Zeanuritik Lemoara eta Lemoiztik Mungiara linea berriak nahi dituzte

Arteagako bizilagun batek martxan jarri du Zeanuritik Lemoako tren geltokiraino autobus zerbitzua jartzeko eskaria. Hain zuzen, change.org webgunean sortu du eskaera, eta Itziar Garamendi diputatuari helaraziko diote. Eskatzaileak deritzo Lemoako tren geltokira joango litzatekeen autobus zerbitzua jarrita Zeanuri, Areatza, Arteaga, Arantzazu eta Igorre Lemoagaz lotzeko autobusen maiztasuna areagotu eta beste leku batzuetara iristeko erraztasuna ere lortuko litzatekeela.

Bestalde, Lemoizko Udalak inkesta bat zabaldu du jakiteko bertako bizilagunek nahiko luketen martxan jartzea herria Mungiarekin lotuko lukeen autobus zerbitzu bat. Udalak zerbitzu hori “interesgarria” litzatekeela uste du, baina herritarrek zenbat erabiliko luketen jakin gura du, foru aldundiari eskaera egin aurretik.