Dantzan, osasuntsu

Dantza ikastaroa

Areatza

Dantza Asteburuak jardunaldiarekin gerturatuko da bihar Aiko taldea Arratiara. Asteburu osoan ibiliko dira Areatzan dantzaren inguruko jarduerekin.

Jota saioak nabarmenduko dira bihar eta igandean. Dantza Asteburuen helburua “estilo tradizionalean dantzan ibiliz, ariketa osasungarria egin nahi duten pertsona guztiak biltzea da”, antolatzaileek azaldu dutenez. Ekinaldiak bi parte ditu: bihar iluntzekoa eta igande goizekoa.

Bihar Arratian hasiko duten jardunaldian, “bakoitzak bere neurrikoa aukeratu ahal izateko bi proposamenekin” agertuko dira Aiko taldekoak. Batetik, apaindurak eta inprobisazio jota lantzeko aukera dago. Bestetik, jotaren oinarriak jorratuko dituzte emanaldiotan parte hartzen dutenek.

Lehenengoari dagokionez, helburua da jotak sormenerako eta jolaserako dituen baliabideak aztertzea, ikustea eta frogatzea. Hainbat urtetan jota dantzatzen daramatenen artean apaindurak ikasi nahi dituztenentzat dira. “Baita pausoekin, egiturekin eta musikarekin batera inprobisatzen ikasi nahi dutenentzat ere”.

Jotaren oinarriak atala hautatzen dutenek, jotaren oinarriak aztertu, ikertu eta landuko dituzte. Jota dantzatzen trebeak zein hasiberriak direnek har dezakete parte.

Ikastaro biak aldi berean emango dituzte. Beraz, bi taldetan banatuko dituzte parte hartzaileak. Ariketetako batzuk, baina, elkarrekin egingo dituzte.

Ikastaroaren prezioa 50 euro da. Parte hartzeko, izena eman behar da aldez aurretik, izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu eta erabaki zein ikastarotan parte hartu gura den. Aikoren kontu korrontean sartu behar da dirua.

EGITARAUA

Larunbata. 16:00etan, gelen banaketa eta izen ematea. 17:00etan, aurkezpena, Areatzako udaletxean, eta ikastaroen hasiera. Bukatzean, dutxa, afaria eta afalondoko guatekea.

Igandea. 10:00etan hasiko dute berriz ere ikastaroa. 12:30ean, Kepa Artetxerekin dantzan. Bukatu eta gero, dutxa hartu eta bazkaldu egingo dute, agurrari ekiteko.