“Salazartarrek menderatzen zuten eskualdea Erdi Aroan; egun, Petronor da jauntxoa”

Hil ala bizi Meatzaldean liburua aurkeztu du Meatzaldea Bizirik ekologista taldeak. 240 orrialdeko lan “kolektibo” gisa deskribatu du Tomas Angel Gonzalok, egileetako batek (Abanto, 1953). Izan ere, jende askok parte hartu du liburuan, eta kolaborazio mordoa izan dute. Meatzaldeko edozein liburu dendetan dago eskuragarri. Laster Bilbora zabaltzeko asmoa ere badute. Datorren eguaztenean, Trapagaranen egingo dute aurkezpena, Olaso jauregian, eta, barikuan, Abantoko Las Carreras auzoan.

Hil ala bizi Metzaldean. Zergatik aukeratu duzue izenburu hori?

Meatzaldean, aspalditik arazo handi bat daukagu. Meatzeen lekua da hau. Prozesua duela urte asko hasi zen, eta, meatzarien lanarekin, gutxi batzuk aberastu ziren. Esan daiteke lurralde erakargarria dela negozioak egiteko.

Petronor hemen izateak dituen ondorioak ere aipatu behar dira. Petronorren kalte guztiak guk jasaten ditugu. Liburuaren azalari erreparatuz gero, munstro moduko bat ageri da, beroki batekin. Barruan tximiniak ditu, eta horien bitartez islatu gura ditugu egunero pairatu behar ditugun arazoak.

Kutsadurari buruz ari zara?

Bai, baina ez hori bakarrik. Jendea hil egiten da. Hainbat datuk agerian uzten dute Meatzaldea dela estatuan minbizi tasa handiena duen eskualdea. Adi gaude jakiteko benetan zer gertatzen den hemen. Jaurtitzen dituzten gas eta produktu kaltegarri guztiak neurtzen saiatzen gara; gero eta kalte gehiago egiten digute.

Petronorren lan egiten duten langile askok minbizia dute. Horrez gain, gure artean dugun ginekologo baten arabera, gero eta malformazio gehiago aurkitzen dituzte haurdunaldietan.

Meatzaldeak dituen ezaugarri horiek zelan baldintzatzen dituzte eskualdeko bizilagunak?

Bizi garen sisteman, aberastasunak lortzeko Petronor bezalako negozioak jartzen dituzte. Petronor Repsolen barnean dago, eta azken hori multinazional handienetako bat da munduan. Jende askok lan egiten du bertan, kanpokoek zein bertokoek. Bestetik, herritar gisa arazoak ditugu: egun batean istripu bat gertatzen dela, bestean kutsadurak eragindako kalteak izugarriak direla… Beti bada zerbait.

Liburuan parte hartu duen lagunetako bat etxera bidean zihoan egun batean konturatu zen gainean errautsez betetako hodei bat zegoela, Petronorretik ateratzen zena. Hori gertaera bat besterik ez da. Kontua litzateke ikustea egunero zer gertatzen den. Gure artean lanean ari den emakume batek esaten du ez dakigula egunero zer-nolako gauzak isurtzen dituzten tximinietatik. Kutsadura eragiten duten eta kaltegarriak diren gasak sorrarazten dituzten produktu kimikoak jaurtitzen dituztela azaldu digu. Are gehiago, esaten dutenean garbiketak edo tratamenduak egiten dituztela, isurketak egiten dituzte ibaira. Inguru honetan bizi den jendea, oro har, kezkatuta dago. Petronorrek negozio handia egiten du, baina kalteak guretzat dira.

Herritarren indarrak Muskizko ziklo konbinatuko zentralaren proiektua geldiarazi zuen.

Bai, liburuan oso ondo islatzen den kontua da. Oso argi erakusten da herriaren borrokari esker lortu zela. 2000. urtean saiatu ziren egiten zentral termiko hura.

Geroago, baina, koke plantarekin jarraitu zuten. Baimenik gabe egin zuten planta. Eta, harrigarriagoa dena, Espainiako printzea etorri zen inauguratzera, plantak baimenik ez zuen arren martxan hasteko.

Zelakoa izan zen Muskizko planta termikoa geldiarazteko borroka? Zergatik ez da emaitza bera lortu beste proiektu batzuen aurka?

Planta termikoa jarri nahi zutenean, herri osoa berehala jabetu zen oso kaltegarria zela alde guztietatik. Horrez gain, ia alderdi guztiek bat egin zuten herritarren mugimenduarekin eta udalbatzarekin. Azkenean, herritarrek aurrera eraman zuten borroka, eta irabazi egin zuten.

Koke plantari dagokionez, sustatzaileek bazekiten ezkuta zezaketela zer izango zen planta hura. Jendea mehatxatu egin zuten, esanez jarri ezean ezinezkoa izango zela Petronorrek enpresa gisa jarraitzea. Uste zen, gainera, Petronorrek dituen lur eremuen barruan egingo zutela.

Bestalde, jendeak ez zuen gauza bat bestearekin alderatzeko sentsibilitaterik izan. Beraz, batzuk mugimenduan ibili arren, planta hori baimenik gabe egin zuten, eta jendeak ez zuen sentitu mehatxu fisikorik.

Petronorrek aurrera egin zuen, dituen baliabideekin. Inguruko ia udal guztiek haren alde egiten dute. Are gehiago, zinegotzi batzuek Petronorren lan egiten dute. Alkate izandako bateren batek ere karguak ditu Petronorren barruan. Horrez gain, koke plantan interesak zeuden estatu mailan. Beraz, mobilizazioak txikiagoak izan ziren. Dena den, gaur egun, oraindik ere irtenbidearen bila gabiltzanok ahal dugun guztia egiten ari gara: pankarta eta guzti, protesta egiten dugu astelehenero.

Zein etorkizun iragartzen diozu Meatzaldeari?

Petronorrek jarraitu egingo du behin eta berriro kalteak sortzen. Bestetik, gure mugimenduak gero eta indar handiagoa dauka. Gure borrokak aurrera egingo duela uste dut. Hala ere, horrekin ez dut esan gura erraza izango denik.

Ez dugu aldarrikatzen soilik Petronor kaltegarria dela osasunari edo ekologiari dagokionez; era horretako ereduek behin eta berriz porrot egiten dutela ere badiogu. Gu saiatuko gara erakusten ez dagoela eskubiderik egin dutena egiteko.

Meatzaldea meatzeen ingurua izan da, eta Negurin dauden ia jauregi guztiak hortik datoz. Gure harrotasuna berreskuratu behar dugu, eta geure burua defendatu. Izan ere, atzetik datozenei etorkizun hobea uzteko eskubide osoa daukagu. Lehenago, baina, erakutsi behar dugu eredu honekin ez goazela inora. Izan ere, arazoa ez da krisi ekonomikoa, sistema bera baizik. Erdi Aroan, Salazar familiak menderatzen zuten haran osoa. Gaur egun, Petronor da Meatzaldeko jauntxo feudala.

Zelan dago idatzita liburua?

Denetarik dauka: antzerkia, olerkia, eleberri txikiak, ikerketa sakona, salaketa, marrazkiak, eskutitzak…