“Hirugarren umea ekarriko nuke, etxe handiagoa banu”

Ume bat adoptatzeko Etiopiara joateko hautua egin zuten Igone eta Endika Gautegiz-Arteagako bizilagunek. Abizenik ez ematea erabaki dute. “Garai hartan ezkondu gabe geunden, eta ezkongabeentzako adopzioa Espainian edo Kolonbian soilik onartzen zuten”, azaldu du Igonek. Hala ere, Kolonbian “gauzak trabatuta” zeuden. “Beraz, ezkondu eta Etiopiara jotzea besterik ez geneukan. Izan ere, han ez zuten ezkontza antzinatasunik eskatzen. Endikak, gainera, bihozkada izan zuen herrialde harekin, eta hala egin genuen”.

Eta zortea izan zuten. 2007an hasi zuten adopzio prozesua, eta, 2009an, 3 urteko mutikoa eurekin zuten. Aitortu du, dena den, euren kasuan prozesua “oso azkar” joan zela. Etiopian adoptatzeko ECAI agentzien laguntza derrigorrezkoa da: nazioarteko adopzioetan laguntzen duten entitateak dira. “EAEn ez dagoenez horrelakorik, bila hasi behar izan genuen”. Murtzian aurkitu zuten (Espainia). “Martxan hasi berria zen, eta jendea ez zen ausartzen haiekin joatera. Guk baietz erabaki genuen, eta joan egin ginen. Ondo atera zitzaigun. Egia da, hala ere, beste batzuek horrelakoak egin dituztela eta gaizki atera zaiela”.

Prozesua azkarra izan arren une gogor ugari bizi behar izan dituztela azaldu du Igonek. Hasteko, foru aldundira jo behar dute ume bat adoptatu gura dutenek, eskaera egitera; nazioarteko adopzioen atalera, euren kasuan. “Lehen, lau ordu inguruko hitzaldiak izaten genituen, gu prestatzeko. Esaten ziguten motxila handiarekin zetozen umeak direla, arazoak izan ditzaketela fisikoki ondo egon arren… Hori guztia entzunda, jende askok atzera egiten du”.

Orain, hitzaldi horiek ikastaro edo tailer bihurtu dira. “Hogei ordu ingurukoak”. Errealitatearen “gordintasuna erakusten dizute, eta erdiek baino gehiagok atzera egiten dute”. Adopzioek zer esan nahi duten azaltzea onuragarri iruditu arren, “soilik alde txarra” kontatzea kritikatu du Igonek. “Adopzioak gauza on asko ditu. Ume guztiak ez daude gaixorik; denak ez datoz txarto. Egia da arrisku handiagoa duzula ume bat gaixorik ekartzeko biologikoa duzunean baino. Hala ere, bikote askok jotzen dugu adopziora umerik ezin dugulako izan edo ez dugulako beste metodo bat erabili gura”.

Hitzaldiaren ostean, psikologoarekin batzartzeko unea iritsi zitzaion Gautegiz-Arteagako bikoteari. “Lauzpabost orduko elkarrizketa izan genuen. Zazpira ere irits daiteke. Elkarrizketa sakona da. Denetarik galdetzen dizute, baita min egin diezazukeen zerbait ere”. Adoptatzera doana ume bat izateko prest dagoela bermatzea da helburua.

Haurra familiarekin biziko den etxea ikustera ere joaten dira. “Urduritasun handiz” bizi izan zituen une horiek Igonek. Hala ere, etxeak logela bi, berogailua eta ur beroa bazituela baieztatzea nahikoa izan zen oniritzia jasotzeko. “Hasieran, ez dituzu elkarrizketa eta etxerako bisitaren kontua behar bezala ulertzen. Goitik behera aztertzen zaituztela sentitzen duzu. Lupa baten azpian sumatzen duzu zeure burua. Oso gogorra da. Orain, ordea, beste era batera ikusten dut. Normala iruditzen zait. Ume horiek oso egoera txarrean bizi dira Afrikan, eta ez dute merezi familia ezegonkor batera ekartzea. Zoriontsu izateko eskubidea daukate”.

Estualdi horiek pasatuta, eurentzat ume bat bazegoela esan zieten. Urtarrila zen; apirilaren 15ean joan ziren haren bila Etiopiara. Bi aste lehenago epaiketa egina zuten han. Adopzio gurasoak han egotea ez zen beharrezkoa izan. Eta, orduz geroztik, umea eurena zen.

Esperientziarekin pozik zeuden seinale, handik sei hilabetera beste ume bat adoptatzeko prozesua abiatu zuten. Epe hori da beste prozesu bat hasi ahal izateko gutxienez igaro beharrekoa. 2012rako bigarren mutikoa ere eurekin zuten. Ordurako, baina, prozesua aldatuta zegoen. Besteak beste, umea onartzeko epaiketaren atal batean presente egon behar izan zuten. “Zerbait gaizki atera zitekeen beldur ginen”.

Azkenean, dena artez joan zen. Nahiz eta bost hilabeteko umea ezagutu eta umezurtz etxean berriz ere utzi behar izan zuten. “Oso baldintza txarretan bizi ziren: iturriko urik ez zuten, eta kanpin-gas batean prestatzen zituzten jakiak, lurrean. Umeak geldi zeuden, ez zegoelako zaintzaile nahikorik…”. Euren umea osasuntsu zegoen. “Gurekin zetozenena, ordea, gaixorik zegoen. Elikadura urritasun latza zuen, birikak mukiek hartuta, antibiotikoa behar zuen, eta han ez zieten ematen…”. Etxera itzultzeko bidaia gogorra izan zen.

Umeak normal-normal egokitu dira, etxean zein eskolan. Eta Igonek ez du zalantzarik: “Etxe handiagoa erosteko dirua banu, hirugarren umea ekarriko nuke”.