Kultur etxe txikiagoa egin dezaten, “gerra” emango dute Itzubaltzeta auzokoek

Getxoko Itzubaltzeta auzoko bizilagunek ez dute nahi udalak egingo duen kultur etxe “handirik”. “Bi solairu ken diezazkioten eskatzen dugu. Izan ere, Itzubaltzeta auzorako handiegia da, eta diru mordoa xahutuko da horretan”, adierazi du Itzubaltzetako auzotarren elkarteko Miguel Angel Rodriguezek. Baina hori ez da haien kexen arrazoi bakarra. “Auzoetan kultur etxe gehiago behar direla uste dugu guk, ez Getxo osorako kultur etxe erraldoi bat”.

Elkarteak badaki udalak egin egingo duela obra. Izan ere, horretan hasiak dira dagoeneko. “Horretan tematu dira, eta aurrera egin nahi izan dute. Eta ziur naiz hala egingo dutela. Hala ere, gerra emango diegu, ahal dugun beste”.

Hasteko, elkarretaratzea egin zuten joan den domekan; hainbat herritar bildu ziren. Deialdiak “arrakasta izugarria” izan zuela azaldu du Rodriguezek. “Azken urteetan Itzubaltzetan ez da atera horrenbeste jende protesta egitera”, esan du. Lehenago herritarren mila sinaduratik gora lortuta zituzten, gainera. Argi utzi dute ez daudela kultur etxearen aurka: “Gura ez dugun gauza bakarra da eraikina faraonikoa izatea”.

Dena den, zehaztu dute elkarteak ez duela “indarkeria kutsurik” izan orain artean, eta aurrerantzean ere horrelakorik ez dela gertatuko. Hala ere, aitortu du ez dakitela proiektua aldatzeko zer egin dezaketen. Konponbide bat planteatu du: “Ez alkateak gura duen bestekoa, ezta guk eskatzen dugun bezalakoa ere. Erdibideko zerbait egin liteke: bi solairu kendu beharrean, bakarra kentzea, esaterako”. Aukera horri jarraituta, udalak “milioi bat euro” aurrez dezakeela deritzo. “Zortzi milioi euroko eraikin bati buruz ari gara”, gogorarazi du. “Getxo antzokiko obrarako 30 milioi euro aurreikusi zituzten, eta dagoeneko 40 gastatu dituzte”.

Domekan lortutako babesak indar handia eman die. Izan ere, elkarteko kidearen arabera, gerta zitekeen, sinadurak lortu arren, jendeak azkenean amore ematea eta pentsatzea: ‘Eraikina egin dezatela, bada’. Hori gertatzen bada, ez ni eta ez elkartea ez gara agertuko auzoak dioenaren kontra”.

Rodriguezek jakinarazi du auzotarrak “kontra” egon direla udalak Itzubaltzetako kultur etxea aurreikusitako moduan eraikitzeko proiektua hasi zuenetik. “Tamaina handi horren aurka azaldu gara hasieratik”. Hori dela eta, sarritan hitz egin dute udaleko arduradunekin. “Behin eta berriz adierazi diegu gure ustez zein beharrizan dituen auzoak. Haiek, ordea, tematuta daude, eta formula horixe dela uste dute: kultur etxe handi bat egitea”. Beraz, oraingoz akordiorik ez dutela lortu onartu du.

“Gure protestak desitxuratzeko, udalak behin eta berriz esan du eraikinak berak enbarazu egiten diela kultur etxea eraikitzen ari diren eremuko bizilagunei. Hori ez da horrela, ordea. Izan ere, elkarteko zuzendaritza batzordea osatzen dugunotatik bat bera ere ez da inguru horretan bizi”, argitu du Rodriguezek.

“Kulturaren kudeaketa orain baino hurbilagoa” izan dadila eskatu dute. “Kultur etxea norbere etxetik 100 metrora izanda, kulturune hori gehiago erabiliko dela uste dugu; hala azaldu digute herritarrek ere”. Kultur etxe handi eta bakar bat Itzubaltzetan jartzea, berriz, kultur jarduerentzako kaltegarria izango dela deritzote.