Zornotzara iritsiko da ‘Anboto’ aldizkaria

Euskara hutsez idatzitako aldizkaria euren etxeetan jaso ahal izango dute zornotzarrek martxotik aurrera. Izan ere, Durangaldeko Anboto aldizkariak udalarekin urtebeteko hitzarmena sinatu du, aldizkaria herrian banatzen hasteko. Zornotzako herritarrek harpidetza bete besterik ez dute egin behar aldizkaria euren etxean jaso ahal izateko.

2001ean sortu zen Anboto, eskualdeko zein tokian tokiko informazioa euskaraz zabaltzeko asmoz. Orain arte, Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mallabia, Mañaria, Otxandio eta Zaldibarren banatu da, eta, hilabete honetatik aurrera, Zornotza gehituko zaio zerrenda horri. Astero, 10.000 ale baino gehiago banatzen dituzte.

Aspaldi sortu zen Zornotzan euskarazko aldizkaria banatzeko nahia. Duela urtebete, euskal hedabideen erronka, helburu eta kezken inguruan hitz egiteko antolatu zen mahai inguruan piztu zen garra. BERRIA egunkariko Juan Mari Larrarte, Argia aldizkariko Xabier Letona, Tokikomeko Mikel Irizar eta Anboto aldizkariko ordezkariak izan ziren bertan. “Mahai ingurua bukatuta, Zornotzan euskara hutsezko hedabiderik ez egotearen kezka piztu zitzaien hainbat herritarri”. Hala adierazi du Jone Guenetxea Anboto aldizkariko zuzendariak. Eta kezka ez zen bere horretan geratu. Anboto aldizkaria Zornotzara heltzeko sinadura kanpaina abiatu zuen herritar talde batek. Gerora, udalean aurkeztu zituzten bildutako guztiak.

“Hor hasi ziren Anboto-ren, Zornotzako Udalaren eta kezka zeukaten herritar taldearen arteko hartu-emanak”, adierazi du Guenetxeak. Urtebeteko harremanaren ondoren iritsi da emaitza: aldizkaria Zornotzan banatzeko ituna sinatu dute udalarekin. “Hasiera batetik, oso borondate ona izan du Zornotzako Udalak”, aitortu du Anboto aldizkariko kideak. Eguaztenean aldizkaria aurkezteko bilera egin zuten herriko eragile eta elkarteekin. Guenetxeak adierazi du askok aldizkaria ezagutzen bazuten arren guztiei aurkeztea beharrezkoa ikusi dutela: “Beharrezkotzat hartu dugu Zornotzako eragileei proiektua aurkeztu, informazioa trukatzeko bideak jarri eta Anboto-ko kontaktua aurkeztea”.

Harpidetza kanpaina

Aldizkaria etxean jasotzeko harpidetza kanpaina abiatuko dute orain. Horretarako, Guenetxeak adierazi du buzoiz buzoi informazioa banatzen hastea pentsatu dutela: “Doakoa izan arren, harpidetza egitea beharrezkoa da”. Lehen urtean 600 harpidetza inguru egitea aurreikusi dute. Baina, nabarmendu du, kopuru horrek ez duela irakurle kopurua zehazten. “Harpidetza kopuruak zenbat etxetan sartzen den adierazten du soilik”.

Etxeetatik egiten den banaketaz gain, beharrezkoa ikusten dute aldizkaria gehiago zabaltzea: “Zelaieta zentroan eta herritarrak biltzen diren beste hainbat tokitan Anboto zabaltzea garrantzitsua da”, adierazi du aldizkariko zuzendariak. Durangaldeko gainontzeko herrietan ere ari dira horrela zabaltzen. “Horrelako tokietan jartzeak duen eragina aztertzen ari gara”. Zornotzan ere, banaketa egiterakoan era bi horiek uztartuko dituztela aurreikusten dute. Urtebeteko ibilbidea bukatutakoan, Zornotzan lortu duten hedapenaren balantzea egingo dute.