Eraikina bizirik dagoenean

Bilboko Kafe Antzokira sartzean, taberna, mahai-aulkiak, tertulia eta giroa dira hirugarren zentzumenarekin hautematen den lehen gauza. Eraikin bat, leku fisiko bat ikusten da. Baina bizirik dagoen eraikin bat da Bilbokoa. Egoteko edo izateko arrazoietan jarri behar da arreta. Eta, horretarako, sei zentzumenak esna izatea da gakoa.

Frankismo garaiaren ondoren, euskaltegien sorrera asko indartu zen. Giro horretan hasi zen josten gaur egungo Kafe Antzokiaren sarea. Gabriel Aresti euskaltegia izan zen lehen harria. Eta bide hori luzatu eta luzatu ari da orain ere. 1.300 ikasle inguru ditu. Euskara ikasteaz gain, berba egiteko guneak ere behar zituen Bilbok. Horren inguruan hausnartzeko, Zenbat Gara elkartea sortu zuten euskaltegiko hainbat irakaslek. “Hizkuntzak ekologikoki behar duen ingurua eskaini beharrekoa zen”, adierazi du Mikel Urbeltzek, antzokiko kultur arloko arduradunak. “Euskaldunak sortu eta gero, ezin dira utzi itotzen diren ingurune batean”. Hausnarketa horretatik abiatuta ireki zituen ateak Bilboko Kafe Antzokiak, 1995ean. “Herri euskaldun baten simulazio bat egin nahi zen hiri zentroan”, adierazi du Axular Etxaburuk, Zenbat Garako kideak. Geografikoki zein psikologikoki Kafe Antzokia sortzeak ondorio bikoitza ekarri zuela nabarmendu du: “Bilbo erdian euskalduna izan zaitezke, eta kultura bizi dezakezu konplexurik gabe”.

Baina Kafe Antzokia ez zen izan sortu zuten bakarra. Sarea osatzen jarraitu eta hainbat arlotan proiektu berriei ekin zieten. 1997an, adibidez, Bilbo Hiria irratia ireki zuten. Eta beste hainbat proiektuk jarraitu zioten horri: Erroa argitaletxeak, Algara konpartsak, Kurkuluxetan ume guneak eta Atoan komunikazio bulegoak, besteak beste. Hogeita lau orduz euskaraz eta euskal kulturarekin bizitzeko unibertsoa eraikitzen ari dira.

Antzokia, hortaz, puzzle guztiaren pieza bat da. “Euskalgintza, kulturgintza eta herrigintza daude Kafe Antzokiaren markaren atzean”, adierazi du Urbeltzek. “Ez du itzulpenik, leku fisikoa bainoago kontzeptu bat delako”. Eraikin fisikoa Abando inguruan egoteko arrazoia, hortaz, hori da.

Autofinantzatzea eta autoeraketa dira Bilboko antzokiaren gakoa. “Autofinantzatzea esaten denean, arlo ekonomikora jotzen dugu beti”, dio Urbeltzek. Baina lehen planoan gizartearen etekina jartzen dutela azpimarratu du, eta ez ekonomikoa. Aitortu du ekonomia egoerak eragina duela proiektuak aurrera eramateko orduan, baina etekinaren neurria beste arloan jartzen dutela: “Behar den edo saretu nahi den hori ondo jostea da garrantzitsuena”.

Bilbotik Ondarroarako jauzia eman zuten 2002an. Lea-Artibai eskualdeari zerbitzua ematea zeukaten buruan. “Gehiengoa euskalduna da eskualdean, eta, hortik abiatuta, eskaintzak egitea zen genuen asmoa”. Baina ez zuten “harreman edo sinergia” egokirik sortu, eta ekonomikoki ere ez zitzaien bideragarria egin. “Saioa egin genuen, eta ehunka ekitaldi egin ziren. Baina Ondarroa ez da Bilbo”, aitortu du Etxaburuk. Iaz ateak itxi zituen.

Belaunaldi aldaketa

Urbeltzek adierazi du inoiz baino motibatuago daudela orain: “Belaunaldi aldaketa batean gaude, transmisio momentu batean”. Gizartea, euskara eta euskal kultura etengabeko mugimenduan daudela nabarmendu du, eta une oro sortzen diren beharrizanei egokitzen ari direla. “Tradizioa mantenduz garaikideak izan nahi dugu”, azpimarratu du. Ildo horretan, bada, sormen alorrean proiektu berriekin jarraitu dute. Iaz, esate baterako,Gabriel Arestiren inguruko Gabrielen lekua liburua eta Euskara jendea dokumentala bultzatu zituzten, besteak beste.