Portugaleteko alde zaharrerako plana gelditzeko eskatu dute bizilagunek

Txistuka protesta egin zuten joan den domekan Portugaleteko alde zaharreko hainbat bizilagunek, udalari auzo horretarako onartu duen plan berezia geldiaraz dezala eskatzeko. Portugalete Zaharra auzo elkarteak deituta zegoen protesta. Plana gelditu zioen pankartaren atzean herritarrek “kokoteraino gaude!” aldarrikatu zutela azaldu du elkarteko kide Iñaki Aranak.

Oraingoz, hala ere, “zail” dute euren helburuak betetzea. Izan ere, joan den asteko eguenean atzera bota zuen osoko bilkurak plana geldiarazteko mozioa, PSE-EEren eta PPren botoekin.

Plana osatzeko orduan herritarrek ez dutela parte hartu salatu dute alde zaharreko bizilagunek. “Surposa enpresak lehiaketara atera zuen hirigintza plana eta arkitektura kontsultore enpresa batek irabazi zuen”, azaldu du Aranak. “Zirriborroa egiten hasi zen. Auzo elkarteekin, dendariekin, tabernariekin eta alderdi politikoekin elkartu ziren, bakoitzak ekarpenak egin zitzan. Hala ere, ekarpenok oso azalekoak ziren”, salatu du.

Zirriborroa bukatu zutenean, hasieran, alderdi politikoei soilik aurkeztu zietela ekarri du gogora. “Guk ez genekien ezer. Halako batean Bilduko ordezkariek guregana jo zuten, plana zeukatela eta ezohikoak ziren hainbat gauza ikusi zituztela ohartarazteko. Besteak beste, Renfeko geltokiaren ondoan dauden etxebizitzak aurreko plan berezian hiri antolamendutik kanpo ageri baziren, plan berriak dagoeneko ez dio halakorik; bai, ordea, ez datozela bat antolamenduarekin. Eta, legeari erreparatuz gero, bata zein bestea antzeko gauza dira”. Inguru horretan 27 etxebizitza sartzen zirela konturatu ziren plana aztertzen hasitakoan. “Esaterako, Bermeon gertatutako sutea hemen gertatuko balitz, eragina izango luke” irizpide horrek. “Eraikinek bost solairu badituzte eta berriz eraiki beharko balira, lau soilik altxatu ahalko lirateke. Bosgarreneko familia kalera joango litzateke eta gainerako bizilagunek erosi egin beharko liokete orubearen zati bat. Buruhauste bat izango litzateke”, esan du. “Guretzako hori larria da. Hala ere, badira planean beste hainbat gauza ondo iruditzen ez zaizkigunak”, aitortu du. Portugaleteko Udalak esan du hiri antolamendutik kanpo ez dela “etxebizitza bakar bat ere” geratuko eta “sortutako alarma” gaitzetsi dute.

Alde zaharreko “bizilagun gehienak planaren aurka” daudela dio Aranak. Egunek aurrera egin ahala, gainera, ikusi dute “jendea gehituz doala” eta eurekin bat datorrela. “Beraz, ez da gure kontua edo lau auzokiderena soilik, auzo oso batena da”.

Konponbidea, alegazioak

Udalak erabakitakoaren arabera, auzokideek alegazioak aurkeztea beste aukerarik ez dute. Apirilaren 1era arteko epea daukate horretarako. “Auzokide bakoitzaren alegazioak kontuan hartuko dituztela esan dute. Planaren zirriborroa, baina, aurrera doa. Beraz, gauzatxoren bat edo beste aldatzeko aukera besterik ez dugu izango”, salatu du Aranak. “Gauza mordoa ikusten ditugu aldatu beharrekoak. Ulertzen dugu udal gobernuarentzat plan hau gelditzea eta berriz hasi beharra porrot handia izango litzatekeela. Hala ere, eskatzen duguna da gelditzea, auzokideon proposamenak onartzea eta gauzak aldatzeko aukera egotea”.

Auzotarrek, dena den, badute alegazioak aurkezteko asmoa. Ahal duten heinean, behintzat. “Dagoeneko hasi gara, baina itsaso handia da hau guretzat”, aitortu du Aranak. Abokatu zein kabineteen laguntza behar dute. Izan ere, forma akatsak eta antzekoak saihestu gura dituzte. “Legeari jarraikiz, gauzak ondo egin behar ditugu, alegazioak atzera botatzeko era horretako aitzakiarik egon ez dadin”.

Abokatuak kontratatzeko diru asko behar dutela ere ekarri du gogora. “Komunitate bakoitzeko 4.000 euro eskatzen ari dira. Hori dirutza da”. Beraz, udalak banakako alegazioak eskatu dituen arren, elkarteko kideek auzotarrei jakinarazi diete denek baterakoa aurkezteko alegazioak egin gura dituztela, eta, hala gura duten guztiek, sinatzeko aukera izango dutela.

Alde zaharrerako planaren garrantziaz egin du berba Aranak. “Aurreko planak 24 urte dauzka. Hau ondo egiten bada, erabilgarria izan daiteke. Beste hogeitik gora urte gaizki egindako plan batekin jarraitzeak, ordea, ez du merezi”, iritzi dio. Alde zaharrak “beharrizan handiak” dituela uste du. Beraz, garrantzitsua deritzo “gauzak ondo egiteari”. Udalak, gainera, euren auzoarekiko “utzikeriaz” jokatzen duela salatu du.

Hala ere, oztopoak oztopo, “oso animatuta” daudela eta “jendeak oso jarrera ona” duela deritzo Aranak. “Beraz, lanean jarraitzeko asmoa dugu, plan hau gelditu arte”. Informatzen jarraituko dutela iragarri zuten protestaren ostean. “Orain herritarren esku dago martxan dugun borroka honek aurrera egitea”.