Sabino Arana, huts-hutsik

Oroitzapenen parte baino ez da. Dagoeneko begi bistatik desagertu da Sabino Aranako zubibidea. Asteon bukatu ditu foru aldundiak hainbat hamarkadatan Bizkaiko hiribururako sarbide nagusienetako bat izan dena botatzeko lanak. Zortzi hilabetez ibili dira beharrean. Azkenean, hainbestetan errepikatutako aldarrikapena parez pare ikusi dute Basurtuko bizilagunek. Uda ostera arte, hutsik jarraituko du inguru horrek. Urrian hasiko ditu Bilboko Udalak hiriburuko etorbiderik zabalena izango dena eraikitzeko lanak. Hori da agintari eta bizilagunek adostu duten proiektua.

Joan den maiatzean inauguratu zuten San Mamesko sarbide berria, Sabino Aranakoa ordezkatzeko. Hala, uztailean ekin zioten azpiegitura zaharra botatzeari. 2.7 milioi euroko kostua izan du. Kendutakoa 1.324 metro lineal eta 23.850 metro koadro hondakin izan dira, guztira. Lurrean utzi ondoren, errepide tarte eta zutabe horiek zatitu egin dira, egituratik metalezko elementuak bereizteko. Hondakinak berrerabili egin dira. Hormigoia Getxoko gurutze ontzien kai muturraren kaxetako betegarri gisa erabili da. Bilboko hainbat lekutako zelaiguneetan ere utzi da. Altzairua, berriz, baimendutako kudeatzaileek birziklatu dute. Pantaila akustikoak A-8 autobidean kokatu dira, Basauri eta Ermua artean. Aglomeratua, azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiak hori tratatzeko duen lantegi espezializatura eroan da.

Itziar Garamendi Bizkaiko Garraio ahaldunaren esanetan, “ez da lan erraza izan”. Hainbat zailtasun tekniko gainditu behar izan dituztela nabarmendu du. Besteak beste, munduko garabi handienetan bigarrena ekarri behar izan dutela ekarri du gogora. “Jendea bizi den inguru batean erabili den lehenengo aldia izan da, baina azkenean ezelango arazorik gabe lan egin da”. Zailtasunak zailtasun, iragarritako epeak bete ahal izan dituztelako “pozik” agertu da Garamendi.

Lau eremutan zatituta

Behin azpiegitura kenduta, 29.340 metro koadroko eremua dago hutsik. Bilboko Udalaren ordezkariek eta auzo elkartekoek hainbat bilera egin dituzte. Azkenean ingurua lau zatitan banatzea erabaki dute, Sabino Arana zeharkatzen duten kaleak erabilita. Eremu zabalena Trenbide etorbidearen eta Zankoneta kalearen artekoa da. Bizilagunek bulebarra egin nahi dute tarte horretan, arbolaz betetako espaloi zabalekin. Norabide bakoitzean bide bakarra duen errepidea eraikiko litzateke erdian.

Bigarren zatia Zankoneta eta Autonomia kaleen artekoa da. Basurtuko eskola publikoa eta Sortzez Garbiaren eliza daude inguru horretan. Eta, aurrez aurre, udaltegia. Horregatik, auzokideek umeentzako parkea eta adinekoek ariketa fisikoa egiteko lekua gura dute tarte horretan. Hartara, eskolara, elizara eta udaltegira doazenen segurtasuna bermatuta egongo litzateke, ez litzatekeelako autorik ibiliko.

Autonomia eta Novia Salcedo kaleen artean parke bat egiteko eskatu dute. Kirola egiteko tokiak eta pasealekuak izango lituzke, belardi eta arboladi artean. Udalak, berbarako, saskibaloi pistak proposatu ditu. Laugarren eta azken zatian, Jesusen Bihotzetik urrunen dagoenean, aparkalekuak eraikitzea adostu dute, auzoak duen arazo handienetako bati konponbidea emateko.