Sestao, zaharberritze energetikorako Europako proiektu batean partaide

Sestao, Europako beste bost hirirekin batera, parte hartzen ari da Eu-Gugle egitasmoan. Bost urteko epean, zaharberritze energetikorako proiektuak egin beharko dituzte, bakoitzak bere hirian. Ereduak finkatuko dituzte, epe hori igarotakoan Europa osora zabaldu ahal izateko.

Ezkerraldeko herriak, bada, 24.500 metro koadroko eremuan egingo du behar. Udalerriaren beheko aldean dago eraikina, eta Txabarri kaleko 25, 27, 29 eta 31 atariak daude bertan. Bizkaiko Labe Garaietako beharginentzat eraiki zen. Aste Santuan hastekoak dira. Bost urteren buruan, bada, eraikin horretan energia kontsumoa %56 inguru gutxiko da. 1,6 milioi euroko inbertsioa izango du. CENER Espainiako Energia Berriztagarrien Zentroak eta EEE Energiaren Euskal Erakundeak hartuko dute parte eraikina zaharberritzen.

Garapen iraunkorraren araberako materialak erabiliko dituzte: besteak beste, zura eta igeltsuzko panelak. Ura berotzeko eta berogailurako biomasa galdarak ipiniko dituzte, eguzki planak ere bai, eta kanpotik isolatzailez estaliko dute. Sestaon A motako izendapen energetikoa izango duen lehen eraikina izango da.

Beste hiriak Akisgran (Alemania), Milan (Italia),Tampere (Finlandia), Viena eta Bratislava dira. Bultzatzaileak, berriz, Europako Batasuna, beste hainbat erakunde publiko, unibertsitate eta parke teknologiko. 2020rako batasuneko kide diren estatuek energia kontsumoa %20 txikitu behar dute. Hori lotzeko ereduak asmatzea da egitasmoaren helburua. Izan ere, gaur egun hiriena da energia kontsumoaren %70; eta hirietan, etxebizitza eraikinak dira energiaren %40 kontsumitzen dutenak.

Proiektuak osotara 30 milioi euroko aurrekontua dauka. Eta sei hirietan 226.000 metro koadro zaharberrituko dituzte. Kontsumoa apaltzeaz gain, etxeetan erabiltzen den energiaren %25 iturri berriztagarrietatik hartutakoa izatea ere lortu gura dute.