Ai, ikurrak!

Hilabete luzetxoa falta da oraindik St. Patrick’s egunerako, baina garagardo zaleak hasi gara jada atzerako kontuarekin. Eta kontua ez da munduko mingots gozoenaz gozatzeko aitzakiarik behar dugula, baina ospakizunak inportanteak dira. Egun batzuk besteak baino egunago bihurtzea, Gotzon Barandiaranek idatzi zuen bezala. Ikurrak bezain inportanteak dira ospakizunak.

Eta beste hamaika konturekin gertatu legez, New Yorken egiten den desfilea munduko handiena da. Inoiz baino berdeago ageri da sagarra martxoaren 17an eta, bereziki, Fifth Avenue ezaguna. Berde iluna, berde argia, tonu guztietako berdeak, baina dena orlegi; eta airea Happy St. Patrick’s!-ez kutsatua. Baina ez dakiokeela irlandarregia den irlandar bati “Pádraig go brách!” oihukatzea bururatu, agian amerikarregia den amerikar bat iraindua senti daitekeelako. Estatu Batuetan ingelesez, eta kito.

Duela bi aste ospatu zen Superbowleko Coca Colaren iragarkiak eragindako erreakzioekin argi geratu zen hori. Herrialdearen ereserkitzat kasik daukaten America The Beautiful (Amerika ederra) kantua hizkuntza desberdinetan abestuta entzuten zen horretan, eta ulertzen zaila den zalaparta sortu da horren ondorioz, komunikabideetan ere agertzeko modukoa. Kantu hori ere ezin baldin bada ingeles hutsez mantendu, akabu inperioa, antza. Ai, ikurrak!

Ideologikoki aurrerakoiak diren askok ere arbuiatu dute iragarkia, helburu ekonomiko hutsekin gizarte-maila ahulenak, imigranteak, erakarri baino ez zutela egin gura argudiatuta. Eta, seguru asko, hala zen. Baina zer espero zuten kapitalismoaren paradigma den herrialdeko enpresa sonatuenetarikoaren publizitatetik —are gehiago, urteko telebista-segundorik garestienetan—? Mezu etikoak? Bada, zeharka bada ere, horrela izan da.

Ildo bertsuan, Bill de Blasiok, New Yorkeko alkateak, esan berri du ez dela St. Patrick’s-eko desfile famosora joango erakunde antolatzaileak homosexualen ikurrak onartzen ez dituelako. “Ongietorriak dira homosexualak —esan dute—, baina ez dute zertan ikurrik eraman”. Jai berdea kolore larregirekin ez urardotzearren izango da.

Litekeena da De Blasiok hauteskundeak eta bozkatzaileak izatea gogoan, ez homosexualekiko errespetua. Ideiarik ez. Edozelan ere, biba hi, Bill, eta gora kopak! Baina ez dezagun garagardo irlandar batekin egin topa, marroizkak baitira gehienak. Coca Cola batekin egin dezagun, ezen nahiz eta hori ere marroizka izan, sortu zutenean, botila berdeetan saltzen hasi ziren. O, paradoxa.