Gora dator itsasoa

Euskal Herriko kostetan aspaldi ikusi gabeko irudiak utzi ditu itsasoaren indarrak aurtengo neguan. Askotan klima aldaketari egotzi zaizkio horrelako gertakariak. Hala ote? “Itsasgora biziak gero eta sarriago gertatuko dira aurrerantzean”. Hala adierazi du Ibon Galarragak. BC3 klima aldaketa ikertzeko taldearen zuzendariorde eta ikerlaria da; klima aldaketak sozioekonomian duen eragina aztertzen du. Klimatologiaren eta meteorologiaren arteko ezberdintasuna azpimarratu nahi izan du, harremana duten arren, nahastuta agertzen diren kontzeptuak baitira. Klimatologiak, luzera begira gertatuko diren eguraldi aldaketak aztertzen ditu, eta, meteorologiak, berriz, luze gabeko eguraldia aurreikusten du. Etorkizunean, klimatologian aldaketak izango direla dio Galarragak. Aztik egindako ikerketen arabera, itsas mailak nabarmen egin du gora azken urteetan: “Urtero 0,2 milimetro igo da itsasoa”. Azken 7.000 urteetan egondako itsas maila hirukoiztu egiten du horrek. Kalkuluen arabera, urtero 0,4 milimetro igoko da. Galarraga: “Mende bukaerarako, hortaz, metro erdi baino gehiago igo daiteke itsas maila”. Adierazi du ehun eta erdi hektarea baino gehiago geratuko direla urpean. Galdutako lur eremu horien eragin ekonomikoa aztertzen ari dira BC3n: “Gure datuek, 200 milioi euroko kostua aurreikusten dute, bereziki bioaniztasunari dagokionez”.

“Joan diren asteetan ikusitako itsasgorak sarriago eta indar handiagoz gertatuko dira”, adierazi du Galarragak. Uraren igoera horren ondorioz, marea biziak daudenean, are biziagoak izatea ekarriko du horrek. Eta itsaskien indarra handiagoa izango da. Itsaskien norabidean ere aldaketak emango direla adierazi du Galarragak. Horrek zuzenean eragingo du azpiegituretan: “Gure portuak ipar-mendebaldeko itsaskientzako diseinatuta daude”, eta iparraldera jo ahala, hainbat azpiegiturak eraginkorrak izateari uztea ekar lezake. Hori barneratzea ezinbestekoa dela uste du. Bestalde, etorkizunean hondartzetan dagoen harea sarriago desagertuko dela adierazi du: “Itsas maila gora doan heinean, harea ere mugitu egingo da, gaur egun gertatzen den bezala”. Naturan ekar ditzakeen aldaketez gain, bizi-kalitatean zein turismoaren beherakadan izan dezakeen eragina azpimarratu du Galarragak. Ez hori bakarrik, klima aldaketak eta itsasoko uren gorakadak eragin zuzena izango du ibaietan. Uholdeen arriskua handitzea ekarriko du. “Bilbon, adibidez, %57 inguruan haz daitezke datozen urteetan uholdeen arriskuaren ondorioz egon daitezkeen kalteak”, aitortu du Galarragak.

Neurriak hartzea

Hainbat arlotan neurri asko har daitezkeela dio BC3ko kideak. Prebentzioari garrantzi handia ematen diotela adierazi du. Klima aldaketaren aurkako neurriak hartzean, emaitzak oso luzera begira jasotzen direla ohartarazi du. Karbono dioxidoaren isurketen adibidea jarri du: “Isuriak murriztu dituzula jakin dezakezu, baina hartutako neurrien emaitzak ez dira berehalakoan ikusten”. Aitortu du oso zaila egiten dela ziurgabetasun horrekin lan egitea. Ekosistemari jartzen zaizkion mugak aztertzea garrantzitsua da, ikerlariaren ustez. “Naturak tokia duen guneetan, egokitu egiten da: hezeguneak mugitu egiten dira, adibidez”. Errepideak eta etxebizitzak daudenean arazoak sortzen direla nabarmendu du. “Muga horiek kentzea posible den aztertzea politika ona litzateke”.

Natur zientziatik lortzen diren datuak diskurtso sozioekonomikora eta politikora hurbiltzen ahalegintzen dira BC3 taldeko kideak. “Naturaren eta ekonomiaren arteko konparaketak egitea oso zaila da”, aitortu du Galarragak. Naturaren balio infinituari kopuru ekonomikoa jartzen ahaleginetan dira politika publiko zein pribatuetan hartzen diren neurrien eztabaidetan “balantza orekatu” asmotan. “Merkaturik ez duen aktibo baten balioa estimatzen dugu nolabait”. Era horretan, erabaki publiko zein pribatuetan argumentuak mahai gainean jartzen ahalegintzen dira. Ikerketa eta politika batzea da duten helburu nagusia, informazioa trukatzeko eta elkarlana ahalbidetzeko.