Tren geltokia, ostatua, polizia etxea…

Etzi ehun urte beteko dira Bilboko Atxuri auzoan oraindik ere zutik dirauen tren geltokia inauguratu zutela. Mende honetan milioika lagunentzat Bilboko ateetako bat izan da. Bizkaiko hiriburuan egun handia izan zen 1914ko otsailaren 23 hura.

Ferrocarriles Vascongados enpresa izan zen hura eraikitzeko lehiaketa martxan ipini zuena. Azillonako markesa presidente zuela, garai oparoan bizi zen konpainia, eta inaugurazioan argi utzi nahi izan zuten. Garaiko egunkari guztietan agertu zenez, otordua eskaini zieten Bizkaiko ehun bat pertsona garrantzitsuri. Gasteizko gotzaina bera izan zuten buru. Eta 130 beharginentzako jai berezi bat ere antolatu zuten. Mendeurren ospakizuna apalagoa izango da. Domekarako argazki erakusketa zabaltzeko ekitaldi xumea antolatu du Eusko Trenbideak enpresa publikoak. Ana Oregi sailburua tartean izango da.

Juanjo Olaizola tren eta trenbideen historialariak gogora ekarri du Atxuri kaleko 10. zenbakian zegoen honen aurreko geltokia. “Bilbo eta Durango arteko trenarentzat egindakoa zen, txikia. Baina trenbidea haziz joan zen. Eibarrera eta Zumarragara luzatu zuten. Elorriora beste adar bat zeukan. Gernika eta Zornotza arteko trenbidearekin ere lotu zen. Eta, azkenean, Donostiaraino luzatu zen. Beraz, XX. mendea hasi zenean azpiegitura zaharkituta eta eskas geratu zen”.

Eta hori gutxi balitz bezala, istripu batek geltoki zaharra hankaz gora ipini zuen. 1911n izan zen. “Geltokia metalezko estalki baten azpian zegoen, Abandokoa bezala. Tren bat bidetik irten zen, oinarria jo zion, eta erori egin zen azpiegitura guztia”, ekarri du gogora.

Horrela, bada, eraikin bat eta garbitegi bat erosi zituzten, Zazpikaleetatik berrehun bat metro gertuago. Hau da, gaur egun dagoen lekuan. Lehiaketa bat abiatu zuten eta Bizkaiko arkitektorik garrantzitsuenek parte hartu zuten. Manuel Maria Smithek irabazi zuen. Bilboko Carlton hotela, Leioako Artaza jauregia eta Etxebarriko eliza ere bereak dira, beste hainbat eraikin garrantzitsuren artean. “Diseinatzeaz gain, berak zuzendu zituen lanak, bertatik bertara”, nabarmendu du.

Geltokiak bazuen berezitasunik. Trenbideen gainean gaur egun bulegoak daude, Eusko Trenbideak konpainiarenak. Baina hasieran ez. “Eraiki zutenean jatetxe bat ireki zuten lehen solairuan, kafetegi eta guzti. Oso elegantea zen, gainera. Terraza handi bat zeukan, itsasadarrera begira. Erlojua dagoen dorrean, berriz, ostatu bat ipini zuten. Zortzi edo hamar logela zituen”. Hain zuzen ere, jatetxe hartan egin zen inaugurazio otordua.

Beste berezitasun bat ere bazuen: estilo arkitektonikoa. “Estilo neobaskoa erabili zuen. Garai hartan ez zen batere ohikoa. Ordura arte tren geltokiak ez ziren tokiko estiloan eraikitzen. Espainian kasu bakarra zegoen: Sevilla eta Huelva arteko trenbidean, 1841ean, estilo neomudejarrean eraiki zuten geltokia. Oso-oso polita. Baina gehiago ez, Bilbokoa egin arte”. Ferrocarriles Vascongados konpainiak eraiki zituen hurrengo geltokiak estilo horretan egin zituen: Usurbil, Lasarte, Txaparrenea eta Añorga. Zumaia eta Zumarraga arteko trenbidean ere estilo berbera erabili zuten. Eta beste horrenbeste egin zuen Norte konpainiak Bilboko eta Miranda arteko trenbideko geltokiak berritu zituenean.

Erabilera aldaketak

Gerora beste egokitzapen batzuk izan ditu. Hasieran astialdirako erabiltzen ziren goiko solairuak polizia etxe bihurtu zituzten 1936ko gerran. Orduko Ertzaintzak bazuen trenbideetarako unitate berezi bat, eta Atxurin zeukaten egoitza nagusia. Gaur egun, ostera, Eusko Trenbideak konpainiak hantxe dauzka bulegoak.

1983ko uholdeek ere eragin zuten aldaketarik. Sei metro arteko garaiera hartu zuen urak, eta hondamendi hura konpontzeko goitik beherako zaharberritze lanak egin behar izan ziren. Azken moldaketa berriagoa dela dio Olaizolak. Bilboko tranbia martxan ipini zenean erabiltzaileentzat egokitu behar izan zuten.