“Erreforma onartzen bada, udalek hurbileko erakunde izateari utziko diote”

Espainiako Tokiko Administrazioen Legeak herritarrengan ondorio zuzenak izango dituen arren, Francisco Javier Muñoz Bilboko Auzo Elkarteen Federazioko presidenteak (Bilbo, 1943) uste du ez zaiola eman merezi duen oihartzuna. Bidea abiatu du daborduko erreformak, eta eskumenak foru aldundiaren edo Eusko Jaurlaritzaren eskuetara igarotzeak eragingo lituzkeen ondorioen berri eman du Muñozek. Aldaketen aurka protesta egiteko, hainbat elkarretaratze egiten ari dira.

Zenbateko indarra sumatu duzue elkarretaratzean?

Aurreikusia genuen ez zela handia izango. Iritzi publikoa oraindik ez da jabetu ondorio larriak sor daitezkeela lege honen aterpean. Berrehun lagun inguru elkartu ginen. Balio sinboliko handia duen zerbait gertatu zen, hala ere. Ez da erraza izaera aurrerakoia duten alderdiak elkartzea, eta, han, PSE-EE, Bildu, Aralar eta EBko ordezkariak elkartu genituen. LAB, CCOO eta UGT ere izan ziren, hainbat elkarterekin batera. Bilboko auzo elkarteetako kideez gain, Bizkaiko beste elkarteetakoak ere izan ziren, gainera. Pozik gaude emaitzarekin.

Zein udaletan eragingo du tokiko administrazioen erreformak?

Herrietako populazioaren araberakoa izango da. Batzuetan, gainera, legeak udalak bat egitea inposa dezake, herritarrek nahi izan zein ez. Hala ere, udal guztietan eskumenen transferentzia egongo da. Horrek baliabide ekonomikoen transferentzia ere sortuko du udaletatik foru aldundietara, eta, zenbait kasutan, baita Eusko Jaurlaritzara ere.

Espainiako Gobernuak nola kudeatu gura ditu administrazio publikoak?

Hasteko, eskumenen transferentzia egin nahi dute; hau da, orain arte zituzten batzuk kendu. Horrez gain, inposatu egiten da iraunkortasuna eta zorrik ez egoteko betebeharra. Hala ere, gure ustez, tarte batzuk onartu behar dira. Izan ere, erakunde guztiak zorpetu egiten dira. Kontu bat oso garrantzitsua da, gainera: zorraren zenbatekoari erreparatuta, udalena %4 besterik ez da, eta gainerako administrazio publikoen kasuan, %88 da.

Nola egingo duen? Bada, kontu hartzaile eta idazkariek zeregin eta erabaki ahalmen handiagoak izango dituzte. Hautatutako zinegotzien lanak ordezkatuko dituzte, hein batean.

Dena den, alor horretan foruen berezitasunak errespetatzeko akordioa erdietsi zuten Espainiako Diputatuen Kongresuan, ezta?

PPk eta EAJk sinatutako zuzenketa hori kea besterik ez dela deritzogu, aitzakia bat besterik ez. PPk dio erreforma honen atzean administrazio lokalen arrazionalizazioa eta iraunkortasuna dagoela, eta guk ere itxura bera hartzen diogu akordioari. Ordena demokratikoan, botere politikoan eta erakundeetan atzeraldia dakarren guztia errepikatzen da hemen. Botere politikoa eskuz aldatzea ahalbidetuko du legeak, diruaren gaineko kontrola ere ekarriko duelako. Gaur egun, dagoeneko, oso handia da. Babesa udal batzuei edo besteei emateko aukeraketa hori areagotu egingo da. Gainera, udaletan hain gaizki banatuta dauden eskumen autonomikoek kalte handiak izango dituzte, foru aldundien mesedetan.

Udal lege propiorik ez duen autonomia erkidego bakarra da gurea. Lege horrek traba handiak izango ditu. Tokiko administrazioan aditua den abokatu batek, gainera, hainbat azalpen eman dizkigu gai honen inguruan, eta ondorioak azaldu.

Beraz, erreforma aurrera badoa, zein ondorio antzemango dituzte herritarrek zuzenean?

Oinarrien lege bat da; norabide politiko bat markatzen du. Beraz, hemendik aurrera, lege jakin batzuetan aldaketak eragingo dituen ibilbide bat hasiko da: Lurzoruaren Legea, Etxebizitza Legea, Ingurumen Legea, Gizarte Arretarako Legea… Lege horiek udalen eskumenak ziren. Foru aldundiak erabakiko du aurrerantzean hala jarraituko duten edo eskumena aldatuko den.

Esaterako, hirigintzari dagokionez, kaleak nork garbitzen dituen edo nork asfaltatzen dituen, edo etxetik kaleratzen dituztenei nork lagunduko dien… Lan horiek guztiak udalek hartzen dituzte beren gain. Legea aurrera badoa, foru aldundiaren edo Jaurlaritzaren esku geratuko dira.

Udalak hurbileko erakunde izateari utziko dio. Izan ere, askoz errazagoa da udalaren zerbitzu batera jotzea, foru aldundira baino. Eta herritarren parte hartzea ere hobeto gauzatzen da udalean.

Askok esan digute udalak ez direla oso eredugarriak izan eta norbaitek geldiarazi egin behar dituela. Argi dago udalak edo klase politikoa, oro har, ez direla eredugarriak izan. Hala ere, udalak desagerraraziko ditugu horregatik? Gogoeta egin behar da. Guretzat errazagoa da udalak demokratizatzea. Europako estatuen baliabide ekonomikoen %25 udaletara iristen da. Hemen, estatuan, %12 da kopuru hori —EAEn, pixka bat handiagoa—. Uste dugu Espainiak atzerapen prozesua abiatuko duela lege horrekin; herritarrek urrutiago izango dute zerbitzua emango dien erakundea.

Zerbitzuok esku pribatuetan geratuko direla salatu duzue, gainera.

Legeak horretarako bidea zabaltzen du, bai. Hain zuzen, enpresa pribatu batek eskaintza merkeagoa egiten badio foru aldundiari udalek orain arte ematen zuten zerbitzua edo antzekoa egiteko, erakunde horrek zerbitzu hori inposa diezaioke udalari. Madrilen izan dira horren adibideak. Argi eta garbi ikusi dugu hori hiriburuko garbiketa enpresako langileen gatazkan.

Zer egin daiteke legea geldiarazteko? Bada aukerarik?

Inposatutako lege bat da. Geldiarazten ez bada, PPk, gehiengo osoarekin, aldatu egingo du legea. Guk Bilbon eta Bizkaian zer gertatzen ari den jabetzea lortu nahi dugu. Erantzun bateratua eman behar zaio auziari.