Ikastaroetatik erakusketetara

Igorreko Udala duela bost urte hasi zen margolaritza mintegiak antolatzen. Ordutik, urtean sei larunbatetan, Ines Medinak gidatutako tailerrak egiten dituzte. Saio horietan margotzen ikasi, eta beraien kontura hasi dira lanean Bizkaiko hainbat herritako hamabost emakume. Duela urtebete sortu zuten Igorreko Biziartea elkartea. Margolaritzan elkarri babesa eman eta elkarrengandik ikastea da elkarteak duen helburu nagusia. Egiten dituzten lanen erakusketak ere antolatzen dituzte.

Igorre Biziartea izena, herriari eskerrak emateko dela adierazi du Maite Artabe elkarteko idazkariak. Izan ere, Bizkaiko hainbat herritako emakumeak biltzen dira taldean: Galdakao, Areatza, Dima, Mungia, Derio, Leioa eta Bilbokoak, besteak beste. “Igorreko Udalak sorturiko egitasmo bati esker eratu ginenez, erreferentzia bat egin nahi genion izenean”. Emakumeak dira elkartean biltzen direnak, 35 eta 70 urte bitartekoak.

Medinarekin egiten dituzten mintegiak balio handikoak direla adierazi du Artabek: “Bakoitza bere prozesu pertsonala garatzera bultzatzea lortzen du irakasle gisa”. Medinak pertsona bakoitzak duen sorkuntza gaitasuna errespetatu eta bultzatzen du mintegietan, Artarberen arabera, eta garrantzi handia ematen dio horri. “Ez du margotzeko era bat transmititzen, mintegietan parte hartzen dugun norbanako bakoitzarena indartzen du”, dio elkarteko idazkariak. Eta, horregatik, talde gisa, ez dute ildo edo joera jakinik: “Gure erakusketak eta gu geu, artista gisa, oso ezberdinak gara gure artean”, nabarmendu du Artabek.

Hainbat lekutan erakutsi dute euren lanaren fruitua. Aurten, hirugarren aldiz antolatu dute Igorreko kultur aretoko erakusketa. Baina beste hainbat herritan ere jarri dituzte Igorre Biziarteko kideen obrak, Zornotza eta Areatzan adibidez. “Arte lanetan, zure izaeraren beste alderdi bat ageri da, eta erakusketekin, hori ezagutaraztea lortzen da”, adierazi du Artabek.

Elkarri laguntza ematea da elkarteak jaiotzetik duen zeregin nagusia. Artabek aitortu du artea “oso lehiakorra” dela. Hori ikusirik, elkar babesteko sortu zuten Igorre Biziartea. “Norbaitek erakusketa bat duenean denek laguntzen dugu: obrak aukeratzen, antolatzen…”. Elkarteko kideren batek egitasmo edo erakusketaren batean parte hartzen baldin badu, babesa emateko joaten dira gainontzekoak.

Jakintzak partekatzea ere bada margolari taldeak duen beste zereginetako bat: “Norbaitek teknika bat edo bestelako gauzaren bat badaki, besteekin partekatzeko geratzen gara”, adierazi du. Otsailaren 22an, adibidez, argazkigintza tailer bat egingo dute beraien artean: “Batek asko daki, eta besteak modelo lanetan arituko gara”, adierazi du Artabek barre zantzoka.

Ikertzetik mintegietara

Arestian aipatu bezala, Medinak abiatutako arte mintegi batzuetatik abiatu zen Igorre Biziartea elkartea. Medinarentzat ere lehen esperientzia izan da Igorrekoa. “Magikotzat” definitu du bizipena. Adierazi du oso bat-batekoa izan zela horrelako mintegia egiteko proposamena: “Arte plastikoen bidez autoestimua landu nahi nuen nik”. Eta emaitzarekin pozik dagoela azpimarratu du: “Jendea gustura egon da saioetan”. Igorreko esperientzia beste toki batzuetan ere egiten ari da gaur egun, BilboArten adibidez. Bigarren saioa egiten ari da aurten.

Generoa eta artearen arteko ikerketa egiten ari da Medina. Ikertzen duena gizartean aplikatzen ahalegintzen dela adierazi du. Eta, bide horretan, arreta berezia jartzen dio ezberdintasunari: “Ezberdintasunak ulertu eta adieraztea da nire lana”.