“Eredu birsortzaileaz sortutako jakiak ez dira elitearentzat bakarrik”

“Nekazaritza ekologikotik haratago” doan nekazaritza birsortzailea ezagutu, eta proiektu hori garatzen hasiko da laster David Calleja (Portugalete, 1978), lagun batekin batera, Lezaman. Eredu horri buruzko hitzaldia eman zuen atzo, Mungian.

Zer da nekazaritza birsortzailea?

Nekazaritza ekologikotik haratagoko pauso bat da. Nekazaritza iraunkorraren adar bat litzateke nekazaritza birsortzailea. Ekologikoaren garapen bat da: ekologikoa logikoa bada, nekazaritza birsortzailea haratago doa.

Diozuenez, orain arte erabilitako erremintak kalte egiten ari zaizkio planetaren eta gizakiaren etorkizunari, eta nekazaritza birsortzailearen erremintek, ostera, planeta konpontzeko bidea ematen dute. Zein da kalte hori, eta zelan lagun dezake nekazaritza eredu berri horrek?

Nekazaritza birsortzaileak lurra leheneratzen laguntzen du. Erabiltzen dituen teknikekin lortzen da lur eremuan ura denbora luzeagoan gordetzea eta karbono dioxidoa lurrean gorde ahal izatea. Horrekin guztiarekin, ur galera geldiaraztea lortzen dugu.

Zein teknikari buruz ari zara?

Hainbat teknikaren konbinazioa da. Ohiko nekazaritzaren ikuspegi aldaketa dakar eredu berri honek. Batetik, abeltzaintza eta nekazaritza uztartzea du oinarrian; batak bestea sostengatzen duela esango genuke. Animalien laguntza aprobetxatzen dugu soroetarako ongarriak lortzeko. Izan ere, zergatik mugituko ditugu animaliak jana duten leku batetik, beste toki batera eramateko? Orain, janaria urrutiko leku batean ekoizten dugu, horretarako baliabide asko eta asko bideratuta. Hainbat energia alferrik galtzen dugu, eta, gero, animaliei elikagaia eramaten diegu, animaliak janaria ekoizten dugun lekuan bertan egon beharrean.

Bataren eta bestearen batasuna lortzea da oinarrietako bat: zentzuzko artzaintza, hain justu. Lurra eta ura uztartzea da beste oinarri bat, eta, horretarako, goldatzeko eran jarri behar da arreta. Lurra iraultzeko teknika baztertu egiten da, oro har. Beharrezkoa ez bada, beraz, saihestu egiten da gehiegi goldatzea.

Zer dela eta?

Hori eginda, agerian uzten ari gara lurrean dagoen bizi osoa. Nekazaritza birsortzaileak lurra eta landak lehenera ekartzea du helburu; lurrean bizia mantendu gura dugu. Prozesu guztiaren ostean, hiltzen ari dira gu osasuntsu eta modu orekatuan elikatzeko landareak landatzen ditugun lurzoruak. Lurzoru hilekin topo egin dugu, horrenbeste pestizida, herbizida eta fungizida erabiltzeagatik. Nekazaritza birsortzaileak lurzoruaren bizitza handitzea du helburu, landareen eta gure elikagaien kalitatea areagotzeko.

Oinarrietatik, norberaren lanetik abiatuta gauzak aldatzeko bidea ematen duten teknikak aurkezten dituzue. Horri ere garrantzitsu deritzozue.

Bai, noski. Kanpoko ongarri, energia eta gainerakoen abusuak gutxitzen saiatzen gara. Kanpoko aldearen mendekotasun ahalik eta gutxien izaten saiatzen gara, eta guregandik hurbil dauden materialak erabiltzen. Esaterako, behien gorotzak erabiltzen dira ongarri gisa.

Berrerabilpena ere gustuko dugu, gauzak birziklatzea. Norberak asma ditzake teknika merkeak. Ekoizpen kostuak izugarri txikitzeko aukera ematen digu horrek.

Nekazariek, oro har, diru asko xahutzen dute horretan: ongarriak, haziak eta tratamendu fitosanitarioak erosten, hain zuzen. Kimika eta farmazia multinazionalen mende daude. Guk proposatzen dugun ereduarekin, ostera, edonork izan ditzake eskuragarri gauzak ondo egiteko oinarrizko baliabideak. Ingurumena, lurra, iraunkortasuna, gizartea… guztiak errespetatuz lan egiteko modu bat da, gainera.

Zer-nolako esperientzia dago alor horretan Bizkaian?

Apurka-apurka ari gara. Iberiar penintsulan, urtebetetik gora darama ereduak zabaltzen; Europan, aurretik ari dira. Bizkaiko nekazaritza eredua oso lokala da, oso txikia; ez da Arabakoa bezain estentsiboa.

Ikusi dugu badaudela nekazaritza birsortzailea lantzen hasi diren nekazari batzuk: ortuari otzarak prestatzen dituztenak dira horietako batzuk. Bakoitza, dena den, bere erritmora ari da. Urduñan, artzaintza alorra ere aplikatzen ari dira. Aurrerapauso handiak gauzatzen ari dira. Norbanakoak dabiltza horretan, baina hedatzen ari da. Gainera, interes handia pitzarazi du gai honek.

Produktu ekologikoak eta nutrizio balio handikoak sortu eta guztion esku egongo direla diozue. Aldi berean, ekoizleak irabaziak handituko ditu. Nola izan daiteke hori?

Ekoizleak ez ditu irabaziak handituko; hau ez da panazea bat, eta hori ere ez da helburua, gainera. Trantsizio prozesu bat da hau. Ekoizleak ez ditu kanpoan erosi beharko produktuak; beraz, diru gutxiago galduko du horretan. Denboraren poderioz, ekoizpenak gora egingo du. Kostu handiak aurreztuko dituzte nekazariek, eta aukera daukate zalantzazko ospea duen industriari gauzak erosteari uzteko.

Bestalde, nekazaritza birsortzaileak darabiltzan formulak ezagutzera ematea da gure filosofia. Formula horiek ezagunak izatea nahi dugu, elkarlanean arituta eta nekazarien arteko lehiakortasuna baztertuta.

Ekoitzitako elikagaiei erreparatuta, bestalde, helburua ez da elitearentzako jakiak sortzea. Izan ere, produktu ekologikoak tranpa bihurtzen ari dira: aberatsentzako produktu bihurtu dira. Badirudi elikadura osasuntsua eta duina eskuratzeko eskubidea daukazula baldin eta ordaintzeko dirua baldin baduzu. Dirurik ez baduzu, berriz, behartuta egongo zara elikagai merkeak eta kalitate txarragokoak erostera.

Etiketak jartzea ez zaigu gustatzen. Edozein fruitu dendatan era horretako elikagaiak erosteko aukera izatea nahi dugu, eta erosleak jakin dezan konfiantza osoarekin eros ditzakeela produktuok, oso onak direlako. Halaber, ez dugu nahi produktu horiek erosteagatik plus bat ordaindu beharrik izatea. Izan ere, zigiluek hori eragiten dute.

Zelan sartu zara zu mundu honetan?

Ni ez naiz elkarteko kide. Agricuturaregenerativa.org elkartearen helburua ez da kideak bereganatzea; helburua haztea da. Ideia mordoa sortzen ari dira. Duela urte eta erdi egin genuen lehen ikastaroa Gasteizen, eta gero, lantaldeetan antolatzen hasi ginen. Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa, Errioxa eta Burgos elkartu gara, eta sare handia osatzen ari gara. Ni paisaia pintorea naiz, eta eskuak lurrean sartzen hasteko hautua egin dut. Lagun batekin batera ikasi ditugun gauza hauek guztiak aplikatzeko, lur eremu bat eskuratu dugu Lezaman.