“Zeregin arriskutsuak onartzen genituen, lanik ez galtzeko”

Bilboko portua Bizkaiko ekonomiaren motor garrantzitsuenetako bat da. Hainbat eta hainbat itsasontzi bertaratzen dira bateko eta besteko salgaiak dituztela. Mota askotako beharginek laguntzen dute portuko lanetan; besteak beste, itsasontzi amarratzaileak dabiltza beharrean. Juan Mari Martin Rekalde da horietako bat (Santurtzi, 1952). Lanak orain behera egin duela aitortu du, nahiz eta era horretako “gorabeherak” sarri ezagutu dituen. “Hala ere, gaur egungoa bezalako krisirik ez dut ezagutu inoiz”.

Osabarekin hasi zen lan horretan, eta hura “bere aitarekin, nire aitonarekin, hasi zen; eta hura, berriz, bere aitarekin, hau da, nire birraitonarekin”, ekarri du gogora. 18 urterekin ekin zion amarratzaile lanari. “55 urterekin hartu nuen erretiroa”, gogoratu du. “Denetarik” egitea egokitu zaio urte horietan guztietan: “Batez ere, itsasontziak lotu eta askatzea”. Dena den, erretiroa hartu aurreko urteetan askoz gauza gehiago egiten zituztela azaldu du. Izan ere, amarratzeko leku gutxiago zegoen lehenago. “Ontziak, beraz, aingura botata geratzen ziren, kaian deskarga lanak egiten ari zen ontziak lanok bukatu eta bere lekua hartzeko zain. Normalean, amarratzaileoi deitzen ziguten, eta aingura botata zegoen itsasontziko eskifaia paseoan ateratzera joaten ginen. Bizpahiru orduro joaten ginen gure ontzietan, itsasontzietatik jendea atera eta, gero, sartzera. Gaur egun, hori oso garesti ateratzen zaie. Eskifaia, gainera, hein handi batean filipinarrek osatzen dute, eta ez diete eskubide hori bermatzen”, azaldu du. “Astebete egin behar badute aingura botata portura sartu gabe, ontzian geratzen dira, eta kito”.

Itsasontzietara elikagaiak eta bestelako hornidurak eramatea ere bada amarratzaileen lana. “Bestalde, gaztea nintzela, Jakartatik zetozen ontziak, gomaz beteta. Bereziki, Firestone enpresari ekartzen zizkioten goma horiek, pneumatikoak egiteko. Ehun kiloko kautxu nahasgabe fardelak zekartzaten. Badia erdian deskargatzen zuten kargamentua ontziok, alboetan jartzen zizkieten gabarretan. Hiru egunez aritzen ziren han lanean, gau eta egun. Batzuetan, fardel haiek uretara erortzen ziren, eta jaso egiten genituen guk; txanda aldaketetan beharginak ere ateratzen genituen… Urte asko dira horrelakorik egiten ez dela, hala ere”.

Segurtasunari dagokionez, aldatu egin da amarratzaileen lana, bereziki urteen poderioz: “Hobera, noski”. Gogora ekarri duenez, XX. mendearen hasieran atera zen lege baten arabera, amarratzaile guztiak portuko gidarien mende geratu ziren Espainiaren administraziopeko portuetan, Bilboko itsasadarrean izan ezik. “Hemen, zerbait berezia gertatu zen. Familia klanak eratzen zituzten amarratzaileek; ez da mafiarekin nahastu behar, hala ere. Familia bakoitzak enpresa kontsignatario batzuentzat lan egiten zuen; guk, esaterako, Aznar enpresarentzat lan egiten genuen. Eta Santurtzira Aznar konpainiako ontzi bat zetorren bakoitzean, guk lotzen genuen. Lau lagun baino ez ginenez gure familia klanean, Aznar enpresako ontzi bat Portugaletera, Erandiora zein Bilbora sartzen zenean, familia guztien artean harreman ona zegoenez, bati edo besteari abisua ematen genion, eta beste batek egiten zuen lana. Kobratu, ordea, guk egiten genuen lan horren truke. Gauza bera gertatzen zen, noski, haien enpresa kontsignatarioetako ontziak gu genbiltzan portuetara zetozenean. Baliabiderik ez genuelako adostu genuen bide hori. Eta elkar errespetatzen genuen, beti”.

1970ean, baina, enpresa berri bat iritsi zen: Segemar eratu zuten. “Kalte handia egin zien itsasadar osoan zeuden familia enpresei. Enpresetako funtzionamenduari ekin zioten. Egia esan, etorkizuneko ikuspegia izan zuten”. Gogora ekarri du prezioak oso merke jarri zituztenez hogei urte iraun zituen prezioen gerra piztu zela.

“Jose Angel Arrillagak [egungo Bilboko Portuko Amarratzaileen zuzendari kudeatzailea] erabaki zuen hobe zela guztiek bat egitea. Segemarrera jo zuen, eta enpresa bateratu bat eratzeko proposamena egin zuen”. 1990ean sortu zen, beraz, Bilboko Portuko Amarratzaileak. “Bateratuta egonik, lan arriskua txikitu egin zen. Bestela, beste enpresek lana ken ez ziezaguten, egoera arriskutsuak onartzen genituen. Eguraldia oso txarra zenean, ontziko sokak askatu egiten ziren, eta nik 24 ordu ere lan egin izan ditut jarraian, sokak lotzen; sokok hautsi egiten ziren behin eta berriz. Hori oso arriskutsua da. Hiru lagun ikusi ditut horrela hiltzen”. Gaur egun, segurtasuna bermatzeko araudia ere badago.

“Gogorrena eguraldi txarrarekin lan egitea” da. Guardiak, gainera, 24 ordukoak dira. “Sarri, atsedenaldi gutxi izaten dira”. Beldur gehien eman diona jendea itsasora eramatea izan da. Hiru bat miliara aingura botata geratzen diren ontziei buruz ari da. “Itsasoak gora egiten duenean, ontziko eskaileratik jaisten ari den pertsona jasotzean hankak hausteko arriskua dago, edo erditik mozteko. Egin kontu gure ontziek ez dutela esku balaztarik”.

Lanaz gain, itsasoarekiko lotura handia du Martin Lekuonak. Ontziak eraikitzea oso gustuko du, eta Bilboko Itsasadarra Itsas Museorako lanak ere egiten ditu. Hala ere, argitu du zale modura ibili ohi dela. Besteak beste, maketak zaharberritzen ditu. Horrez gain, XIX. mendean Bilbon matrikulatu, erosi zein eraiki ziren ontzien bilketa egiten ari da egunotan. “Bizitza osoan ari naiz itsasoari begira”.