“Uste dut inauteriek jatorrian zeukaten zentzua galdu egin dutela”

Inauteriak, karnabalak eta aratusteak: festa berbera deitzeko hiru izen ezberdin. Ezberdina da ere festa horrek Bizkaian izan duen ibilbidea, nahiz eta azkenaldian indartu egin den. Hala nabarmendu du Akaitze Kamiruagak, Labayru ikastegiko herri ondarearen bilketarako arduradunak. Izan ere, Bilboko Elizbarrutiaren kultura eta euskara sustatzeko erakundeak Aratusteak Bizkaian liburua aurkeztu berri du gorabehera horiek azaltzeko. Kamiruagarekin batera, Adolfo Arejita euskaltzain eta Labayruko zuzendaria ibili da zeregin horretan. Herrietako nagusienen testigantzak jaso dituzte. Mundakako atorrak eta laminak, Ermuko hartza eta Durangoko surrandiak: guztiak dira garizuma atariko ospakizunen ikurrak.

Zenbateko tradizioa dute Bizkaiko aratusteek?

Aspalditik datorren tradizioa da, ez dakit data zehazten. Liburuan ez dugu azterketa antropologikorik egin nahi izan, lekukoek emandako informazioa batu eta horren araberakoa egin dugu ikerketa. Hala ere, esan daiteke Euskal Herriko beste txokoetan ez bezala, Bizkaian gorabehera handiak izan direla pare bat herritan kenduta. Mundaka eta Markinan, adibidez, denbora luzez mantendu dira, baina beste herri batzuetako testigantzetan ez dituzte inauteriak gogoratzen. Herri guztietako elementu komun bakarra aurpegiak margotzearena izan da.

Zer ezberdintasun nagusi dituzte Bizkaiko aratusteek besteekin alderatuz?

Oinarria nahiko antzekoa da. Hartza, esaterako, Durangon eta Ermuan errepikatzen den elementua da. Azken batean, hainbat elementu partekatzen dira herri gehienetan, eta animaliek garrantzi handia daukate. Nafarroakoak gehiago mantendu dira, herri txikiagokoetakoak direlako eta hein handi batean ia bakarturik bizi izan direlako. Bizkaian, kanpotik etorritako eragina askoz handiagoa izan da.

Osasuntsu daude herrietako inauteri berezi horiek?

Orain geroz eta gehiago. Hirietakoez aparte, herri txikietakoek ere nabarmen egin dute gora. Berreskuratze lan sendoa egin da Trapagaranen, Durangon eta Gernikan, adibidez. Lekuko zaharrekin hitz eginda lortu dute informazioa. Gaur egun gorabehera handiak daude herriz herri ikusita, baina uste dut ia herri guztietan zerbait egiten dela inauteriak ospatzeko. Indarra hartu du azken urteetan.

Etorkizuna bermatuta dute?

Uste dut baietz, izaera berezia daukatelako. Kritika egitekotan, uste dut azken urteetan izaera hori apur bat galdu egin dela. Cadizen [Espainia], adibidez, ohitura hori mantentzen da; askoz garatuagoa dago. Hala ere, jai giroa da nagusi: musika, dantza… eta, gainera, elementu berriak sortu dituzte. Behin berreskuratzeko lana eginda, horri eusteko ohitura hartuko dutela espero dut.

Trapagarango Carrascoliedas delakoa berreskuratu dute, adibidez. Nork berreskuratu du? Zergatik?

Gaztetxeko eta dantza taldeko jendeak hartu zuen bere gain lan hori, ikusten zutelako beren eskualdean horren falta zegoela. Euren aitita-amamei eta inguruko herrietako jendeari galdetzen hasi ziren. Nahiz eta Trapagaranen oinarritu dugun, ohitura eskualde ia guztikoa da. Bazegoen jai horren inguruko antzinako koplak gogoratzen zituenik. Berreskuratu eta gaur egungo gizartera moldatu dituzte. Kanta berriak sortu dituzte, eta janzkera ere bere modura eraldatu dute. Etxez etxe joaten dira eskean, beste hainbat herritan bezala.

Inauteriak zerbait folklorikoa dira ala gaurkotasuna dute?

Folklorikoa bada, dudarik gabe. Eta uste dut jatorrizko zentzu hori galdu egin dela. Gaur egun estandarizatu egin den jai bat da, eta, ondorioz, berezko zer hori galdu egin da.

Zein nabarmenduko zenuke Bizkaiko aratuste guztien artean?

Hain ezberdinak dira denak… Mundakan lamiak eta atorrak izaten dira. Markinan, hartza, antzara jokoa eta zaragi dantza dituzu. Durangon duela gutxi berreskuratu dituzte surrandiak; eta ez dute aurrekoekin inolako zer ikusirik. Ez daukat esaterik zein den bereziena, oso ezberdinak direlako. Niri deigarria iruditzen zait hain leku txikian erabat ezberdinak diren ohiturak izatea. Gernika eta Mundaka gertu daude, eta ospatzeko erak ezberdinak dira.

Badago ezaugarri komunik?

Kritika eta legearen apurketa izan daiteke. Dena den, ez dugu ahaztu behar inauterien jatorria, garizuma aurretik ospatzen baitira. Garizuma gaur egun ez da antzinan zen modukoa, baina pentsatu behar da garizuma 40 eguneko baraualdia dela. Ezin zen haragirik jan, ez zegoen dantzaldirik… eta horregatik aprobetxatzen zituzten inauterietako hiru egun horiek, batez ere mutilek. Izan ere, herri txikienetan mutilek bazeukaten andrez janzteko ohitura. Jateko ere bazegoen ohitura ezberdin bat: aratustea garizumaren atarian ospatzen zenez, ia txerri guztia jateko aprobetxatzen zuten, gero ezingo zutelako.

Janak, beraz, leku berezia dauka.

San Blas, Kandelario eta Santa Ageda egunetatik hasi eta inauterietara, jaki bereziak egiten dira. Gaur egun ere badago joera hori. Gure etxean mantendu egiten da, adibidez, eta nik uste dut garai bateko ama gehienek tostadak egiteko ohitura gordetzen dutela oraindik ere.

Nondik dator aratuste hitza?

Berez, erromantzetik eratorritako berba bat da. Haragia eta uztea hitzetatik zuzenean itzulitako berba da. Bizkaieraz, autoreek erabiltzen duten formarik zaharrena haratistea da; hau da, haragia uztea.