BARREAK ETA HAUSNARKETA, BIAK BAT

Durangoko Azokan estreinatu ondoren, hainbat herritan egin du geldialdia Dxusturi konpainiaren Konpota bakarrizketa saioak. Gaur Elorriora iritsiko da, Arriola antzokira, 22:00etan. Eneritz Artetxe du protagonista; zuzendari lanetan, berriz, Pablo Ibarluzea ariko da. Pertsonaia bakarra dago agertokian, eta, aktoreak berak azaldu duenez, “denetarik” aurkitu daiteke taula gainean; “umorea eta hausnarketa batzen ditu lanak”. Phillipe Gaullierrena da jatorrizko lana, eta haren obra bat euskaraz taularatzen den lehen aldia da. Antton Lukuk egin du testuaren itzulpena. Irudian, Artetxe aktorea, antzezlanaren une batean.