Lehenengoa azkenagaz

Musika klasikoa

Bilbo

Musika erromantikoa XVIII. mende bukaeran agertu zen, eta XIX. mendean garatu. Klasizismoari hartu zion lekukoa, mugimendu erromantikoak bultzatuta. Ludwig van Beethoven konpositore, orkestra zuzendari eta piano jotzaile alemaniarrak bien arteko trantsizioan parte hartu zuen. Johannes Brahms konpositore eta piano jotzailea, berriz, erromantizismoaren azken sortzailea izan zen. Askok posterromantikotzat daukate. Sormenak, bada, ez dituen elkartu. Begoña Salinas, Bilbao 700 fundazioko zuzendaria: “Baina, bien musikek ondo ulertzen dute elkar”. Mugimenduaren lehen eta azken musikariok Bilbon bat egingo dute: aurtengo Musika-Musica jaialdian Beethoven eta Brahms gomutatzea erabaki du fundazioak.

Gaurtik domekara bitartean eskainiko dtuzte batak eta besteak konposatutako lanak Euskalduna jauregian. Hiru egunotarako, laurogei kontzertu antolatu dituzte. 13. jaialdi honetan, aurrekontua doitu egin behar izan dute, bigarren urtez. Hala ere, inoiz baino musikari gehiagok parte hartuko dutela nabarmendu du Salinasek. “Europan dauden musika jaialdi onenetakoa da”, Iñaki Azkuna Bilboko alkatearen berbetan.

Jaialdirako sarrerak “merkeak” izan ohi direla ekarri du gogora: bi eta zazpi euro artean balioko dute. “Diru gutxiren truke, punta-puntako orkestrak entzuteko aukera egongo da”. Besteak beste, jauregiko aretoetan Bilboko Orkestra Sinfonikoak joko du, Gunter Neuhold zuzendari duela; Filharmonia de Galiciak, Paul Danielen esanetara; eta Alemaniako Neue Orchesterrek, Christoph Speringen zuzendaritzapean. Soprano, tenore, mezzo-soprano eta enparauek ere parte hartuko dute jaialdian. Baita ganbara orkestra eta laukoteek.

Egitarau nagusiaz gain, Euskal Herriko, Espainiako eta Galiziako 29 musika eskolatako zazpiehun musikari gaztek emango dituzten kontzertuak ere entzun ahalko dira. Osotara, 39 izango dira.

Informazio gehiago bildu, egitarau osoa ezagutu eta sarrerak eskuratzeko, bisitatu webgune hau:

www.musika-musica.net