“Kementsu, indartsu eta beldur barik”

Saskibaloi jokalari paralinpiarra da Asier Garcia. Eta Bidaideak BSR taldeko liderra. Zapatuko partiduan lortutako 72 puntuetatik 30 hark lortu zituen. Sekulako partida jokatu zuen, berriro ere. Eta ligako bigarren faseko gainontzeko partidetan ere indar berberarekin borrokatzeko asmoa agertu du.

“Oso talde gaztea gara. Lehen fasean, egitura osatzen eta forma ematen ibili gara. Bigarrenerako sailkatzearekin batera, hori lortu dugula esango nuke. Nortasun markatua daukagu orain. Beraz, helburu berria ligan goiko postuetan bukatzea da”, laburbildu du denboraldia hasi zenetik izandako garapena.

Onartu du aurkariak gogorrak direla, baina itxaropentsu dago: “Bizpahiru talde gu baino gorago daude, eta gainontzeko bostok maila igualtsua dugula esango nuke. Edonola ere, ligan lehen lau postuetan sartzea lortu behar dugu. Europan jokatu nahi dugu, eta hori lortzeko ahalegin guztiak egingo ditugu”.

Daniel Diazek ere gogor eta irrika berbera dauzka. Garciak baino parekotasun handiagoa ikusten du aurkarien artean:”Ez nuke esango besteen artean nabarmentzen den talderik dagoenik. Denok aukera berberak dauzkagula iruditzen zait. Gurea talde indartsua da oso, irabazteko prest dagoena eta horretarako gai dena. Eta besteak ere halatsu daude. Beraz, akats gutxien egiten duenak irabaziko du. Hori da orain gakoa”. Joan den zapatuko partidan ere, pareko maila erakutsi zuten bilbotarrek zein galiziarrek.

Konfiantza handia dute euren buruarekiko. Baina, era berean, aurkariei errespetua dietela diote. “Beldurrik ez, e? Guk gogor entrenatzen jarraituko dugu. Lehengo erritmo berberari eutsiko diogu”. Gehiago ere ezin dute, batzuek lana ere bai baitute.

Aurreko denboraldiarekin alderatuz, taldea hazi egin dela dio Diazek. “Lehen gure helburua mailari eustea zen, Ohorezko Mailan jokatzen jarraitzea. Hori badugu, eta aurrerantzean eskuratuko ditugun lorpenak gehigarriak izango dira. Edonola ere, Europako lehiaketetan parte hartzearekin amesten dugu orain. Nabarmena da jauzi kualitatiboa egin dugula”.

Kontzientzia pizgarri

Diazek, Garciak eta gainontzeko taldekideek badute beste kirolariek ez duten lan gehigarri bat: gizartean kontzientzia sortu eta euren errealitatea ezagutarazi. Bilbo Kirolak-ekin duten akordioaren parte da. Eskoletara joaten dira neska-mutilei kirol paralinpiarren berri ematera.

Bi atal izaten ditu euren bisitak. Lehenengo ikus-entzunezko bat jartzen diete ikasgelan: “Kirol motak erakusten dizkiegu, eta elbarriok nola jokatzen dugun ikusten dute. Umeek galderak egiten dizkigute”. Gero patiora irteten dira, erakustaldia egitera. Eta ikasleek ere probatzen dute.