Mungialdeko enplegu planak lana emango die eskualdeko 25 langaberi

Mungialdeko enplegu planaren barruan 25 langaberi lana emango diete. Arrieta, Bakio, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Jatabe, Laukiz, Meñaka eta Mungia herriek jardungo dute egitasmoan. Bederatzi herrietako udalek eta Mungialdeko Behargintzak sustatu dute plana. 25 langabeetatik hamabost mungiarrak izango dira, eta beste hamarrak gainontzeko herrietakoak.

Lanbiden izena emanda dauden gizon-emakumeek izango dute lanpostu hauetako bat jasotzeko aukera. Behargintzak aukeraketa bat egingo du. Besteak beste, udal behargin, gizarte zerbitzuetarako psikologo eta administrazio laguntzaile postuak eskainiko dira. Hasteko, sei hilabeterako lan kontratua izango dute.

Era berean, 2014ko lehen seihilekoan martxan jarri nahi diren proiektu ekintzaileak ere diruz lagunduko dira eskualdean: 1.500 euro jasoko ditu onartutako enpresa bakoitzak. Osotara, eskualdeko 11 proposamen laguntzekoak dira. Horietatik zortzi enpresa berriak izango dira, eta beste hiru dagoeneko martxan diren enpresetan ideia berritzaileak sustatzeko. Gainera, aukera izango dute Azpiegitura foru erakundeak Mungian duen Elkartegian lokala eskuratzeko.