Joera berriak ikertzen dituzte parkeko enpresek

Goi mailako teknologia garatzen duten enpresak batzen dira Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean. Ohiko enpresetatik haratago doaz, eta ikerketa, joera berriak eta produktuen garapena dituzte helburu. Bikaintasun teknologikoa bilatzen dute. Hori horrela dela, helburu horren arabera dago kudeatuta parkearen beraren egitura eta enpresak kokatzeko espazio fisikoa.

1985ean ekin zion bere ibilbideari, orduan Zamudioko Parke Teknologikoa esaten zitzaiola. Gaur egun, Txorierri eskualdean hedatzen ari da, Zamudioko lurretan ez ezik Deriokoetan ere enpresak baititu. Haren eragin ekonomikoa Bilboaldera, Uribe Kostara eta Mungialdera ere zabaltzen da.