“Emakumeok ez badugu gure historia kontatzen, ez du inork egingo”

Emakumeen Dokumentazio Zentroko langilea da Marijo Sola (Bilbo, 1961). Baina lanbide izatetik harago, militantzia ere bada harena. Beste lau andrerekin batera, dokumentazioa bildu, eta emakumeen ondarea gorde eta zabaltzen dute. “Ondarea gordetzea funtsezkoa da, historia ulertzen laguntzeaz gain, mundu ikuskera berri bat irekitzen duelako”.

20. urteurrena ospatzen dabil Emakumeen Dokumentazio Zentroa. Nola sortu zen?

20+11 eragiketa egingo nuke nik. 20 urte dira Dokumentazio Zentroa Bolsa eraikinean dagoenetik, bai. Baina 11 urte lehenago sortu zen. Orduan hasi baitzen dokumentazioa biltzen Bizkaiko Emakumeen Asanblada, 1982an. Taldeetan antolatzen zen asanblada: hezkuntzan zeudenak, osasunaren arloan… Eta egunkarietan lanean zebilen andre talde batek emakumeen inguruko dokumentazioa biltzeari ekin zion: egunkarietako publikazioak, literatura… Apurka-apurka osatu zen Dokumentazio Zentroa sortzeko ideia.

Nola eman zenuten Bolsara joateko jauzia?

Biltzen zen materiala Bizkaiko Emakumeen Asanbladako egoitzan gordetzen zen, sukaldea zen gelan antolatu zen liburutegi antzeko batean. Baina jendearengana zabaltzeko gaitasuna murriztu egiten zuen horrek. Ez zegoen beti zabalik, eta zailagoa zen herritarren esku egotea. Fisikoki ere txiki geratu zitzaigun. Bilboko Udaleko Berdintasun zinegotziarekin harremanetan jarri ginen orduan, eta oso erantzun ona jaso genuen. Hitzarmena egin genuen elkarrekin lan egiteko, eta akordio hartatik sortu zen Bizkaiko Emakumeen Asanbladako txokotik Bolsa eraikinera etortzeko jauzia. Urrats hori egitea garrantzitsua iruditu zitzaigun. Batetik, herritarren sarbidea errazten zelako, eta, bestetik, publikotasunarekin lotzen zelako.

Zein helbururekin jaio zen zentroa?

Bi zeregin izan ditu Dokumentazio Zentroak, hasieratik. Batetik, materiala biltzea, eta, bestetik, sareak sortzea. Hau da, helburua ez zen materiala biltzea bakarrik. Emakumeen artean sareak osatzea, materiala trukatzea eta prestakuntzarako gunea eskaintzea da helburua. Horri garrantzia handia ematen diogu.

Zer material mota duzue zentroan?

Liburuak, DVDak, aldizkariak eta literatura grisa esaten zaiona biltzen ditugu hemen. Ohiko saltokietan aurkitzen ez diren materialak dira azken horiek: jardunaldietako materialak, txostenak, erakundeen dokumentazioa… Bestetik, hau nabarmenduko nuke: euskaraz ez dago ez materialik ez itzulpenik; hutsunea dago argitalpenetan. oso anekdotikoa da euskararen erabilera arlo honetan. Orain, EHUko hainbat masterretatik egiten dituzten ikerketak euskaraz egiten dira. Baina horiek argitara ematea oso zaila da.

Bilduma berezirik baduzue?

1.000 kartel baino gehiago ditugu gordeta. Emakumeei lotuta Euskal Herriko hainbat sektorek ateratakoak: mugimendu feministenak, sindikatuenak, alderdi politikoenak… Ondare garrantzitsua dira horiek guretzat, informazio asko ematen digutelako. Garai hartako emakumeen ardurak zeintzuk ziren, karteletako mezuak, leloak, estetikoki zein irudi zeukaten… asko jakin daiteke. Informazio iturri aberatsa da oso.

Nola antolatzen zarete zentroan?

Bost emakume gabiltza hemen lanean. Ni hemengo bertako langilea naiz, baina gainontzeko lauak militantziagatik ari dira lanean, duela 30 urtetik hona. Kanpora begira eragiteko orduan gaitasuna mugatu egiten du horrek, borondatezko lanean oinarritzen delako zentroa. Kanpora ateratzeak denbora eskatzen du, ekintzak antolatzeko eta bestelakoetarako. Aldebikoa da gure lana, zentroa jendeak egiten duenarekin elikatzen da, eta alderantziz. Gainera, diru laguntzak gero eta gehiago murrizten ari dira, eta hori asko nabaritzen ari gara.

Zein izan da denbora luze horretan izan duen garapena?

Apurka-apurka handitu gara, gero eta material gehiago bildu dugu. Horregatik, literatura Bilboko Alondegiko liburutegiari ematea erabaki genuen. Biografiak eta ikerketarako materialak utzi ditugu hemen. Liburutegi espezializatuagoa gara orain. Eta hori erabiltzaileengan ere nabaritzen da. Gero eta espezializatuagoak dira etortzen direnak. Asko, ikerketa lanak egiteko materialaren bila datoz.

Nola eragin dizue digitalizazioaren aroak?

Garai zailean gaude liburutegiak. Liburutegi klasikoa gorde arren, materiala digitalizatzen ari gara. Ezin gara atzean geratu. Baina arlo informatikoa garatzeko aldaketa teknikoak egin behar ditugu, eta horrek diru inbertsio handia esan nahi du. Horrekin kezka handia dugu.

Zer garrantzia ematen diozue materiala gordetzeari?

Egunerokoan ez zaio garrantzirik ematen unean-unean argitaratzen diren eskuorri, kartel edo beste bitartekoei. Baina horiek gorde eta etorkizuneko belaunaldien esku uztea oso garrantzitsua da. Talde eta elkarteei hori esaten diegu; guri eman ez arren, beraiek gordetzeko. Azken finean, guk, emakumeok, ez badugu gure historia kontatzen, ez du inork egingo. Historian gertatzen diren pasarte asko ezin daitezke ulertu andreen historiarik gabe. Ezin da historia egin populazioaren erdia aintzat hartzen ez baldin bada. Mundua ulertzeko era batean lagundu nahi dugu guk.

Zer iritzi duzu gaur egungo mugimendu feministaz?

Aldatu egin da. Lehen, lortzeko gauza asko zeuden, mugimendu feministaren iritziz. Praktika horrek asko iraun du. Baina ondorengo belaunaldiek gauza asko lortu izandako sentipenarekin bizi izan direla iruditzen zait. Dena den, uste dut berpizten ari dela orain. Muga asko ikusten dituzte egungo belaunaldiek. Antolatzeko eta gauzak egiteko grina berpizten ari da.