Karga ilegalak

Handia da Los Angelesko itsas portua. San Pedro badian dago kokatua, eta 70 kilometro luze betetzen ditu, natura industrialez dekoratutako itsaslabar bitxia sortuaz. Metalezko garabia eta tresneria erraldoiak etxetik gertu izatera ohituta gaudenontzat, paisaia ederra da hori. Makina horietako batek barku baten karga hartu eta, erraldoi baten begiramenduarekin, lehorrean uzten duenean entzuten den burrunba izugarriak etxean sentiarazten zaitu. Eta, askotan, Kantauri itsasoa zabartzen zaigunean, geure ozeano txiki horretatik ailegatzen den uluak eta olatuen eztandek antzeko zarata sortzen dute. Pentsa genezakeenaren kontra, ederto asko bilbatzen dira itsas portuak eta natura.

Aingeruen Hiriko portu honek, gainera, zenbait sari jaso ditu azken boladan, hainbat proiekturi esker. Hala nola: kutsadurarik sortzen ez duen teknologiarekiko apustua eginez, inguruan bizi den fauna eta flora errespetatzeko ikastaroak eskainiaz eta itsasontzi kopurua murrizteko programa sortuaz. Hala eta guztiz ere, harrotasunez iragarri dute iazko urtarrilarekin alderatuta %2,5 hazi dela portuko lan karga. Gauzak horrela, Kalifornian, milioi bat lanpostutik gora sortu ditu The Port of Los Angelesek, eta, herrialde mailan, hiru milioi lanpostutik gora. Ez da marka makala. Badute, beraz, zer erakutsi portuko arduradunek, ohiko gune turistikoez gain beste zerbait ikusi gura duten horientzat. Ate irekien jardunaldiak gehiagotu direla ikusita, argi dago jendea gustura ateratzen dela horietatik eta lagunak gonbidatzen dituela horra hurbiltzera.

Aurrekoan, portuko langile bat ezagutu nuen, barbakoa baten inguruan, eta, bilbotarron harrotasun puntu horrekin, geurean egiten dena kontatzen eta Los Angelesen gertatzen dena entzuten, garagardo pare bat edan genituen. Nik ez daukat berak duen esperientzia, nire ezagutza Superportuan diharduten lagun bakan batzuen istorioetara mugatzen baita. Eta berak kontatzen zituenak entzuten egon nintzen, gehienbat.

Kontatu zidan aipatu ate irekietako bisita gidatu horietan X Izpi makina “ikaragarri erraldoi” batek nola funtzionatzen duen erakusten dutela. “Horrela —argitu zidan—, kontainerretan zer dagoen argi eta garbi ikus genezake, karga ilegalak erraz atzemateko”. Akordatu nintzen urtero portu horretan poliziak atxilotzen dituen paperik gabeko ehunka txinatarrekin, eta aipatu egin nion. “Bai, bai, mota guztietako karga ilegalak atzematen ditugu makina horiekin”, erantzun zidan. Frantziarra zela ere esan zidan, duela 26 urte Ameriketara ezkondua. Karga legala zen bera, baina.