Ikusitakoa, argazkitan

Leo Simoes argazkilariaren erakusketa ikusgai dago Durangoko Arte eta Historia museoan. 2005 eta 2009 artean Marokora egindako hainbat bidaiatan du abiapuntua. Dias de lluvia y sol (Euri eta eguzki egunak) ipini dio izena. Joan-etorri horietan ateratako argazkietatik 30 inguru aukeratu eta atondu ditu.

Artistaren beraren esanetan, erakusketak “bidaiaria den argazkilari baten esperientzia” islatzen du, “gaur egungo Marokon”. “Herrialdearen zati handi batean barrena ibili nintzen, iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera. Hiri handiak zein Atlaseko herrixka amazigh txikiak bisitatu nituen”. Bertako bizilagunen etxeetan hartu zuen ostatu. Atlas, Agadir, Rabat, Lalla Takerkoust, Tetuan, Taza, Tanger zein Tiznit bisitatu zituen, besteak beste.

Bere ibilbide osoan izan dituen proiektuen artean “beste bat gehiago” da Durangon ikusgai dagoena. Ez du apartekotzat jo. “Kasu honetan, bidaiaren esperientzia” islatu nahi izan du. Eta, bide batez, “agertokitzat geografia zehatz bat aurkitu izana ere” nabarmendu du.

Koloretako argazkiak ere egiten dituen arren, erakusketa honetan dauden guztiak zuri-beltzean ateratakoak dira. Hala azaldu du Nerea Ubieto teknikariak erakusketak iradokitzen duena: “Bidaiak aurpegi eta leku ezezagunez beteta daude. Hala ere, bat-batean norberaren errealitate gertukoenaren parte bihurtzen dira. Gauza berrien inguruan harritzeko ahalmena hazi egiten da, jasotzen diren estimuluekiko arreta berezia jartzen da, eta norberaren inguruan sortzen diren loturekiko jakitunago bihurtzen da norbanakoa. Kanpoko mundua ezagutzeko aurretiko jarrerak norberaren ezagutzan eragiten du horrela”.

Leo Simoesek ikasketa pertsonalaren prozesu hori bere argazkien bitartez ezagutarazi duela deritzo Ubietok. Horrez gain, argazkiok “ikusle aktibo” gisa begiratzera gonbidatzen du bisitaria, “norberak bere kontakizuna sortzeko moduan”. Argazkien bitartez, irudikatutako lekuetako bizilagunen bizitza ezagutzeko aukera ematen du, gainera. Kultura desberdinen gainetik batzuen eta besteen beldur eta kezka berberak ageri direla ikus daiteke. Martxoaren 2ra arte izango da erakusketa bisitatzeko aukera.