Ekaitzaren erdian, barealdia

Baikortasun izpi batzuk ageri dira Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean. Ezin esan bertako enpresak krisitik libre direnik, baina datu positibo batzuk lortu dituzte motelaldiaren erdi-erdian. Egoitza Zientzia eta Teknologia Parkean duten enpresen kopurua%2 igo da, eta langile kopuruak ere gorakada xume bat izan du: %1. “Zer gertatu da, berrikuntza eta ikerketaren aldeko apustua egiteak enpresak lagundu dituela? Datuek horixe diote. Abangoardian eta inkubazioan diren enpresek hori ageri dute”. Jose Miguel Corres da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Parke Teknologikoen sareko presidentea. Baikor berba egin du datuak baloratzeko orduan, baina gogora ekarri du orain arte argitaratutako azken datuak 2012koak direla. Datorren martxorako eskuartean izan gura dituzte iazko datuak. Oraintxe ari zaizkie inkestetako emaitzak iristen.

Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako harrobia. Halaxe uler daiteke Zientzia eta Teknologia Parkearen jarduera. Corresen esanetan, Bizkaia eta beste lurralde historikoak “berritzaileak dira”, baina, oro har, ez dago horren kontzientziarik. Alde horretatik, ikerketaren eta garapenaren garrantzia nabarmendu du. “Duela hogei urte, esaten genuen EAEri puntu bat falta zitzaiola euroguneko batez bestekoan egoteko. Gaur egun, gainetik gaude, eta zer esanik ez Espainiarekin alderatuz gero”. 2012ko datuen arabera, eurogunekoa baino zazpi hamarren handiagoa zen autonomia erkidegoko I+G inbertsioetako indizea: barne produktu gordinaren %2,08. Eustaten azken datuen arabera, horiek ere 2012koak, Bizkaiko BPGaren %1,9 zen ikerketa eta garapenaren pisua. Gipuzkoak egindako inbertsioak ahalbidetu zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datu bateratua eurogunekoaren gainetik egotea.

Eusko Jaurlaritzak egindako azken adierazpenek diote 2015erako hasiko dela enplegua sortzen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Corresek, urrats bat urrutirago joan, eta baikortasuna agertu du beste behin. “Hara, sinetsita nago: ekonomiak dioena baino askoz lehenago irtengo da Euskadik krisitik, ziur nago. Sinesten dugu gure langile eta enpresarietan, gure herrian, gure ekonomia sarean. Orain da sasoia berritzaileak garela eta teknologiarako prestatuta gaudela frogatzeko”.

Hori lortzeko bidean, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen jarduna “giltzarria” izan daiteke. Sektore eta izaera askotako enpresak daude han, betiere joera berrien, ikerketaren eta garapenerako norabidean. Tartean, badira Espainiako burtsan, Ibex-35 indizean, parte hartzen duten konpainia handiak. Beste asko enpresa txikiak dira, gehienez hamar lankide dituztenak. Inkubazio fasean daude; alegia, merkatura irten baino lehenagoko fasean, garatu nahi duten proiektuaren bideragarritasuna eta arrakasta bermatzeko fasean. Ikuspegi multinazional batetik aztertuta, Bizkaiko eta Euskal Herriko mugak iragan eta nazioartean eragiten duten enpresa mordoxka bat dago bertan.

1. IKT

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) informatika eta software gaiekin lotzen badira ere, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean bigarren buelta ematen zaio kontzeptuari. Ikertzen dute ea nola aplika daitezkeen IKTak ohikoak diren produktu teknologiko eta industrialetan. “Alegia, hemen ez da sortzen IKTa bera produktu gisa; baina bai sortzen dira IKTak produktuaren garatze prozesuan laguntzeko”. Gutxi gorabehera, 606 milioi euro mugitzen ditu IKTen sektoreak Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean. Corresen arabera, “IKTen munduko enpresa garrantzitsuenak daude hemen, ZIV taldea eta Velatia taldea, kasurako. Elektronika eta energia arlorako IKTak garatzen dituzte, sektore aeronautikoari begirakoak asko”.

2. Medikuntza eta biozientzia

Osasun eta bizi-zientziekin zerikusia duten enpresei bioenpresa esaten zaie. Medikuntza eta IKTak konbinatzen dituzte produktuak diseinatzeko orduan, eta haien esparrua gertuago egon ohi da zientzia jakituriatik, merkatu ekonomikotik baino. “Demagun diabetes gaiak ikertu nahi direla. Bada, bioenpresek IKTak garatzen dituzte norbanako baten intsulina maila egokia ote den ala ez jakiteko. Edo kartoizko kutxa bateko hezetasuna neur dezakete IKTen bitartez, adibidez, kartoiaren egoerak ez dezan okerrera egin. Adibiderik ulerterrazenak dira, baina gauza oso harrigarriak garatzen dituzte”, azaldu du Corresek.

Orain, biozientzia arloko enpresa gutxi batzuk baino ez daude parkean, inkubazio fasean baitaude. “Oraindik, gutxi ikusten dira tankera honetako enpresak, sektore honen aldeko hautua egiteak asko arriskatzea eskatzen baitu”.

3. Aeronautika

“Duela hogei urte, ez genuen ezer ere ez aeronautika gaietan. Krisi garaia zen ordukoa ere. Baina apustua egin, eta egoera irauli ganuen. Gaur, hegazkinen ekoizpeneko hornitzailerik handienetakoak gara munduan. Hemen daude, besteak beste, Aernnova eta ITP”, nabarmendu du Corresek.

Hegazkin komertzial eta militarrentzako piezak egiten dituzte parkean behar egiten duten aeronautika enpresek: besteak beste, motorrak, garlingak, zehaztasun handiko piezak eta beste atal batzuk ekoizteko trokelak. “Eskakizun handiko industria da aeronautikarena, segurtasun proba ugari gainditu behar izaten dituena”. Parkeko enpresek nazioarteko hainbat hegazkin fabrikatzaile hornitzen dituzte: Embraer —Brasilgo aeronautika enpresa nagusia—, Boeing, McDonell —AEBetakoa— eta Israelgo Aeronautika Industria dira bezeroetako batzuk.

4. Energia

Gamesa da parkean pisu ekonomikorik handiena duten enpresetako bat. Bizkaian bulego nagusiak soilik dituen arren, munduko erreferentzia da aerosorgailuen ekoizpenari dagokionez. Energia eolikoaren ikur da nazioartean. Iazko abenduan, Espainiako burtsako Ibex-35 indizean sartu zen.

Corres erabat ziur dago etorkizunera begira zeresan handia emango duen sektorea dela. “Hortik etorriko dira joera berriak. Hortik, eta baita fabrikazio aurreratuko zentroetatik ere”, aurreikusi du. Lehiakortasuna eta efizientzia garatzeko prozesua da fabrikazio aurreratua; manufakturarekin berarekin zerikusia du, eta ekoizpen plantan aplikatzen da.