“Gehienetan arrapala ez da ibiltzen, eta geltokian geratzen naiz, zain”

Bizkarrezur bifidoa du Julen Millak (Mungia, 1994). Bizkaibus zerbitzuko autobusetan erraz ibiltzeko arazoak daudela salatu du. Hainbatetan geratu da geltokian, igo ezinik.

Zer salatzen duzu?

Astelehen, eguazten eta barikuetan Bilbora joan ohi naiz, Bizkaiko Asebi elkartera. Autobusez joaten naiz. Gehienetan, ordea, autobuseko arrapala ez dabil, eta geltokian geratu behar izaten dut, hurrengo autobusaren zain.

Zenbatero gertatzen zaizu hori?

Ia egunero; gehienetan gertatzen da. Nekatuta nago dagoeneko.

Zer esan nahi du zuretzat ia beti geltokian geratu behar izateak? Negu gorrian, gainera.

Hotz handia pasatzen dut.

Eta gidariek zer esaten dizute?

Sentitzen dutela eta hurrengo autobusari itxaron behar diodala. Dena den, errua ez da haiena.

Eta zu zelan sentitzen zara?

Amorrua ematen dit, egia esan. Baina itxarotea eta izorratzea besterik ez daukat.

Foru aldundiarekin harremanetan jarri zara, edo eurek zuregana jo dute azalpenen bat emateko?

Martitzenean etorri ziren Bizkaibusekoak. Hala ere, ni ez nengoen etxean; beraz, uste dut beste egun batean etorriko direla.

Zure salaketa publikoak eragina izan du, beraz.

Bai. Esan dutenez, ez zekiten horren sarri suertatzen zirela arazoak arrapalarekin. Gidariek, bada, bazuten arduradunei jakinarazterik arazo horiek gertatzen zirela.

Zuk zer eskatzen duzu?

Arrapalak konpontzea eta egunero iritsi ahal izatea Bilbora, garaiz, eta ez beti berandu, orain bezala.

Autobus guztiek arrapala daukate?

Gehienek bai. Bermeotik eta Bakiotik datozen autobusak dira ez daukatenak. Mungiatik Bilbora zuzenean doazenek badaukate. Batzuek, ordea, ez dute funtzionatzen. Ez dut ulertzen zergatik ez dituzten konpontzen.

Foru aldundiak dio 2015erako autobus guztietan ibilerraztasuna bermatuta egongo dela.

Ez dakit zer esan. Haiek zerbait esan behar dute.

Esan izan duzu trena berriz Mungiara itzultzea beste aukera bat izango litzatekeela.

Bai, zalantzarik gabe. Mungian lehen bazegoen trena; orain ere egotea izugarri ona izango litzateke guretzat.

Zure egoera berean dagoen beste norbait ezagutzen al duzu?

Mungiako beste pertsona baten kasuaren berri badaukat. Inork ez du protesta egiten, ordea. Nik egin dut, horrela ezin gaitezke egon eta.