Elorrioko hainbat herritarrek Gorenera eramango du HAPO

Elorrioko Auzoak Koordinakundea Espainiako Auzitegi Gorenera jotzeko bidean da, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak nekazari izaerako lur eremu batzuk industriarako urbanizagarri bihurtzeko aurreikusten duen erabakia atzera botatzeko eskatzeko. Izan ere, EAEko Auzitegi Nagusiak ez die onartu HAPO barruan Pulla Azkarreta eremuari dagokion erabakiaren kontra jarritako helegitearen zati hori. Xabier Zarandona koordinakundeko idazkariak azaldu du “kezkatuta” daudela. “Bertoko alderdi abertzaleek ez dute defendatzen lurzoru horren izaera eta estatuko epaitegietara jo behar izan dugu ea ingurumenarekiko sentsibilitate handiagoa erakusten duten ikustera”.

2001az geroztik ibili dira Elorrioko udal gobernuan Hiri Antolamendurako Plan Orokorra osatzen. Euskal Herritarrok alderdiak hasi zuen, ostean EAJk jarraitu zion, geroago EAE-ANVk onartu zuen plana —2011n— eta, egun, EAJk plan horrekin beharrean jarraitzen du.

“Espekulazio” zantzua antzematen dio koordinakundeak aferari. Izan ere, azaldu duenez, 2001 aldera “Sprilur sozietate publikoa agertu zen Elorrion, HAPO eta Durangaldeko Lurralde Zati Plana osatu eta onartu baino lehen”. “Nekazari lurrak erosten hasi ziren. 21 hektarea inguru erosi zituzten”. Jabe guztiek ez zituzten euren lurrak saldu, baina sozietateak erosi nahi zituen guztien “%60 inguru” eskuratu zituen. Saldu ez zituzten lurretako askotan egun “landaketa ekologikoa garatzen dute edo baserritarrek erabiltzen dituzte”, besteak beste.

Orduz geroztik, udalean egon diren alderdi guztiek “premisa berari” eutsi diotela salatu du Zarandonak: Pulla Azkarreta eremuko “nekazari lurretan industrialde bat egin behar dela diote guztiek”.

Erabaki horrek, baina, herrian “polemika sortu” zuela ekarri du gogora. “Elorrion degradatutako lur asko dago hiriko hutsuneetan; lantegiak izandakoak, besteak beste”. Sprilurrek, baina, lur horiek ez zituela nahi izan salatu du. “Epaiketan bertan argi eta garbi esan zuten: ‘Nolatan hasiko gara, baina, eremu horietan kutsadura kentzen? Kostuak oso handiak lirateke’. Beraz, herri osoa degradatutako hutsunez beterik utzi gura dute, kostuak handiak liratekeelako eta nekazari erreserbarik berdeena hartu nahi dute merkeago ateratzen zaielako?”.

Ingurumena babesteko arrazoi horrez gain, baina, beste argudio batzuk ere jaso ditu Auzitegi Gorenera bidean daukaten helegiteak. Hain zuzen, Zarandonak azaldu duenez, “Sprilurrek lur horiek erosi zituenean Durangaldeko Lurralde Zati Planean (LZP) ez zen ezer jasotzen eremu horiei buruz. Lurraldeko Baso arloko Planak (LBP), ordea, nekazari balio handia aitortu zien”.

LZP behin-behinean onartzeko prozesuari 2008an ekin zioten. “2011n behin betiko onarpena eman zitzaion, hain justu, udalak HAPO onartu baitzuen. LZPn, lur eremu horiei zegokienez, orban bat ageri zen, eta, beharrezkoa balitz, eremu horretan enpresak sor zitezkeela zioen. Kasualitatea ote da?”, egin du galdera Zarandonak.

Lurralde Zati Planaren eta Lurraldeko Baso arloko Planaren artean, beraz, “kontraesana” sortu zen. Bigarrenak, ordea, “ez zuen behin-behinekotasunetik aurrera egin. Ez diote behin betiko onarpena eman”. Epaia ez dela “mamian sartu” uste du.

Udala ez da iritzi berekoa

Auzitegi Nagusiak Lurraldeko Baso arloko Planaren irizpideari jarraitu beharko liokeela uste du koordinakundeak, hasieratik “ideia berari eutsi diolako”. Udala, ordea, ez da iritzi berekoa. Joseba Mugika Hirigintza zinegotziak hala dio: “Lurraldeko Baso arloko Plana ez dago onartuta; behin-behineko onarpena besterik ez du. Horren gainetik dago LZP, eta horrek industrial gisa jasotzen ditu lur horiek. Horregatik, Auzitegi Nagusira jo zutenean ez genuen ulertzen oso ondo erabakia, ikusten baitzen bide motza zuela helegiteak. Are zentzu txikiagoa du, gure ustez, Gorenera jotzeak, jakinda lurraldea antolatzeko tresnek nola jasotzen duten eremu horien bokazioa. Uste dugu ez duela ez hanka ez buru onartuta ez dagoen plan bat, balio juridikorik ez duen plan bat, erabiltzeak. Epaileak horretan oinarritu du bere epaia”.

Mugikak ezeztatu egin du Lurralde Zati Planak beren-beregi barneratu izana eremu horiek industriarako izaera izateko aukera. “HAPO eta LZP, biak, garai bertsuan garatu ziren. Plan orokorrarekin urte mordoa ibili ginen. LZPren tramitazio faseak HAPOren onarpena baino pixka bat lehenago gauzatu ziren. Ez da egia eurek diotena. Izan ere, epeei erreparatuz gero, paretsu joan ziren, baina LZP ez zen moldatu lurren izaera hori jasotzeko. LZP, gainera, ez du udalak egiten, Eusko Jaurlaritzatik landutako dokumentua da. Udalak alegazioak egin ditzake, baina ez dauka eraginik dokumentu horretan”.

Espekulazio zantzuei dagokienez, horrelakorik ez dela izan esan du. Gogora ekarri du HAPOk udaleko ordezkari guztien babesa izan zuela, “zinegotzi independente batena izan ezik”. “Ikuspegi politikotik, beraz, berme guztiak ditu. Hirigintza proposamen honen atzean espekulazioa dagoela esatea errealitatea aldatzea da erabat”.

Mugikaren ustez, hirigintza proposamen hori “ezinbestekoa da etorkizunean herri honetan garapen ekonomikoa suspertzeko, lanpostuak sortzeko eta herrira aberastasun sozial eta ekonomikoa erakartzeko”. Horretarako beste lurrik ez dagoela ohartarazi du, gainera, Hirigintza zinegotziak: “Dauden lurrek jabeak dituzte edo ez dira garapen industriala mamitzeko batere aproposak”.

Udalak, bestalde, herritarren artean “polemikarik ez” dagoela deritzo. “Herriak gatazka hori gainditu zuen. Bizilagunek onartuta daukate. HAPO onartu zenean, ordura arte zegoen iskanbila baretu egin zen”, esan du. Gorenean, bada, ez dio biderik aurreikusten Auzo Koordinakundearen helegiteari.

Arrazoia koordinakundeari

Bestalde, EAEko Auzitegi Nagusiak HAPOren kontra jarritako helegitearen zati bat onartu dio Auzo Koordinakundeari; San Bizente Zabaletako lur eremuari dagokiona, hain justu. Eremu horri “hiri lurzoru izendapena kentzea” ebatzi du, “betidanik hiri-lurzoru industriala izan baita, oso kutsatua gainera”, azaldu du Zarandonak.

Epai hori irmoa da. “Sententziak ez du esaten industriara edo etxeak egitera bideratu behar den. Udalak erabaki behar du zein erabilera eman gura dion”. Erabilerei buruzko erabakiak “berriz ere kalkulatu” beharko dituztela esan du. Izan ere, “erabilera industriala ematen badiote, industriara bideratutako lurren kopurua deskontatu egin behar dute Pulla Azkarretatik. Etxeak eginez gero, beste horrenbeste etxebizitzen plan berezitik”.

Udalak, oraingoz, ez du erabakirik hartu. Zinegotziak adierazi duenez, “lur horien bizitegi erabilera aurreikusita zegoen arren, erabakia hartzeke dago, eta ez dagokio Alkatetzari soilik”.