Andre elbarrien aurkako genero indarkeria jomugan

Bilboko Udalak eta Fekoor Urritasun Fisikoa edota Organikoa duten Bizkaiko Pertsonen Koordinakunde Federazioak protokolo berri bat sinatu dute, genero indarkeria paira lezaketen emakume elbarriak atzemateko. Protokoloan, jasota daukate indarkeria kasuen berri jakinez gero emakume horiek nora bideratu eta zelan lagundu.

Helburua emakume horiei arreta integrala eskaintzea da. Protokoloaren berri ematean, udalak jakinarazi du aurrerantzean, horrelako kasu baten berri izatean, kontuan hartuko dituztela elbarritasunen edo urritasunen bat duten emakumeen behar bereziak. Besteak beste, informazioa jasoko dute erabakitzeko “zein polizia etxetara joan behar duen emakumeak, udaltzainek emakumea eramateko ibilgailu egokitu batez bertaratu behar duten edo emakumea bidali beharra dagoen egokitutako baliabideetara”.

Indarkeria egoeraz jabetu bezain laster jarriko dute martxan protokoloa, eta indarrean egongo da “premiaz jardun behar den arte; hau da, salaketa jarri edo babes agindua eskatu arte, edo arreta soziala jasotzea eskatu arte”. Udalak jakinarazi duenez, biktimak baztertzen baditu eskainitako aukera horiek, “indarkeria kasua detektatu duenak, behintzat, kasuaren jarraipena egin beharko du”.

Europako herrialdeetan elbarritasun edo urritasunen bat duten emakumeen %80 genero indarkeriaren biktima direla azaldu du Bilboko Berdintasun Sailak. Urritasunik ez duten emakumeek baino lau aldiz arrisku handiagoa dute indarkeria mota horren biktima izateko.