Izenak egiten du izana BECen

Bilbotarra nahi duen lekuan jaiotzen dela esan ohi dute, harro jarreran, Bizkaiko hiriburuan. Hala ere, badago esaera horri kontra egin eta berea defendatzeko prest dagoenik ere. Horren adibide dira Barakaldoko biztanleak, senide nagusiak egindako “kolonizazioa” arbuiatu eta Bilbo eta beren jaioterria ezberdindu nahi dutenak. BEC erakustazoka da beren aldarrikapenaren muina.

Izan ere, datozen hilabeteetan Munduko Saskibaloi Txapelketa jokatuko da BECen. Barakaldon kokatuta egon arren, haren izenak —Bilbao Exhibition Centre— ez du dudarako tarterik uzten, batik bat atzerritik etortzen denari. Azkenaldian polemika piztu da pabiloitzarraren izenak Barakaldo ez duelako aipatzen, eta horrek Barakaldo bezalako hiri bati kalte egin diezaiokeela diote batzuek. Polemika azkenaldian suspertu da, baina iraganetik datorren arazoa dela diote ustezko kaltetuek. Aurrerantzean, hori izango da Alfonso Garcia Barakaldoko alkatearen aldarrikapen nagusia: “Bilboren izena atzean utzi eta Barakaldo egoitza gisa aitortu ahal izatea”.

Hala ere, ez da kasu bakarra. Bilboren izena daukaten hainbat egitura daude sakabanaturik inguruko eskualdeetan barrena. Horren adibide dira Bilboko Portua (Santurtzi), Bilboko Aireportua (Loiu) eta Bilboko hilerria (Derio). Hala ere, beste herrialde batzuetan ez da gauza bera gertatzen. Espainian, Madrilgo aireportuaren kasuan, adibidez, Madrid-Barajas da izen ofiziala. Eta gauza bera gertatzen da Herrialde Katalanetan Bartzelonakoarekin; horretan ere Barcelona-El Prat da izena.

“Kontrabando kargak topatzen dituztenean Santurtziko portuan izan dela diote, eta lanpostuak sortzen dituztenean, berriz, Bilbokoan”, kexatu da Santurtziko Udala. Polemika indartzeko asmorik gabe agertu da Ricardo Ituarte Santurtziko agintaria. Hala ere, egitura horri behar besteko kasua egiteko eskatu du hark zuzentzen duen gobernu taldeak. “Beti ari gara alde negatiboari begira. Alde positiboa ikusten hasi beharko genuke”.

Dena den, azkenaldian indartzen hasi da Ezkerraldeko herriaren eta Bilboko Portuko zuzendaritzaren arteko harremana. Horren erakusle da erakunde biek duela gutxi lortu duten akordioa. Horri esker, Santurtziko ehun langabek Bilboko Portuak eskaintzen duen lan prestakuntza egin ahal izango dute, etorkizunean langilerik behar bada horiek jadanik prest izateko. “Badirudi mugarri esanguratsu batean gaudela”, dio Ituartek.

Barakaldon, ordea, ez dago mugarririk. Hala dio Alfonso Garcia alkateak, bederen. Izan ere, beren eskaera “maldan behera” doala iruditzen zaio. “Nahiz eta aldarrikapena ez den berria, orain jarri da agerian. Argi dago BECen izena ez dela bidezkoa. Horren inguruan beti izan gara eskuzabalak, eta hainbat aukera eman dizkiogu; Bizkaia Exhibition Centre izena proposatu dugu, adibidez”. Duela gutxi, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiarekin batzartu da Garcia, eta barakaldar askoren haserrea helarazi zion.

Herenegun, mozioa aurkeztu zuten Barakaldoko Udalean, erakustazokari Bilboren izena kendu eta Barakaldo jartzeko. Gainera, gutun bana bidali diete Nazioarteko Saskibaloi Federazioari (FIBA), Espainiako Saskibaloi Federazioari eta Barakaldon jokatuko duten estatuetako enbaxadei.

Garciak bere aldarria eginerraza dela erakusten duen adibidea jarri du: “Bartzelonako olinpiar jokoen sasoian, saskibaloi partidak Badalonako olinpiar estadioan jokatzen ziren. Hori zen haren izen ofiziala”. Bruce Springsteenek edota Iron Maidenek BECen jotzen duten aldiro, berriz, hedabideetan Bilbon izaten dela diotela kritikatu du. “Nork jartzen du dirua Udaltzaingoa han egon eta ingurua garbitzeko?”.

Gatazka konponduko bada, izen aldaketarekin konponduko dela uste du Garciak: “Temati jarraituko dut, hau guda luzea baita”. Bitartean, Bilbao Exhibition Center izenak beteko ditu hedabideetako orriak.