Gerediaga eta Elorrio arteko bidearen kostua salatu dute

Gerediaga eta Elorrio lotuko dituen errepidea egiteko, 318 milioi euro erabiliko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak; hasieran aurreikusita zegoena baino 93 milioi euro gehiago dira. Garestitze hori ikusirik, EH Bilduk azalpenak eskatu ditu.

Koalizioko batzarkide Aitor Torrek eskatu dizkio azalpenak Itziar Garamendi Herri Lan Publikoetako diputatuari, Bizkaiko Batzar Nagusietako Herri Lan eta Garraio Batzordean. Torrek gogora ekarri duenez, %42 garestitu da obra, hasieran aurreikusita zeuden 225 milioi euroak kontuan hartuta.

Batzarkideak gogora ekarri du Europako Batasunak oharra egin duela zenbait herrialdetan kontratazio publikoetan gertatzen diren gainkostuei buruz. Era horretako jarduerek, gainera, “ustelkeria” ahalbidetzen dutela adierazi du Europako Batasunak. Gerediaga eta Elorrio arteko errepidea eraikitzeko lanen garestitzea kontuan hartuta, Torrek uste du “beharrezkoa” dela “zalantza guztiak argitzea”. Horren harira, “foru aldundiak berak” eskatu beharko luke, haren ustez, agerraldia egitea azalpenak emateko, oposizioko talde batek hala eskatuta egin beharrean.

Itziar Garamendiren esanetan, “hainbat faktoreren eraginez” egin du gora obraren kostuak. Besteak beste, “proportzio handiko” istripuetan gerta litezkeen ustekabeko gertakariak aipatu ditu, baita fenomeno meteorologikoek eragin litzaketen kalteak ere. Faktore horien ondorioz, mantentzearen kostua 1,2 milioi garestitu dela azaldu du.

BEZaren igoera eta mantentzea urtebetez luzatu izana ere aipatu ditu arrazoi gisa. 11,1 milioi euro gehiagoko gastua ekarri dute bi faktore horiek, Garamendiren arabera.

EH Bilduko batzarkidearen ustez, baina, “bada are beldurgarriagoa den beste kontu bat: itzalpeko bidesaria”. Foru aldundiak eredu hori aukeratu du finantzatzeko. “Itzalpeko bidesaria” delakoaren bitartez, enpresa eraikitzaileek azpiegitura finantzatzeko dirua aurreratzen dute, eta administrazioak gero itzultzen dizkio eraikuntza lanak, mantentzea eta kudeaketa, erabiltzaileen araberako bidesaria enpresari ordainduz.

Koalizioaren arabera, “Bizkaiko Foru Aldundiak 2016 eta 2042 artean ordaindu beharko du itzalpeko bidesaria”. Ordainketa horiei aurre egin ahal izateko foru aldundiak 1.444 milioi euroko mailegua onartu duela azaldu dute. “Hau da, batez beste, 53 milioi euro ordaindu beharko ditu urtero, sei kilometro pasatxo dituen errepidearen kostuei aurre egiteko. Horrek 8,3 milioi euro ordaintzea ekarriko du urtero, errepidearen kilometro bakoitzeko”, salatu dute.

EH Bilduk esan du datu horiekin Bizkaiko Foru Aldundiak “marka guztiak apurtu” dituela. “Uste genuen erabat galdua genuela aldundi honekin eta Supersurrak izan duen kostuarekin harritzeko gaitasuna, baina Gerediaga-Elorrio errepidearekin muga guztiak gainditu dituzue”, leporatu dio Torrek Garamendi diputatuari.

Sei kilometro pasatxo

Guztira, 6,44 kilometroko luzera izango du Gerediaga eta Elorrio lotuko dituen tarteak. AP-8 autobidearekiko lotunean hasten da bide berria, Gerediaga inguruan, Abadiñon. Elorrioko mendebaldera arte iristen da, eta han, lotura berri baten bitartez, BI-632 errepideari batuko zaio, eta Elorrioko saihesbideari jarraipena emango dio. Ibilbide osoan, bi bideko galtzada bereiziak izango ditu, proiektuak jasotakoaren arabera. Muntsaratz aldean, lotura berri batek lotuko du korridore hori N-636 errepidearekin. Garraio Sailak azaldu du horrela Abadiño eta Atxondotik bide ardatz berrira sartu eta irtetea ahalbidetuko dutela.

Obraren lan nagusiei dagokienez, bi bidezubi egin behar dituzte, 865 eta 649 metrokoak, hurrenez hurren; azpiegitura berria AP-8rekin lotzeko oinarria dira. Bidezubi horietako bat bitan banatuko da, eta beste adar bat aterako da handik: 187 metroko errepidea izango da azken hori.

Bi tunel ere izango dira: Gazteluko lehen tunelak 594 metro izango ditu, eta bigarrenak, 1.141. Bi horien artean, Gazteluko tunel faltsua eraikiko dute; 216 metroko luzera izango du. Atxondoko tunel faltsuari dagokionez, azkenik, 95 metroko luzera izango duela azaldu dute Bizkaiko Foru Aldundikoek.