Erosi, baina zaborrik sortu gabe

Jakiak poltsetan edo plastikoan bildu beharrean, zuzenean tuperrean sartzea. Erronka horixe jarri die Sopelako Udalak herritarrei. Harategira, arrandegira edo supermerkatura joatean, jaki guztiak plastikoan biltzeko ohitura dago egun. Etxetik tuperra eramatea eta elikagaiak bertan jartzea proposatu du udalak. Helburua: plastikozko eta paperezko hondakin kopurua ahalik eta gehiena murriztea. Sopelako Hondakinen Kontseiluak bultzatutako kanpaina da. Herriko eragileak eta alderdi politikoetako kideak biltzen dira kontseilu horretan.

Hondakinen kudeaketaren eztabaida bolo-bolo dagoen gaia da: bosgarren edukiontzia, atez atekoa edo auzoetako konposta, herri bakoitzean zein eredu jarri eztabaidatzen ari dira hamaika txokotan. Sopelako Udalak, ordea, sortutakoari irtenbidea nola eman pentsatu ordez, aurrerapauso bat ematea erabaki du: hondakin gutxiago sortzea. “Birziklatzean murgildu aurretik, hondakin kopuruaren murrizketa eta berrerabiltzea bultzatu nahi dugu”, adierazi du Saioa Villanueva alkateak.

Tuperraren dinamikak horri erantzuten diola aitortu du Villanuevak. Egunerokotasunean egiten den keinu txikia da, baina ingurumenaren zaintzan eragin zuzena izan dezake, elikagaiak gordetzean ez delako inolako hondakinik sortzen.

Herritarrei erraztasunak emateko asmoz, tuperrak banatzen ari da udala. Familia unitate bakoitzak bat eskuratu dezake, doan. Udaletxera edo Larrabasterrako udal bulegora joan behar dute horretarako. Martxoaren 31 izango da horiek eskuratzeko azken eguna. Otsailaren 7an abiatu zen egitasmoa, eta oraingoz oso harrera ona izaten ari dela adierazi du alkateak: “Lehenengo astean 200 familia inguru etorri ziren tuperra hartzera”. Aitortu du astiro eta pazientziarekin hartu behar dela egitasmoa: “Oraindik goiz da emaitzak ikusteko”.

Dendarien artean ere harrera ona izaten ari da. Gehienek egin dute bat egitasmoarekin. Intxausti arrandegiko langilea da Iñaki Marañon, eta begi onez hartu du egitasmoa. Baina aitortu du jendearen ohiturak aldatzea oso zaila dela: “Jende askok tuperra hartu eta etxean erabiltzeko gorde du”. Eizmendi harategiko Juan Antonio Eloizagak ere bat egin du egitasmoarekin. Adierazi du oraindik goiz dela balorazioa egiteko: “Jendea erosoegia da, eta kosta egiten zaie ohiturak aldatzea, baina goizegi da balorazioetarako”.

Kontzientziazioaren beharra

“Udalak lagundu egiten du, baina herritarrak kontzientzia hartzea ezinbestekoa da”, adierazi du alkateak. Hasiera batean, jakiak ez nahasteko plastikoan bildutako elikagaiak tuperrean sartzen zituztela aitortu du. Eta hori saihesteko azalpenak eman behar izan dituztela. “Plastiko eta paperik gabe, zuzenean janaria tuperrean sartzean dago egitasmoaren eta birziklatzearen gakoa”. Adierazi du jaki guztiak nahastuta tuper bakarrean sartu nahi ez duenak tuper gehiago eraman ditzakeela etxetik. “Ohitura aldaketa bat da”, aitortu du Villanuevak. Adierazi du plastikozko poltsekin gauza bera gertatu zela, “ohitu arte denbora pasatu zen”, eta normaltzat hartzen da orain: “Kontzientzia piztea da gakoa”.

Herritarrak motibatzeko eta herriko komertzioa bultzatzeko sariak banatuko ditu Hondakinen Kontseiluak. Tuperrarekin erosketak egiten dituztenek kutxa batean ordain agiria sartu eta denen artean zozketa bat egingo dute hilero. Saria: 30 euroko erosketa eta tuper txikiago bat.

Tuperrarena ez da udalerrian hondakinen kopurua murrizteko egin duten lehen egitasmoa. Hondartzetako tabernetan plastikozko edalontzi berrerabilgarriak erabiltzen dira, eta antolatzen diren herri bazkarietan ere plater berrerabilgarriak banatzen dituzte. Mahai tresnak etxetik eramaten dituzte herritarrek. Biharko aratuste egunerako antolatu duten herri bazkarian, adibidez, hondakin kopurua asko murriztuko dute.

“Sortzen den hondakin guztitik oso kopuru txikia birziklatzen da Sopelan”, adierazi du Villanuevak. Eta hori aldatzea da udalaren asmoa. Martxoaren 26rako solasaldi bat antolatu du Hondakin Kontseiluak. Kontseiluaren egitasmoak azaldu eta hondakinen kudeaketa ereduak aurkeztuko dituzte. Villanuevaren arabera, “ereduak azaltzea eta zalantzak argitzea izango da asmoa”.