Uhinen aurkako borroka

Azken bi hilabeteetan bizkaitar guztiak egon dira itsasoari begira: kostaldekoak, beldurrez, eta lehorrekoak, harrituta. Abenduaren 23an, neguan sartu eta bi egunetara, piztu zuen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak lehen alerta laranja. Harrezkero, ia astero harrotu da Kantauri itsasoa. Meteorologoen esanetan, aurtengo neguan Britainia Handiaren inguruan agertu ohi den antizikloia desagertuta ibili da. Horregatik, Atlantikoan sortu diren depresio guztiak bata bestearen atzetik sartu dira Iberiar penintsulara, itsasoko urari atseden hartzen utzi gabe.

Itsas denboralerik larriena otsailaren 2koa izan zen. Jaurlaritzako Larrialdi Zerbitzuak alerta gorria izendatu zuten; 2010etik ez zen halakorik gertatzen. Bizkaiko kostaldean kalte itzelak eragin zituen. Bermeon eragin zituen irudirik harrigarrienak, baina ez zen libratu herri bakar bat ere. “Sekula ez dut halakorik ikusi”, zioten arrantzaleek. Nestor Urrutxua ingeniariaren arabera, ezohiko lau faktorek egin zuten bat egun haietan: olatuen noranzko aldaketa, ekaitz indartsu bat, olatuen maiztasun handia eta itsasgora bizia. Typsa ingeniaritza eta arkitektura taldean egiten du behar eta Euskadiko Portu, Ubide eta Bideetako Ingeniarien Kolejioko kide da. “Euskal kostaldera normalean ipar-mendebaldetik sartzen dira olatuak. Hau da, Ternua ingurutik, Kanada eta Groenlandia aldetik, Labrador itsasoko korronteak eraginda. Otsaileko lehen asteburu hartan, iparralderagotik etorri ziren”.

Gainera, ekaitz indartsu batek olatu handiak eragin zituen. Altuagoak egon izan dira azken neguetan; eta aurten ere bai Errege egunez. Otsailaren 2an tamainaz txikixeagoak izan ziren arren, maiztasun handiagoa zuten. “Olatu batetik besterako denbora tartea da maiztasuna. Zortzi metroko olatu batek hamar edo hamabi segundoko maiztasunarekin, edo olatu berberak hogei segundokoarekin ez du indar berbera hartzen. Zenbat eta maiztasun txikiagoa itsasoa mugituago egoten da, baina maiztasun handiarekin olatuek indartu egiten dira, kostaldera gerturatu ahala”. Egun haietakoak bortitzak izan ziren.

Hori gutxi ez, eta marea bizien sasoia harrapatu zuen denboraleak. Ilbete eta ilberri denean izaten dira, eta urteko handienak urtarrilekoak dira. “Itsasoaren maila marea astrologikoak eta meteorologikoak ematen digute. Eta borraskek igo egiten dute itsasoaren maila. Marea bizi batean 4,70 metro igotzen bada itsasoa, neurri bat esatearren, depresioak beste 20 zentimetro gehiago altxatzea eragin dezake. Horri olatuaren beraren altuera gehituz gero, hor duzu zergatik gainditu dituen itsasoak dikeak”.

Batzuetan dikeen kokoteek u formako tripatxoa izaten dute barrurantz. Hainbat arrantzale kexatu dira, dike berrietan ez dela halakorik egiten, bertikalki artezak eraikitzen direla, eta horrek olatua portura sartzea eragotziko lukeela. Urrutxua ez dator bat. Aitortu du forma horri esker olatuak kurba hartu eta dikea gainditu ordez berriz itsasora itzultzen dela. Hark dioenez, gaur egun ere saiatzen dira halakoak egiten. “Baina oraingoan ez zitekeen erremedioa izango. Dikeak apurtu direlako sartu da ura portuetara, eta ez bakarrik olatuek gainetik igaro dituztelako”.

Bermeoko Frantxuen dikeari, berbarako, ehun metrotik gora apurtu zizkion, eta arrantzaleen lonjetara sartu zen itsasoa, batere trabarik gabe. “XIX. mendeko dike zaharra zen, 1850eko hamarkadan eraikitakoa. Harlangaitzez eginda zegoen, ez hormigoiz. Egitura bertikala da, eta erabat zurruna. Gainera, urte hauetan guztietan jasotako kolpeek kaltetuta egongo zen. Halako dike bat olatu kolpe indartsu batek erraz apur dezake”, azaldu du.

Hormigoizko blokez egindako dikeak, ostera, malguagoak direla dio. “Hobeto eusten diote denboraleari. Itsasoak blokeak mugitzen ditu, baina ez du dikea hain erraz hausten”. Dena den, ohartarazi du, denboraleak bata bestearen atzetik etorri, eta, blokeak asko mugituz gero, kolapsatu egin daitezkeela. Hori gertatu zaio, adibidez, Donostian Zurriolako kai muturrari. “Aurreko ekaitzek mugitu egin zituzten blokeak eta otsailaren 2koari ezin izan zion eutsi”. Izan ere, etengabe jo ditu aurten itsasoak.

Bermeokoa da, oro har, Bizkaian enbatak parez pare gehien jasotzen duen portua. Itsaso zabalera irekita dago, babes naturalik barik. Horregatik, blokerik handienak ere hango kai muturrak ditu: 60 tonatik gorako pisua dauka bakoitzak. Kontrako adibide modura Elantxobekoa ipini du, Ogoñoko lurmuturrak babesten duelako. Naturak berak babesten du. Eta horrek badu eraginik. “Kasu batean eta bestean dikearen neurriak ezberdin kalkulatzen dira. Blokedun dikeetan olatu garaiera adierazgarria erabiltzen da; hau da, neurtutako olatuen artetik garaiera handiena izan dutenen batez bestekoa. Elantxobekoa, berriz, bertikala da, zurruna. Halakoetan, olatu garaienaren neurria erabiltzen da. Bikoitza izan daiteke”.

Urrutxuaren ustez, euskal kostaldeko dike eta kai muturrentzat azterketa garrantzitsua izan ziren otsail hasierako gertakariak. Portuetan behar egiten duten ingeniariak ohartu dira 2010etik hona muturreko denboraleak ugaritu egin direla. “Gu ez gara meteorologoak, baina badirudi joera hori hartu duela. Beraz, ekaitz hura gainditu zutenak, hurrengoei eusteko prest daudenak dira. Ez dut uste aparteko arazorik izango dutenik”.

Dena den, azpiegitura denak gainbegiratu behar direla iruditzen zaio. Batetik, zein egoeratan geratu diren jakiteko. Bereziki, blokez osatutakoetan, zenbatean mugitu diren ezagutzeko. Bestetik, olatuen garaiera berria kontutan hartuta, moldatu behar diren edo ez ikertu behar dela dio. “2010era arte, olatuek estatistikoki 50 urtean behin bakarrik har dezaketen garaieraren arabera kalkulatzen ziren dikeek eduki beharreko neurriak. Orain, azterketa bat egingo bagenu, garaiera ezberdin bat izango genuke emaitzetan, eta, seguruenik, ohartuko ginateke hainbat azpiegitura ez direla nahikoa”. Aldaketa sasoia dator portuetara.