Hondakindegietara zabor gutxiago bidali du Bizkaiko TMB plantak

Iazko otsailean jarri zen martxan Bilboko TMB tratamendu mekaniko-biologikorako planta. Horrek 2013an zabortegietara hondakin gutxiago bidaltzea ekarri duela adierazi du Iosu Madariaga Bizkaiko Ingurumen diputatuak. Datuen arabera, Bizkaian sortutako hondakinen %16 soilik bidali da zabortegietara; aurreko urtean baino %41,5 gutxiago. Gainera, gaikako bilketaren indizea ia %50era iritsi zela adierazi du.

Edukiontzi berdeetan batzen denaren zati bat kudeatzen du TMB plantak. Bizkaian, 300.000 tonatik gora errefusa sortzen da urtero, baina 180.000rentzako ahalmena baino ez du azpiegiturak. Zabor nahasia banatu eta tratatu egiten dute han, eta gero, bideratu. Horregatik txertatu du diputazioak TMB planta gaikako bilketaren barruan.

Datuen arabera, Bizkaiko etxe eta merkatariek 605.000 tona zabor sortu zituzten iaz. Horietatik %34 Zabalgarbira bidali zituzten zuzenean; TMB plantatik eta bigarren mailako fluxuetatik heldutako 21.000 kontuan hartuta, 227.463 tona zabor erraustu ziren iaz. Baina birziklatutako hondakin kopurua handiagoa dela adierazi du diputatuak: 278.362 tona, hondakinen ia %46 —datu horren barruan sartu dute erraustean balioztatutakoaren zati bat—. Bestalde, 3.544 tona baino ez zituzten konpostara bideratu: zabor guztiaren %0,58.