30 milioi euro ekarriko ditu munduko saskibaloi kopak

“Irabazi handiak” ekarriko dituzte Bizkaira munduko saskibaloi kopako lehen faseko partidek. Hala iragarri du Bizkaiko Foru Aldundiak. Kopak izango duen eragin ekonomiko eta soziala aztertzeko, txosten bat egin dute. Jasotako datuen arabera, 30 milioi euro ekarriko dizkio Bizkaiko barne produktu gordinari, eta 314 lanpostu sortuko dira. Ekonomiaren Sustapenerako foru diputatu Imanol Pradales eman ditu datuak ezagutzera, Gabino Martinez de Arenaza Turismoko eta Kanpo Sustapenerako zuzendariak lagunduta.

Abuztuaren 30etik irailaren 4a bitarte hamabost partida jokatuko dira Barakaldoko BECen. Egun horietan, 22.500 bisitari espero dituzte. Munduko saskibaloi kopa Bizkaian jokatzeak “aukera ekonomikoa” ekarriko du lurraldera, diputatuaren irudiko. Txostenean jasotako datuen arabera, “zuzenean hogei milioiko eragin ekonomikoa izango du ostalaritzan, saltoki txikietan, eraikuntzan eta garraioan”. Eta zeharka “beste hamar milioi euro” jasoko direla adierazi du Pradalesek. Azken horretan higiezinak, energia arloko jarduerak eta hainbat familiak “eskura” diru gehiago izatearen ondorioz eragindako gastuak jaso dituzte.

“Guztiei” mesede

Hoteletan, jatetxeetan eta tabernetan batez ere igarriko dituzte onurak. Baina, Pradalesek nabarmendu duenez, lehendik zegoen enplegua mantentzeaz gain, 314 lanpostu sortuko dira Bizkaian. Ostalaritzan, enpleguari bere horretan eutsiko zaio, baina eraikuntzan, denda txikietan, higiezinen sektorean, edarienean eta argindarraren esparruan lanpostu berriak sortuko dira.

Jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren igoeraren ondorioz, zerga bilketak ere gora egingo du. 2,9 milioi euroko gorakada aurreikusi dute. Datu horiek guztiak aintzat hartuta, kopak “herritar guztiei egingo die mesede”, Pradalesen arabera.

Munduan ekitaldiak izango duen oihartzunaren datuak ere jaso nahi izan dituzte txostenean. Diputatuak adierazi duenez, “ehunka aditu” etorriko dira kirol ekitaldiaren berri zuzenean ematera. Koparen berri 160 herrialdetan baino gehiagotan emango dute telebista bidez. Guztira, 400 milioi ikusle izango dira. “Horiei, Interneten eta sare sozialen bitartez koparen nondik norakoak jarraituko duten pertsona guztiak gehitu behar zaizkie”. Mundu osoan izango duen hedapen horrek Bizkaiari mesede egingo diola uste du foru aldundiak.

Bilduk azaldu duenez, Pricewaterhouse enpresak egin du txostena: “Ez da enpresa egokiena halako txosten bati sinesgarritasuna emateko, 2012. urtean Auzitegi Gorenak kondenatu egin baitzuen txosten okerra egin eta jokabide arduragabea izateagatik”.