Arabako Biltzarrek Gasteiz eta Durango arteko autobus lotura hobetzea onartu dute

Arabako Biltzar Nagusiek Durango eta Gasteiz arteko autobus zerbitzua hobetzeko eskaria onartu dute. Durangoko Udalaren eskariz eraman zuten mozioa Gasteizera. Hala ere, EAJk aurkeztutakoaren ordez, PP ez beste alderdi guztiek adostu zuten beste bat onartu zuten.

Sozialistek, EH Bilduk, Ezker Batua-Berdeek eta EAJk onartutako mozioak “hiri arteko garraioaren sare berria indarrean sartu aurretik, proiektu horrek jasotzen dituen neurriak berehala martxan jartzeko” konpromisoa jaso du.

Gainera, Arabako Foru Aldundiak berak adjudikatutako autobus lineetan “kalitatezko zerbitzuak bermatzera” premiatu dute. Segurtasun eta ibilerraztasun alorrei dagozkien legezko eginbeharrak betetzeko deia ere egin diote. Horren harira, “legeak ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen ez dituztenei lizentziak kentzeko edo hitzarmenak salatzeko” konpromisoa ere eskatu diote.

Durango eta Gasteiz arteko autobus linearen “ohiko erabiltzaileek aurkeztutako salaketa eta kexak ikusirik”, Eusko Jaurlaritzarekin batera zerbitzua ikuskatzeko deia egin diote foru aldundiari. Horrez gain, autobus enpresari zigorra ezartzeko eta beharrezkoa izanez gero adjudikazioaren luzapena baliogabetzeko eskatu diote.

Bizkaiko eta Arabako foru aldundiei, bestalde, galdegin diete Euskadiko Garraio Agintaritzari garraio zerbitzurako proposamen bat egin diezaioten, eta erakundeen arteko elkarkidetza formula bat ezar dezatela Gasteiz eta Durango arteko linearen erabiltzaileen mugikortasun beharrizanei erantzuteko.

Azkenik, Arabako Foru Aldundiari deia egin diote aipatutako autobus lineak igarotzen dituen herrietako “udalekin batera garraio zerbitzu hori diseinatu, eguneratu eta hobetzeko elkarlanean aritzeko eta aukerak elkarrekin aztertzeko”. Mozioa, gainera, aipatutako erakundeetara eta linea hori adjudikatua duen autobus enpresara helaraziko dute.

Durangaldean, pozik

Aitziber Irigoras Durangoko alkatea, Mari Jose Bailer alkateordea eta Iker Oceja Garraio zinegotzia izan ziren erabakiok hartu zituen osoko bilkuran, Gasteizen. Irigoras “pozik” azaldu da, mozioak “ia alderdi guztien babesa izan duelako eta durangarren eskaerak oihartzuna” izan duelako. Hala ere, “hemendik aurrera erne” ibiliko direla adierazi du, “mozioaren edukia bete dadin”.

Durangoko Udalak bi urte inguru daramatza autobus zerbitzu horretako erabiltzaileen kexak jasotzen. Udalak jakinarazi duenez, “segurtasun eta iristeko erraztasun falta, ordutegi desegokiak eta atzerapenak” dira, besteak beste, Durango eta eskualdeko erabiltzaileek salatutakoak.