“Inguru sozioekonomikoan pisuzkoak diren gaietara bideratuko da parkea”

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak eta Euskal Herriko Unibertsitateak bultzatu dute Leioako Zientzia Parkearen proiektua. Alde batetik, unibertsitate eta enpresen arteko harremana sustatuko duen bikaintasunerako eta berrikuntzarako gunea sortzea du helburu; bestetik,teknologia eta prestakuntza handiko lanpostuak ardatz nagusitzat dituzten enpresa berriak sortzea.

Parke zientifikoaren kontzeptua berria da Euskal Herrian. Zein da horren betebehar zehatza?

Ezagutza eta berrikuntza sortzeko ekosistema gisa ulertu behar da parke zientifikoa. Enpresak eta unibertsitatea elkar elikatzeko modua egiten du. Gertutasuna ematen diote elkarri; bata bestearen osagarri bilakatzen dira, eta, konbinazio horretatik, indartuta irteten dira hezkuntza eta beste eragileak. Horren guztiaren ondorioz, parte hartzea eta enpresa berrien sorrerak sustatzen dira.

Nola doaz eraikitze lanak?

Hainbat plataforma eraikitzen ari dira, eta espero dugu aurten Leioako gunea erabiltzen hastea. Bitartean, ikerketa lantaldeak campuseko gune batean daude egokituta, behin-behinean. Bestalde, errepidean lanak egiten ari gara. Leioako campusa eta parke zientifikoa errepide batek banatzen ditu, eta, bi guneak batzeko, saihesbide bat ari gara egiten.

Zein gai ikertuko ditu parke zientifikoak?

Materialak, eraikuntza ikerketak, bizi-zientziak, bioenergia, ingurumena, komunikazio teknologiak… hainbat gai ikertuko dira. Funtsean, gure ingurune sozioekonomikoan pisuzkoak diren gaietara ari gara bideratzen parke zientifikoaren jarduera. Behin-behinean atondua dugun guneari dagokionez, hainbat ikerketa lantalde daude martxan. Adibidez, material arinak ari dira ikertzen; zauriak sendatzeko ehunduretan aplikatu ahal izateko, esaterako. Eta nola bihurtu lehengai orain arte hondakin gisa ulertu izan diren soberakinak.

Zein ikaslek parte har dezake parke zientifikoan?

Ekintzaile izaera duen ikasle orok. Hori da lehenengo betebeharra. Ikerketen hazitegi gisako bat egiten laguntzen diogu ikasleari, ondoren hark jauzi egin dezan bere proiektu propiora. Gradu edo master amaierako proiektua egiten ari den ikasle askok ere inplikazioa bilatu dezakete hemen. Enpresei dagokienez, edozeinek ezin du lur hartu hemen. Ikerketak, balio erantsi handiko enpresek dute tokia, eta unibertsitateak badu enpresen onarpenerako batzorde bat.

Zein harreman du parke zientifikoak zientzia eta teknologia parkearekin?

2006an hasi ginen parke zientifikoaren ideiaz hausnartzen, eta, proiektua nola garatu genezakeen jakiteko, Zamudioko adituekin harremanetan jarri ginen. Lankidetzarako hitzarmen bat egin genuen 2007an, eta harremanetan gara ordutik. Herri proiektu gisa ulertzen dugu, unibertsitateak eragin behar duelako bere inguruko sozioekonomian. Guztion parte hartzearekin egingo dugu aurrera, zati askoren batuketa baita proiektu hau.