asko eta asko galdu ziren itsasoan.